Practicum behaketarako tresna

Egileak

Pello Urkidi Elorrieta (autore eta zuzendaria); Gorka Ormazuri; Carmen de las Cuevas eta Karmele Bujan.

Helburuak

Orokorrean, Magisteritza Eskolako Practicum emborrezko iragasgaia bideratu behar duten irakasle nahiz ikasleei ikastetxeko eta gelako behaketa egiteko tresna erabilgarri bat eskaintzea da. Bereziki azpimarratu nahi izan duguna gelako behaketa izan da, horregatik puntu horretan arreta berezia jarri dugu.

Behaketarako gida hau modu malguan eskaini izan dugu bi zentzuetan. Alde batetik tresna ireki eta dinamiko bezala eskainiz, eta bestetik -dokumentu osoa oso mardula ez izan arren- web-etik zatika jaisteko aukera emanez.

Norentzat

Esan dugun moduan, lehenik eta behin, Magisteritza Eskolako Practicum I eta Practicum II irakasgaiak egiten duten ikasle nahiz hauek tutorizatzen dituzten irakasleentzat.

Beste zenbait kasu Irakaskuntzarako Egokitzapen Ikastaroa ikasle eta irakasleentzat oso erabilgarria gertatu daiteke, Ikastetxeen Practicum bideratu ahal izateko. Pedagogia zenbait kasuetan ere erabilgarria izan daiteke.

Edukia

Hiru ataletan egituratu dugu gida (Ikasleen aurriritziak, Ikastetxearen behaketa eta Gelaren behaketa), garrantzi gehiena gelaren behaketari eman badiogu ere. Izan ere, azken urteotan, eta arrazoi ezberdinengatik, ikastetxeari buruzko informazioaren bilketak gero eta garrantzi handiagoa zeukan. Hemen ere kontuan hartu dugu Practicumeko egonaldiak eta lanak -memoriak, alegia- muga batzuk dituela eta ezin dela dena eskatu: hautaketa egin behar dela. Alde horretatik, eta hezkuntza-sistemak irakasleen egungo lanean duen eragina onartuz, alderdi pedagogikoa izan da gehien landu duguna. Unibertsitateko tutorearen eskuetan gelditzen da hautaketa ikaslearen memoriari begira: aurkezten diren material guztiak gainetik landu, edo aldagai pare bat edo hartu eta sakondu. Hautaketa hori egiteko P I edo P Ian aritzea kontuan hartu beharrekoa izango litzateke.

Aipatutako gidaren hiru atalak hauexek dira:

  • A). Ikasleen aurreiritziak: oinarrian, eskolan lehenengo hartu-emana izan baino lehen ikasleen aurreiritziak, kezkak, beldurrak e.a. ezagutzeko balio du. Lehenengo bileretan nahiz Practicumeko egonaldia bukatu ondoren, konparazio eta aldaketak ikusteko oso baliagarria izan daiteke.
  • B). Ikastetxearen behaketa: arestian esan dugun moduan ez da gure asmoa, besterik gabe, ikastetxearen informazioaren bilduma bat egitea. Puntu honetan, eskolako irakasleek gelako lanari begira garatu behar dituzten zenbait eginkizunetan zentratu gara: bilera-motak, espezialistekin koordinatzea, beste irakasleekin harremanak izatea, klaustroak, gurasoekin harremanak izatea, e.a.
  • C). Gelaren behaketa: Hemen, Antoni Zabalak (1995) egindako azterketa hartu dugu oinarritzat. Bere iritziz, hezkuntza-praktikan sei aldagai hauek dira garrantzizkoenak: jardueren sekuentziazioa, irakasle-ikasle eta ikasle-ikasle harremanak, gelako dinamika soziala eta espazioaren eta denboraren antolamendua, edukien antolamendua, ikasmaterialak, eta ebaluaziorako irizpideak.

Guk sei aldagai hauek bostean bildu ditugu, edukien antolamendua eta jardueren sekuentziazioa aldagai bakarrean batuz. Gure iritziz, bi horiek oso harreman zuzena dute gelako programazioarekin eta interbentzioarekin, batez ere unitate didaktiko baten garapenarekin, P II.an gehiago sakontzen diren esparruekin, alegia. Hemen, beraz, abiapuntu orokor bat nahikoa dela uste dugu.

Beraz, guk proposatzen ditugun bost aldagaiak hauexek dira:

  1. Edukien antolamendua eta jardueren sekuentziazioa: Irakasleak irakaskuntza bideratzeko darabilen metodoa: ezagutza-arloen arabera edo proposamen globalen arabera. Gero, ikuspegi esanguratsu batetik, aztertu beharko da zenbaterainoko koherentzia dagoen lortu nahi dituen helburuen, landu nahi dituen edukien eta, horretarako proposatzen diren jardueren artean.
  2. Gelako harremanak: Irakaslearen eta ikasleen artekoa eta ikasleen beren artekoa. Azken finean gelan sortzen diren komunikazio-motak, gelako giro orokorra etab. Eta horren barruan irakasleek nahiz ikasleek hartzen dituzten rol desberdinak: parte-hartzaile, laguntzaile, koordinatzaile, e.a.
  3. Gelako antolakuntza soziala: denboraren eta espazioaren antolakuntza, gelako taldekatze desberdinak (banaka, talde txikiak, talde handiak, e.a.) eta lantzen diren eduki-motekin horrek daukan harremana.
  4. Ikasmaterialak: mota desberdinak, ezaugarriak, testu-liburuen erabilera. Egun gero eta garrantzi gehiago duten teknologia berrien eta beste baliabide didaktikoen erabilera.
  5. Ebaluazioaren prozedura eta zentzua: irakaskuntza/ikaskuntzaren prozesu osoa aztertzen duen ebaluazioa, eta ez bakarrik emaitzak neurtzen dituena.

Guretzat bost aldagai horiek sortzen duten antolamendua oso argia da eta asko errazten dute behaketa egiteko bidea. Aldagai bakoitzak bere tokia izango du txostenean, eta bertan sarrera teoriko bat eskaintzeaz gain, behaketa burutu ahal izateko tresna zehatzak aurkeztuko zaizkio irakasle tutoreari eta, berak egoki iritziz gero, baita ikasleari ere. Tresna horiei "leiar" izena emango diegu, arreta finkatzeko puntuak azpimarratzen baitituzte.

Dena den, irakasle tutoreak garbi eduki behar du behaketa-tresna hauek proposamen modura hartu behar dituela eta, ondorioz, hautatu, egokitu, edo kendu egin ditzakeela, beretzat interesgarrienak diren puntuak aukeratuz. Hala ere, orokorrean eskema horri jarraitu arren, dezente aldatu edo egokituko dugu, arestian aipatu diren ideiak eta landu diren beste material eta esperientzia propioak kontuan hartuz. Ahalegin handiena behaketarako tresna edo leiar horiek zehazten egin dugu, sarrera teorikorako lehen aipaturiko Zabalaren lana oinarritzat hartuz. Beraz, material honen erabilera oso malgua da, bakoitzari gustatu edo bakoitzak sakondu nahi duen aldagaia edo aldagaiak hartu eta lan ditzakelako.

Urtea

2004

Gaia

Hezkuntza

ISBN

84-8373-577-6

Deskargatu

OHARRA: dokumentu guztiak PDF formatuan. PDF irakurgailu bat beharko duzu dokumentuak ikusteko.