Farmakologia Aplikatua: Oinarri teorikoak medikamentuak zentzuz erabiltzeko

Egileak

Joseba Pineda eta Aitziber Mendiguren. Farmakologia Saila. Medikuntza eta Odontologia Fakultatea. Helbide elektronikoa: joseba.pineda@ehu.es aitziber.mendiguren@ehu.es. Telefonoak: 946015577 edo 946013523.

Helburuak

Ikasmaterial honen helburua oinarrizko farmakoen ezaugarri nagusiak adieraztea da, arrisku-onura erlazioak egoki balioztatzeko eta medikamentuak arrazoiz preskribitzeko. Osasun arloko Lizentziaturetan eta Graduetan "farmakoen arrazoizko erabilpena" nola egin ikasten da, ikasleak lanbidean topatuko dituen pazienteen osasun-arazoak prebenitu edo tratatu ahal izateko. Beraz, eduki teorikoen bidez medikamentuen ezaugarri esanguratsuak bereganatzea beharrezkoa izango da, gero beste irakaskuntza-jardueretan lantzeko eta praktikan aurrera eramateko.

Norentzat

Ikasmaterial honek Farmakologiazko edukiak jorratzen ditu. Bereziki, Medikuntzako ikasleei zuzenduta dago, Lizentziaturako "Farmakologia Klinikoa" eta Graduko "Farmakologia Mediko Aplikatua" irakasgaietan erabiltzeko. Era berean, Farmazia Lizentziaturako eta Graduko ikasleentzat ere baliogarria izango da, zehazki "Farmazia Klinikoa eta Farmakoterapia" irakasgairako. Azkenik, osasun arloko Graduetan beste irakasgai batzuetan erabilgarria izango da: Odontologiako "Farmakologia Orokorra eta Klinikoa" eta "Farmakologia Aplikatua", Medikuntzako "Farmakologia Medikoaren Oinarriak", Farmaziako "Farmakologia I" eta "Farmakologia II" edo Fisioterapiako "Farmakologia Fisioterapian" irakasgaietarako.

Edukia

Lana hiru ataletan banatuta dago: Farmakologia kliniko orokorra, Medikamentuen preskripzioa paziente berezietan eta Farmakologia kliniko berezia. Lehenengo atalean sei ikasgai daude. Atal horretan Farmakologia klinikoan erabiltzen diren kontzeptu orokorrak azalduko dira eta medikamentuen arrazoizko preskripzioa egiteko jarraitu beharreko pausoak azpimarratuko dira. Bigarren atalak, berriz, hiru ikasgai biltzen ditu. Ikasgai hauetan zahartzaroan, haurtzaron eta gibeleko eta giltzurrun-gutxiegitasunean medikamenduak agintzeko kontuan hartu beharreko faktoreak azaltzen dira. Azkenik, hirugarren atalean hamahiru ikasgai daude. Atal horrek medikamentuen arrazoizko agindua ohiko gaixotasunetan azaltzea du helburu, besteak beste, infekzioetan, arnas eta digestio-aparatuko gaixotasunetan, gaixotasun kardiobaskularretan, asaldura metabolikoetan, mina eragiten duten egoeretan edo gaixotasun neuropsikiatrikoetan.

Urtea

2012

Gaia

Medikuntza

ISBN

978-84-9860-765-9

Deskargatu

OHARRA: dokumentu guztiak PDF formatuan. PDF irakurgailu bat beharko duzu dokumentuak ikusteko.