Big Data kudeatu eta ustiatzeko tresnak
Egileak
Leire Urcola Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Doktore eta Eskola Titularra da; Leire Aldaz Fakultate bereko Doktore eta Titularra da.
Helburuak
Gaur egun, datu kopurua era ikusgarrian ari da handitzen. Egunero datu kopuru izugarria sortzen da, makina bat joera teknologikoren ondorioz, neurri handi batean. Joera horien artean nabarmendu behar dira, besteak beste, sare sozialak, hodeiko konputazioa (cloud computing), banda-zabaleraren hazkundea eta Internet konexioen kostu-murrizketa, gauzen Interneta eta geolokalizazioa. Teknologia horiek indarrez sartu dira, oro har, gizartean eta, bereziki, enpresa eta erakundeetan.
Enpresaren eremuan, datu kopuru handi edo Big Data hau erabil daiteke erabakiak hartzea hobetzeko. Baina negozio-adimenean (Business Intelligence) erabiltzen diren ohiko tresnek datu masibo horiek biltegiratzeko eta aztertzeko mugak dituzte. Beraz, ezinbestekoa izango da datu horiek biltegiratzea eta analisi egokia egitea ahalbidetuko duten tresna berriak erabiltzea.
Liburu honen helburua da bulegotika-ingurunean datu kopuru handiak biltegiratu eta aztertzeko aukera eskaintzen duen tresna bat ezagutzera ematea: Power BI, hain zuzen. Business Intelligence (BI) soluzio hori era integratuan erabil daiteke Microsoft-en bulegotika suitearekin. Software hori Microsoft Excel-en beste osagarritzat aurkezten da, eta lau osagai ditu: Power Query, Power Pivot, Power Map eta Power View. Osagai horien artean, Power Pivot da datu kopuru handien analisi eta ustiaketara zuzendutako osagarria, eta, ondorioz, hori izango da liburu honetan xehetasun-maila handiagoan deskribatua.
Norentzat
Gaur egun, ezinbestekoa da edozein arlotan informazioaren azterketa eta ustiaketarako tresnak ezagutzea. Hori dela eta, liburu hau edozein jakintza-arlotara zuzenduta dago.
Edukia
Hona liburuaren egitura. Lehenik, Big Dataren ezaugarri nagusiak deskribatzen dira. Horren ondoren, Business Intelligence-ko soluzioak erabiliz erabakiak hartzea hobetzeko joera berriak aipatzen dira. Ondoren, Microsoft-eko Power BI tresna aurkezten da. Eta, azkenik, Excel aplikazioko Power Pivot osagarriak biltzen dituen aukerak deskribatzen dira; xeheki deskribatu ere.
Urtea
Gaia
ISBN
Deskargatu
OHARRA: dokumentu guztiak PDF formatuan. PDF irakurgailu bat beharko duzu dokumentuak ikusteko.
Big Data kudeatu eta ustiatzeko tresnak
pdf, 2 MB