Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietarako euskara

Egileak

Joseba Ezeiza Euskal Filologia Saileko irakaslea da, eta espezialitate-hizkeren didaktikan aditua. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea du lantoki, baina material hauek Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatean "Euskara Teknikoa" izeneko irakasgaiaren irakasle izan zenean sortu zuen.

Helburuak

Komunikazio-gaitasunak funtsezkoak dira gure bizitzako arlo guztietan, baina garrantzi berezia hartzen dute jarduera profesionalari dagokionez. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien arloan ere garrantzitsua da komunikazio-gaitasun onak izatea. Izan ere, arloko profesionalek askotariko egoera komunikatiboei erantzun beharko diete beren ohiko zereginetan: kirol-erakundeen kudeaketan, irakaskuntza-lanean, haur eta gazteekin elkarreraginean, hezkuntza-komunitateko zein kirol-komunitateko beste kide batzuekiko harremanetan, eta abar.

Hizkuntzaren estandarizazioan eta normalizazioan egin den esfortzua handia den arren euskararen komunikazio-premiak larriak dira oraindik, eta euskararen munduak arlo ezberdinetan eragin dezaketen profesionalen beharra du. Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietako profesionalek euskararen transmisioaren eta agente nagusiak dira toki askotan: hezkuntzan, kirol munduan, komunikabideetan, administrazioan... Horregatik, garrantzitsua da ondo gaitutako profesionalak izatea, euskaraz arazorik gabe moldatuko direnak, egoera ezberdinetan komunikatzeko gai izango direnak eta, kirolak gure gizartean duen eragina kontuan izanik, euskararen erabileraren eredu eta erreferente izan daitezkeenak.

Lan honek, bada, komunikazio-gaitasun horien pizgarri izan nahi du. Horretarako, gizartearen arlo ezberdinetan eragile aktibo eta arduratsuak izateko egin behar duten bidean lagungarri izango zaizkien hainbat baliabide jarriko ditu ikasleen esku; beti ere, testuinguru profesionaletako eskakizunei egokiro erantzuteko funtsezkoak diren ahalbide komunikatibo eta linguistikoak jomugan.

Norentzat

Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko ikasle zein profesionalentzat izan daiteke baliagarri. Bereziki, irakasle-eskoletan eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatean ari direnentzat, baina baita kirol-monitore, entrenatzaile eta irakasleentzat ere.

Edukia

Lan hau bost moduluk osatzen dute. Modulu guztiak beregainak dira eta komunikazio espezializatuaren alderdi bat hartzen dute ardatz. Moduluan barrena gogoetarako eta praktikarako materialak eskaintzen dira. Baita gaitasunak lantzeko ariketa ugari ere.

Urtea

2008

Gaia

Euskal ikasketak

ISBN

978-84-691-6341-2