Medikamentuak arrazoiz preskribatzen ikasteko GIDALIBURUA, kasu klinikoetan oinarrituta

Egileak

Joseba Pineda eta Aitziber Mendiguren. Farmakologia Saila. Medikuntza eta Odontologia Fakultatea. Helbide elektronikoa: joseba.pineda@ehu.es aitziber.mendiguren@ehu.es. Telefonoak: 946015577 edo 946013523.

Helburuak

Ikasmaterial honen helburua kasu klinikoetan oinarrituta preskripzio arrazionala era praktikoan nola egin ikastea da, hala nola osasun-arloko ikasleak banan-banako erabaki terapeutikoak era sistematizatuan hartzen ikastea. Horretarako, Osasunaren Mundu Erakundeak preskripzio arrazionalerako zehazten dituen pausoak landuko dira. Hain zuzen, kasu kliniko batetik abiatuta ikasleak hurrengo ekintzak egin beharko ditu: pazientearen osagai nagusiak identifikatu, farmakoaren onura/arrisku erlazioei buruzko ebidentzia zientifikoak kritikoki balioztatu, erabaki terapeutikoak sistematikoki argudiatu eta farmakorik egokiena aukeratu. Farmakoa aukeratuta, espezialitate farmazeutikorik egokiena hautatzen eta espezialitate horren gaineko informazio nagusia zehazten ikasiko du (preskripzio-fitxa). Ikaslea aukeratutako espezialitatearen segurtasunari buruzko informazioa pazienteari era egokian adierazten trebatuko da (segurtasun-fitxa). Gidaliburu honetan, arazoetan oinarrituriko ikaskuntza deritzon metodologia erabiliko da; hau da, galdera pizgarriak erabilita, ikasketa-prozesu osoa eta metaikasketa bultzatuko da.

Norentzat

Ikasmaterial hau bereziki Medikuntzako ikasleei zuzenduta dago, Farmakologia Mediko Aplikatua irakasgaian erabiltzeko. Era berean, Farmaziako Graduko ikasleentzat ere baliagarria izango da, zehazki "Farmazia Klinikoa eta Farmakoterapia" irakasgairako. Azkenik, osasun-arloko graduetan, beste irakasgai batzuetan erabilgarria izango da: Odontologiako "Farmakologia Orokorra eta Klinikoa" eta "Farmakologia Aplikatua eta Larrialdiak Odontologian", Medikuntzako "Farmakologia Medikoaren Oinarriak", Farmaziako "Farmakologia I" eta "Farmakologia II" edo Fisioterapiako "Farmakologia Fisioterapian" irakasgaietarako.

Edukia

Lanak hamar kasu kliniko biltzen ditu. Lehenengoak infekzioa duen ume baten kasua deskribatzen du. Bigarren eta hirugarren kasu klinikoetan, hurrenez hurren, arnas aparatuko gaixotasunetan eta digestio-aparatuko gaixotasunetan preskripzio arrazionala egiteko pausoak landuko dira. Laugarren eta bosgarren kasu klinikoek, berriz, gaixotasun kardiobaskularrei (hipertentsio arteriala edota bihotz-gutxiegitasuna) egiten diete erreferentzia. Seigarrenean, kolesterol maila altua denean preskripzio arrazionala egiten ikasiko da. Zazpigarren eta zortzigarren kasu klinikoetan, berriz, paziente batek hantura edota mina pairatzen dituenean erabaki terapeutikoa era sistematizatuan nola hartu landuko da. Bukatzeko, bederatzigarren eta hamargarren kasu klinikoetan, hurrenez hurren, desoreka psikiatrikoetan eta gaixotasun neurologikoetan preskripzio arrazionala egiteko pausoak landuko dira.

Urtea

2014

Gaia

Medikuntza

ISBN

978-84-9860-956-1

Deskargatu

OHARRA: dokumentu guztiak PDF formatuan. PDF irakurgailu bat beharko duzu dokumentuak ikusteko.