Erakundean izaten diren prosezu psikosozialak

Egileak

Ainara Arnoso Martinez. . Donostiako Psikologia Fakultateko irakaslea (taldeen psikologia, planifikazio psikosoziala). Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia saila. Helbide elektronikoa: ainara.arnoso@ehu.es Telefonoa: 943015647.

Helburuak

Esku artean duzun idazlana Euskara Errektoreordetzak ikasmaterialgintza sustatzeko 2008ko deialdian emandako diru-laguntzari zor zaio. Lan honetan zehar, Gizarte eta Erakundeen Psikologiaren eremuan sakontzeko beharrezkoak diren edukiak lantzen dira. Erakundearen prozesu psikosozialak aztergai dira: pertsonen portaerak, batetik, eta talde- eta erakunde-portaerak, bestetik.

Jakina da gizartearen eta erakundeen psikologiaren arloan dauden ikasliburu esanguratsuenak ingelesez eta gaztelaniaz idatzita daudela -erakunde produktiboa oinarritzat duten liburuak, bereziki-. Euskara hutsean ez dago testurik, eta gaur egun eremu honetan irakasteko erabiltzen den materiala erakundeen psikologiarekin erazioa duten ikasgaietako irakasleek sortutakoa da.

Hori dela eta, lan honen helburu orokorra da gizartearen eta erakundeen psikologiaren arloko ikasleentzat, irakasleentzat eta unibertsitatetik kanpoko profesionalentzat euskarazko terminologia sortzea, garatzea eta finkatzea, eremu honetan erabiltzen diren hitz nagusiak euskaratuz eta horien normalizazioa bilatuz. Horretarako, gai honen inguruko bibliografiaren oinarri teoriko nagusiak euskaratu ditugu. Aipatutako xede nagusi hori bitan zatitu daiteke: alde batetik, gaitasun kontzeptuala sustatu nahi da gizarte-jokabidean eragina duten fenomenoak ulertzeko, eta, bestetik, trebetasun profesionalak bultzatu nahi dira, erakundeen giza portaeren dimentsio psikosozialetan, kolektiboetan edo supraindibidualetan parte hartzeko.

Norentzat

Ikasmaterial hauek hainbat titulaziotan izan daitezke erabilgarri: Psikologian, Gizarte Hezkuntzan, Gizarte Lanean, Lan Harremanetako ikasketetan, Enpresen eta Administrazio Zuzendaritzakoetan, Politika Zientzietan eta Kudeaketa Publikoko graduan... Oro har, material hauek baliagarriak izan daitezke giza, gizarte zientziekin harremana duten ikasle eta profesionalentzat.

Edukia

Idazlan hau osatzen duten zortzi atalen bidez, erakundean izaten diren prozesu psikosozialak aztertzen dira, banakoak eta taldeak eragile izanik. Horretarako, lehenik eta behin ezinbestekoa izango da erakundeko partaideen portaerak sakonki ezagutzea, banakoen prozesuak aztertuz (motibazioa, frustrazioa, asebetetzea, estresa, hautematea). Eta bigarrenik, nahitaezkoa da talde- edo erakunde-portaerak aztertzeko beren aldagaien berri izatea (komunikazioa, gatazkak, lidergoa, erakunde-giroa eta erakunde-kultura). Jarraian, laburki deskribatzen da atal bakoitzaren funtsa:

Gizarte eta Erakundeen Psikologiari sarrera egiten dion lehen atal honek Erakundeen Psikologiaren esparru kontzeptuala eta epistemologikoa aurkezten ditu, diziplinaren garapen teorikoaren gidatzat erabili izan diren paradigmak azpimarratuz.

Motibazioa eta frustrazioa lanean izeneko bigarren atalaren helburua da pertsonaren eta lanaren arteko elkarrekintzaren motibazio-alderdiak sistematikoki aztertzea. Horrela, laneko motibazioaren inguruko esparru teorikoak eta aurkikuntza garrantzitsuenak biltzen dira. Motibazioa-frustrazioa prozesuaren esparruan, frustrazioaren kontzeptua eta garrantzia aztertuko dira, eta baita frustraturik dagoenaren portaera-ezaugarriak eta azaltzen dituen jokabide motak ere.

Estresa eta ongizatea lanean izeneko hirugarren atalean, ingurumenak osasun mentalean duen eragina azalduko da, osasun mentalaren kontzeptua argituz eta horren garapenerako faktoreak identifikatuz. Bestalde, lan-estresa aztertuko da, familiaren eta lanaren arteko gatazkaren oinarria argituko da eta, horrekin batera, lanbide profesionalak dituzten bikoteen senideei dagozkien gaiak aztertuko dira. Azkenik, langabeziaren ondorio psikologiko garrantzitsuenak aurkeztuko dira.

Hautematea eta erabaki-hartzea atalean, hautemate-prozesua azalduko da, eta horren eta erabaki-hartze prozesuaren artean dagoen erlazioa. Horrela, hautematea eta norberaren erabaki-hartzea bat egiten saiatzeaz gain, erabaki-hartzearen ereduak, faktoreak eta moduak (banaka eta taldeka) aurkeztuko dira.

Komunikazioa erakundeetan atalean, gure bizitzako osagarria dela kontuan izanik eta batez ere erakundeen arloan geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari denez, bere osagarriak zein diren aztertuko da, eta erakundeko komunikazioak duen paperean oinarrituko da. Zehazki, komunikazio mota erabilienak eta haien abantailak eta oztopoak aztertuko dira. Internetaren garaiak komunikazioan eragindako aldaketak azalduz bukatuko da atala.

Gatazka eta negoziazioa atalean, gatazkaren kontzeptualizazioa egiten da, bere definizioa, mailak eta ikuspegi ezberdinak aurkeztuz, eta gatazkaren prozesuan eta kudeaketan arreta berezia jarriz. Negoziazioaren ezaugarriak, dimentsioak eta prozesua aztertuko dira, negoziazio batean zer estrategia eta taktika erabiltzen diren ezagutaraziz.

Lidergoa erakundeetan kapituluan, lidergoaren jatorria aztertuko da eta, horrekin batera, lidergoaren ohiko hurrerapen teorikoak nahiz enpirikoak deskribatuko dira, hala nola nortasunaren ezaugarrietan, eta portaera eta egoera ezberdinetan oinarritutako ikuspegiak. Hori gutxi balitz, lidergoari buruz azkenekoz ikertu dutenek hiru ikuspegi teoriko azpimarratzen dituzte: egozpenaren teoria, karismadun lidergoaren teoria eta lidergo eraldatzailearen teoria.

Giroa eta kultura erakundeetan izeneko 8. atalean, oinarrizko bi kontzeptu horietara lehenengo gerturatze edo hurbilketa historikoa egin ostean, gaiaren mamian murgilduko gara. Batetik, erakunde-giroa kontzeptua argitu eta hainbat mota azalduko dira. Eta, bestetik, erakunde-kultura kontzeptua, bere eraketa, funtzioak eta adierazpenak, erakunde-kultura ebaluatzeko moduak eta nazioz gaindiko erakundeak sartzeak dituen eraginak jorratuko dira.

Atal bakoitzaren amaieran, irakurgai gomendagarriak aipatuko dira eta, horrela, kapitulu bakoitzean landutako edukietan sakondu ahalko da.

Urtea

2014

Gaia

Psikologia

ISBN

978-84-9860-783-3

Deskargatu

OHARRA: dokumentu guztiak PDF formatuan. PDF irakurgailu bat beharko duzu dokumentuak ikusteko.