Nazioarteko erakundeetarako sarrera: Nazio Batuen kasua
Egileak
Maite J. Iturre, Politika eta Administrazio Zientzietan Lizentziatua, (UPV/EHU). E-posta: maite.iturre@gmail.com
Leire Moure, Nazioarteko Harremanetako irakaslea, Nazioarteko Zuzenbide Publiko, Nazioarteko Harreman eta Zuzenbidearen Historiaren Saila, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU). E-posta: leire.moure@ehu.es
Helburuak
Ikasmaterial honen helburu nagusia Gizarte eta Komunikazio Zientzietako lizentziatura eta graduetako ikasleei zuzendutako nazioarteko erakundeen inguruko erreferentzia idazlana sortzea da. Halaber, EHUMUN euskaraz garatu ahal izateko oinarrizko materiala sortzea du xede, honekin Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak onartutako ECTS irizpideen araberako Nazioarteko Harremanak irakasgaiko Protokoloan jasotako praktika talde guztietara zabaltzea ahalbidetuz. Horrela, Nazio Batuek lehenengoz euskaraz jardun ahal izango lukete, simulazio baten bidez ez bada ere. Azkenik, etorkizunean Nazioarteko Harremanei buruzko eskuliburua garatu ahal izateko lehenengo urratsak emateko balio nahi du.
Norentzat
Gradu/Lizentziatura ezberdinetako Nazioarteko Harremanetako ikasle eta irakasleentzat.
Edukia
Ikasmaterialak 2 atal nagusi ditu: teorikoa eta praktikoa. Lehen atalean, nazioarteko erakundeak ikuspuntu teoriko batetik aztertzen dira, Nazio Batuen kasuan enfasi berezia jarriz. Atal hau 4 unitatek osatzen dute. Lehenengoan nazioarteko erakundeei buruzko sarrera orokorra burutzen da, globalizazio prozesutik abiatuta. Gaur egungo munduan dagoen nazioarteko aktore aniztasuna jorratzen da, aktore mota nagusien inguruko oinarrizko azalpena eskainiz. Bigarren unitatean, nazioarteko erakundeen gaian bete-betean sartzen da. Hasteko, hauen sorreraren arrazoiak eta ezaugarriak aztertzen dira. Gero, nazioarteko erregimenaren ideiari heltzen zaio, nazioarteko sisteman ematen diren lankidetza forma ezberdinak aztertuz. Ondoren, nazioarteko erakundeen sailkapena eskaintzen da, eginkizun eta ezaugarri komunak nabarmenduz. Nazio Batuak hizpide hartzen ditu hirugarren unitateak. Nazioarteko erakunde nagusi honen jatorria, printzipioak, jarduera alorrak eta erakunde-egitura garatzen dira. Jarraian, denboran zehar izandako bilakaera aztertzen da, egungo erreformaren auzia mahai gainean jarriz. Azkenik, laugarren unitatea Nazio Batuen funtzio garrantzitsuenetan zentratzen da, hots, segurtasun kolektiboa eta bakearen mantentzean
Ikasmaterialaren bigarren zatiak izaera praktikoa du. Atal honetan EHUMUN simulazioa burutu ahal izateko zenbait jardunbide gida jorratzen dira. Hauekin bat, adibidezko kasu bat hartuta (Ipar Korea eta ez-ugaritze nuklearraren auzia), ikasleek dagokien herrialdeari buruzko role-playinga prestatu ahal izateko ikasketa gidak garatzen dira. Azkenik, lana errazteko hainbat dokumentu eredu eta adibide biltzen dira.
Urtea
Gaia
ISBN
Deskargatu
OHARRA: dokumentu guztiak PDF formatuan. PDF irakurgailu bat beharko duzu dokumentuak ikusteko.
Nazioarteko erakundeetarako sarrera
pdf, 2 MB