Argien mendea
Egileak
Esteban Antxustegi Igartua, Filosofía Moral eta Politikako irakasle titularra esteban.antxustegi@ehu.es 943-015555 Cristina Lasa Otxoteko, Estetikako irakaslea cristina.lasa@ehu.es 943-015543
Helburuak
Argien Mendeko pentsalariak "aurre-iraultzaileak", "zientzilaria adoretsuak", "bufoi berriak", "erromantikoen aitzindariak", "burgesia berriaren intelektualak"... izan daitezke, Filosofia Politikoaz, Etikaz edo Estetikaz ari bagara, eta jardunaren arabera. Alabaina, autore horiek ez dute multzo homogeneoa osatzen, ez proposatu zituzten nozio eta teoriei dagokienean, ezta eraman zuten jarrera pertsonalari dagokionean ere. Gainera, haien idazkiak literatur genero desberdinekoak dira -artikuluak, entseguak, antzerkiak, libeloak, ipuinak, eskutitzak-, eta ezin hobeki adierazten dute euren garaikoekin etengabeko eztabaidan ari zirela, eta etorkizunari begira idazten zutela ere, baliabide erretorikoak maisuki erabiliz.
Izan ere, aldaketa handiak ematen diren garaietan -Argien Mendean, adibidez-, baliabide erretorikoak izaten dira, askotan, autoreen pentsamenduaren adierazle: edo zentsura saihestu behar delako, edo proiektu berriak oraindik txertatuegi daudelako lehengo ereduetan, edo proposamen berrien aldarrikapenari indarra emateko.
Hala ere, XVIII. mendeko autoreak, Argien Mendeko autore "ilustratuak", hain zuzen, oso modu orokorrean lantzen dira eta, askotan, jatorrizko testuak irakurri beharrean, bigarren iturri batek defendatu nahi duen jarreraren arabera aurkezten dira filosofo horiek. Rousseauren "basati zoriontsua"ren mitoa, Elizaren kontrako Voltaireren "eraso suntsitzailea" [écrasez l'infàme] edo Dideroten "ateismo materialista" dira horien adibide batzuk.
Hori horrela, proiektu honetan XVIII. mendeko pentsamentu kontraesankorra, paradoxikoa, positibista, lotsagabea batzuetan, lantzen da irakurketa poliedrikoa eginez. Hortaz, normalean bananduta lantzen diren alderdi desberdinak -politikoa, etikoa, estetikoa, erretorikoa...- bildu, euskaratu, eta EHUko ikasmaterialen sarean jartzea da bilduma honen helburua, ikasleen eta irakasleen probetxurako.
Norentzat
Irakasgaiekiko loturari eta erabiltzaile-kopuruari dagokienez, proiektu hau Humanitateekin zerikusia duten jakintza-arloei (Literatura, Politika, Zuzenbidea, Filologia, Filosofia, Erretorika, Etika, Estetika, Historia, Psikologia, Pedagogia, Soziologia Antropologia, Hezkuntza edo Kazetaritza, besteak beste) zuzenduta dago. Hala ere, euskarazko ikasketak baldintza hobeagotan eta baliabide gehiagorekin egiteko apustuaren barnean txertatzeaz gain, bilduma honek literatura eta pentsamendua uztartu eta gai horietan zaletuak direnen gozamenerako baliabide bat eskaini nahi du.
Edukia
Gure lehenengo testua Dideroten galdera bat da, eskutitz modura idatzita. "Galdera" horiek Europan zehar bidaiatzen zuten, mende hartako espirituak jakin minari leku berezia eskaintzen ziolako. Bigarrena, ditiranbo bat da, lirikoa, alegia. Dideroti hiru urtetan segidan suertatu zitzaion errege-koroa Errege eguneko ospakizunetan. Abdikatu nahi zuen eta, bide batez, askatasunaren apologia bat egin ere: Les Éleuthéromanes (Askatasunaren zale amorratuak).
Voltaireren kasuan, bi ipuin aukeratu ditugu: lehenengoa elkarrizketa bat da, "basati" baten eta "batxiler" baten artekoa, hain zuzen. Solasaldia satira dibertigarri bat da, ironiaz josita, eta bat-bateko amaierak adierazten du Voltaireren basatiaren eta zibilizatuaren nozioak zalantzan jartzeko intentzioa. Bigarrena, kontakizun bat da. Ingalaterrako ohiturak eta espiritua adierazteko, umore bereziaz jantziriko elkartze-solasaldi bat da.
Rousseau, hiruetan zailena da estilo aldetik sailkatzen. Arazoak ekar zekizkiokeela ohartarazita egonik ere, Rousseauk Bikario Savoiarraren Fede-Aitortza bere Emilio, edo Heziketari buruzkoan sartu izana, guztiz koherentea da gizaki eredu berri bat sortzeko proposamenarekin, zeinaren hezkuntzan prestakuntza moralari ezinbesteko irizten baitio. Argi dago hori testuan, Bikarioaren aitorpen zintzoaren bidez azaltzen zaigunean nola aditu eta ezagutu kontzientziaren lengoaia, Rousseauk defendatzen duen gizaki berriaren gidaria dena, azken buruan. "Kontzientziari darraiona naturaren esaneko da eta ez du galtzeko arriskurik" dio Bikarioak. Kontzientzia da, naturak gizakiarengan, bitartekorik gabe, jarri duen tresna egia sakonenetara iristeko eta, aldi berean, moraltzat jo daitekeen edozein giza ekintza oinarritzen duen funtsa.
Urtea
Gaia
ISBN
Deskargatu
OHARRA: dokumentu guztiak PDF formatuan. PDF irakurgailu bat beharko duzu dokumentuak ikusteko.