Multimedia komunikazioa: gaur egungo erronkak eta estrategia berriak
Egileak
Peñafiel Sainz, Carmen; Garai Basterretxea, Rebeka; Arana Arrieta, Edorta; Larrondo Ureta, Ainara; Palazio Arko, Gorka J.; Meso Ayerdi, Koldo; Pérez Dasilva, Jesus Ángel; Peña Fernández, Simón; García González, Daniel; Elordui Urkiza, Agurtzane; Ramírez de la Piscina Martínez, Txema; Larrinaga Larrazabal, Asier; Urrutia Izagirre, Santiago
Helburuak
Medioetako profesionalek, ohiko hedabideen kodeez eta lengoaiez ezagutza sakona izanda ere, zailtasun handiak dituzte sareak edukiak planifikatzeko, ekoizteko eta hedatzeko eskaintzen dituen berezko baliabide teknologiko eta komunikatiboak baliatzeko orduan. Euskaraz diharduten medioetan ere, sareko produktuen diseinuan, ekoizpenean eta hedapenean adituak direnak prestatu beha dira. Prestakuntza horretan ekarpen bat egitea da ikasmaterial honen xede nagusia.
Hiru multzo nagusi bereizi ditugu liburuan: lehenengoan, sarean ohikoa den kontsumoa aztertzetik hasiko gara, kontsumo hori baita komunikazio-estrategien ardatz nagusietako bat. Bigarren multzo nagusian, edukien planifikazioaz, ekoizpenaz eta hedapenaz arituko gara, eta bereziki sareak eskaintzen dituen lan-tresna teknologiko eta komunikatibo berriak landuko ditugu. Azken multzoan, Interneteko edukiak hedatzeko orduan gogoan hartzen diren irizpide linguistikoak eta kode deontologikoak aztertuko ditugu.
Norentzat
Ikasmaterial hau Multimedia Komunikazioa UPV/EHU-EITB master profesionalaren ikasleei zuzendua da, master horren ikasgaien euskarri idatzi gisa. Baina, interesekoa izan daiteke sareak eskaintzen dituen berezko baliabide teknologiko eta komunikatiboez jakin nahi duen komunikabideetako edozein profesionalarentzat.
Edukia
- I. ATALA: Atal horretan, Carmen Peñafiel irakaslea telebistaren paradigma-aldaketaz arituko da, baita telebistaren munduan garatzen ari diren kontsumo-ohitura berriez ere. Aro analogikoko telebista lineal eta oligopolistikoaren ereduak ez duela etorkizunik ondorioztatu du Peñafielek; errealitate multimediatiko honetan Social TVrantz goazela. Telebista sozial, hibrido edo konektatua deritzonaren komunikazio-estrategiak bi ardatz nagusi ditu: parte-hartzea eta elkarreragina, hain zuzen ere. Ikusle aktiboaren garaia da; eskatu ahalako edukien garaia, eta telebista adimendunarena.
- II. ATALA: Interneten zein hedabide tradizionalen kontsumo horiek aztergai ditu audientzia-ikerkuntzak. Ikerkuntza mota horretan aplikatzen diren hurbilpen metodologiko nagusiak eta teknika berritzaileenak aztertuko dituzte Rebeka Garaik eta Edorta Aranak beren atalean. Horrezaz gain, audientzien sektorean aritzen diren enpresa garrantzitsuenek abian jarri dituzten metodologia aitzindarien berri ere emango digute.
- III. ATALA: Kontsumo-ohitura berri horiei erantzuteko, konbergentzia mediatikorantz jo behar dute ezinbestean komunikazio-enpresek: edukiak planifikatzeko, lantzeko eta hedatzeko modu berriak aztertu behar dituzte. Zenbait esperientzia jarri dira abian inguruan ditugun medioetan. Lan honetan, Larrondok EITBren eta Goienaren kasuak aztertuko ditu, komunikazio-enpresen konbergentzia maila aztertzeko proposatzen dituen baliabideak eta adierazleak baliaturik.
- IV. ATALA: Gorka Palazio irakasleak komunikabideetako profesionalarentzat oso baliagarriak izan daitezkeen web-aplikazio eta zerbitzu batzuk aurkeztuko ditu Web 2.0 kazetaritza atalean. Hiru esparrutarako ageri diren erreferentziak landuko ditu batez ere: mugikorretarako, Web 2.0rako eta web-zerbitzuetarako erreferentziak, alegia.
- V. ATALA: Baliabide teknologikoak ez ezik, baliabide narratibo berriak ere jarri ditu sareak gure esku. Sarean garatu diren genero berrien gaian sartuko gaituzte Larrondo, Meso eta Pérez irakasleek, kazetaritzan garatu diren zibergenero berriez diharduten atalean. Ziberkazetaritzaren generoek egun bizi duten metamorfosia ulertzeko gako nagusiak azalduko dizkigute liburuaren atal honetan.
- VI. ATALA: Sarean komunikazio-generoek bizi izan duten eraldatzearen adibideetan aipagarriena infografiarena da. Peñaren eta Garcíaren liburuko atalean agertu bezala, infografiak indar berritua hartu du sarean kazetaritzako ikus-entzunezko generoen artean. Indar berritu hori sarearen bereizgarriak bereganatu izanari zor dio infografiak. Peñak eta Garcíak ezaugarri horiekin loturiko hainbat adibide aztertu dituzte. Haien bidez ulertaraziko dizkigute informazio-genero horrek sarean egin duen ibilbide oparoaren gakoak.
- VII. ATALA: Baliabide diskurtsibo berriak ere jarri ditu sareak komunikabideetako profesionalaren esku. Teknologia digitalak hartzaileak informatzeko, entretenitzeko edo hunkitzeko tresna erretoriko berriak eskaintzen dizkio testu-egileari eta, aldi berean, estrategia diskurtsiboan hartu beharreko erabaki berrietara ere eramaten du ezinbestez: testu mailako zein testutik harago doazen erabakiak hartzera, hain zuzen. Elordui irakasleak berezko erabaki diskurtsibo horietan sakonduko du bere atalean.
- VIII. ATALA: Internet bidez zabaldu diren formatu berrietan, fenomeno komunikatibo bat da lipduba. Youtube, Vimeo eta halako plataformen bidez zabaltzen den bideo musikal mota bat da; kultura biralaren adibide aipagarrietako bat. Zer da lipduba?, nondik dator?, zertarako balio du?, nola egiten da? Nork egiten dute? Galdera horiek erantzungo ditu Ramírez de la Piscina irakasleak bere atalean: lipduben jatorria azaltzeaz eta lipduba zer den definitzeaz gainera, lipbuben lau eredu gogoangarriren azterketa zehatza ere egingo du.
- IX. ATALA: Ikus-entzunezko edukiak hedatzeko orduan gogoan izan behar diren irizpide linguistikoez dihardu Asier Larrinaga EITBko Euskara Arduradunak bere atalean. Telerrealitatean arretan jarrita, azalduko digu Euskal Telebistan zer hizkuntza-tratamendu erabiltzen den euskaraz ekoizten diren saioetarako nahiz kanpotik ekartzen direnetarako.
- X. ATALA: Sareko espazio publikoan zabaltzen diren produktuetan gogoan izateko konbentzio eta gidalerro deontologikoez diharduen atalak itxiko du testu-liburu hau. Santiago Urrutia irakaslearen atala, beraz, hedabideetako kode etikoek eta estilo-liburuek izan ohi duten hutsune bat betetzera dator. Izan ere, oso gutxitan azaltzen da, lan honetan bezala, nola jokatu behar den sexuarekin eta biolentziarekin lotutako irudiekin espazio publikora zuzentzen diren produktuetan.
Urtea
Gaia
ISBN
Deskargatu
OHARRA: dokumentu guztiak PDF formatuan. PDF irakurgailu bat beharko duzu dokumentuak ikusteko.
Multimedia komunikazioa
pdf, 10 MB