Bioestatistika: Oinarrizko Ikastaroa

Egileak

Inmaculada Arostegui Madariaga. Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea (Bioestatistika). Matematika Aplikatua eta Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa saila. Helbide elektronikoa: inmaculada.arostegui@ehu.es. Telefonoa: 946015346.

Arantza Urkaregi Etxepare. Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea (Bioestatistika). Matematika Aplikatua eta Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa saila. Helbide elektronikoa: arantza.urkaregi@ehu.es. Telefonoa: 946015345.

Helburuak

Ikasmaterial hau Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatean eskaintzen diren Biozientzietako hiru graduetako lehen mailako Bioestatistika irakasgairako garatua izan da. Egileok irakasgai horren ulermenerako laguntza gisa erabiltzeko egin dugu, geure ikuspegi pertsonala eta urte askotako esperientzia erabiliz eta oinarritzat erreferentzietan aipatzen diren hainbat liburu hartuta.

Testuko kapituluetan, bioestatistikako oinarrizko kontzeptuak azaltzen dira, eta adibideen bidez lantzen. Gure helburu nagusia izan da ikasleak ohartzea nola aplikatu bioestatistika  eta nola interpretatu lorturiko emaitzak. Eta horretarako, matematikako formulez harago, biologia- eta osasun-arloetako adibideez baliatu gara, era erraz batean ikasleek uler ditzaten bioestatistikako oinarrizko kontzeptu horiek.

Kontuan hartu dugu gure ikasleak ez direla matematikariak, are gehiago, batzuetan zenbakien beldur dira eta bioestatistikarekiko izan dezaketen mesfidantza gainditzeko, era hurbilean eta aplikatuan landu nahi izan ditugu bioestatistikako kontzeptuak. Estatistika arrotza iruditu arren, saiatu gara oso adibide ulergarriak eta ikasten duten karrerari loturikoak ematen.

Norentzat

Ikasmaterial hauek hainbat titulaziotan izan daiteke erabilgarri, batez ere Biozientzietako eta Osasun-zientzietako graduetan: Biologia, Biokimika eta Biologia Molekularra, Bioteknologia, Farmazia, Medikuntza, Odontologia, Erizaintza, Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Fisioterapia, Giza Nutrizio eta Dietetika, Ingurumen Zientziak eta Psikologia.  Lagungarria izan daiteke, halaber, zientzia esperimentaletako beste gradu batzuetan eta ingeniaritzako hainbat ikasketatan. Oro har, material hau baliagarriak izan daiteke bioestatistika edo estatistika aplikatuko hizkera eta erabilera landu nahi dituen edonorentzat.

Edukia

Lehenengo gaian, estatistika deskribatzailea lantzen da: datuak nola antolatu, nola irudikatu eta nola laburbildu estatistikoen bidez. Bigarren eta hirugarren gaietan, estatistika-metodoak aplikatzeko ezinbesteko tresna den probabilitate-teoriaren oinarrizko kontzeptuak azaltzen dira.

Ondorengo gaietan, inferentzia estatistikoko metodo ezberdinak lantzen dira. Laugarren gaian, populazio bakarreko parametroen estimazioari ekiten diogu, eta bosgarrenean, haiei buruzko hipotesi-kontrasteei. Seigarren gaian, bi populaziorako inferentzia lantzen da, eta zazpigarrenean, populazio binomialetarako inferentzia. Zortzigarren gaian, Khi karratu banaketaren aplikazioak bildu ditugu, eta bederatzigarrena bariantza-analisirako sarrerari dagokio. Amaitzeko, erregresio linealari ekiten diogu.

Kapitulu bakoitzaren amaieran, ariketa-zerrenda dago, ikasleek beren kabuz eta taldeka ikasgelan azaldutako kontzeptuak lan ditzaten.

Urtea

2014

Gaia

Matematika

ISBN

978-84-9860-930-1

Deskargatu

OHARRA: dokumentu guztiak PDF formatuan. PDF irakurgailu bat beharko duzu dokumentuak ikusteko.