Itsasgintzaren hastapenak

Egileak

Iñaki Alcedo Portugaleteko EHUko Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoaren Itsasketa Zientzia eta Teknika jakintza arloko Itsas Ekonomiako irakaslea da. inaki.alcedo@ehu.es

Helburuak

Azken bi hamarkadetan itsas garraioak oso hazkunde nabarmena izan du nazioarteko mailan. Kanpotik ikusita, jarduera ekonomiko arrunta badirudien arren, bere egitura orokorra zaila egiten zaio lehendabiziz arlo honetara hurbiltzen denari. Eremua oso zabala da hainbat azpisailez osaturik dagoelako batetik, eta teknologiak eta merkatuak berak dituen premiek etengabe aldaketak sortarazten dizkiotelako. Zama bereziak (gasa, petrolioa, laboreak), itsasontzietako berrikuntzak, itsasbide sorberriak, finantzaketa tresna berriak edota munduko ontzidiaren jabego-aldaketak dinamismo honen ereduak dira, beste askoren artean. Helburua, beraz, alde batetik sektorearen osotasunean eta bestetik esparruz esparruko hainbat zehazkizunen bidez ikuspen orokorra ematea da.

Norentzat

Idazlana itsas garraioko antolakuntza eta bere ekonomiarekin harremanak dituzten ikasketei eta jarduerari zuzenduta dago. Horrela, Itsasketa Zientzia eta Teknikako lizentziaturan, Garraioko Ekonomian edota itsaso eta portutako jardueran ari den edonorentzat baliagarria da.

Edukia

Zortzi atalek eta bibliografiak osatzen dute. Lehenak itsas garraioa ikuspuntu orokorretik jorratzen du. Bigarrenak ingurune honetako eskaintza eta eskaeraren ezaugarriak agertzen ditu. Hirugarrenak garraio mota hau erabiltzen duten merkantzietako motak dakartza; laugarrenak, berriz, pleita-merkatuen ezaugarriak eta azpisailak aurkezten ditu. Bosgarrenak prezioa du idazgaia, zerbitzuetako salneurriak nola egituratzen diren, alegia. Seigarrenean itsas merkatuetako neurketak, indizeak, balioespenak eta bestelako finantza-tresnak aipatzen dira. Zazpigarrenean eta zortzigarrenean, zabalkunde gisa, item hauek daude: itsasontzi mota arruntenak, Plimsoll diskoaren deskripzioa, glosarioa eta kontsultarako hainbat nazioarteko erakunde. Azkenez, bibliografia.

Urtea

2007

Gaia

Nautika

ISBN

978-84-690-7766-5

Deskargatu

OHARRA: dokumentu guztiak PDF formatuan. PDF irakurgailu bat beharko duzu dokumentuak ikusteko.