Erretiratuen soslai berriarekin erlazionatutako faktore soziodemografiko eta psikosozialak

Egileak

Izarne Lizaso Elgarresta, Psikologian doktorea eta EHUko Psikologia Fakultateko "Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta haren Garapena" saileko irakaslea.

943 015650
izarne.lizaso@ehu.es

Helburuak

Biztanleriaren batez besteko adinari dagokionez mendebaldeko gizartea gero eta zaharragoa izan arren, erretiratzen diren gizabanakoak gero eta gazteagoak dira. Ondorioz, erretiroaren azterketa gai garrantzitsu bilakatu da gizarte osoarentzat. Hori kontuan hartuta, lanaren helburu nagusia honako hau da: euskal ikaslea zahartzaroaren jakintza arloarekin erlazioa duten ezagutza interesgarrietara hurbiltzea eta egungo erretiratuen soslai aldaketaren inguruan hainbat egilek egindako ekarpenen inguruan hausnartzea.

Helburu zehatzak, berriz, bi dira: alde batetik, egungo erretiratuen soslaiaren inguruan hainbat faktoreren eragina aztertzea, besteak beste, erretirora egokitzeko prozesua azaltzeko erabiltzen diren teoria psikosozialak, azken hamarkadetako aldaketa sozio-historikoak, erretiroarekin erlazioa duten aldagai fisikoak, psikologikoak eta sozialak eta, soslai berriaren inguruan zenbait autorek egindako ekarpenak; bestetik, egungo erretiratuaren inguruan ikerketa zientifikoa egiteko ezagutzak eta tresnak ezagutaraztea.

Norentzat

Material teoriko-praktiko hau egungo erretiratuen inguruan egindako ikerketa baten emaitza da. Hori kontuan izanik, honako irakurle hauentzat izan daiteke interesgarria: batetik, Psikologia Fakultateko "Helduaroa eta Zahartzaroaren Garapena" eta "Zahartzaroaren Psikologia" ikasgaietako ikasleentzat; bestetik, beste ezagutza arlotako ikasleentzat (Soziologia, Psikopedagogia, Pedagogia, Gizarte-hezkuntza,...); gainera, adineko pertsonekin lan egiten dutenentzat (gizarte-laguntzailea, erizaina,...); bereziki, erretiroaren inguruan dihardutenentzat (erretiratuen etxeetako profesionalentzat, zuzendaritza batzordeentzat zein erretiratuentzat, erretiratuen hainbat taldeentzat,...); azkenik, gaiaren inguruan interesa duen edonorentzat.

Edukia

Ikas-material honek hiru atal nagusi ditu, hainbat azpiataletan banatuta daudenak. Lehenengo atalean, ikerlanari buruzko alde teorikoa biltzen da; ondoren, bigarren atalean, ikerketaren alde enpirikoa aztertzen da; azkenik, hirugarren atalean, ikerlanaren ondorioak eta eztabaida dira mintzagai.

Arestian aipatu bezala, lehenengo atalak alde teorikoa biltzen du. Hor ikerketarekin erlazionatuta dauden edukiak aurkezten dira, baita ikerketa hobeto ulertzen laguntzen duten kontzeptu eta ikuspegi batzuk ere. Atal horrek bost kapitulu ditu: lehenengo kapituluan, erretiroaren kontzeptualizatzea hartzen da gunetzat; bigarren kapituluan, erretiroarekiko egokitzapena da aztergai; hirugarren kapituluan, erretirora egokitzeko prozesua azaltzen duten teoria psikosozial garrantzitsuenak dira hizpide, bereziki, Jardutearen teoria (Havighurst, 1961) eta Desloturaren teoria (Cumming eta Henry, 1961); laugarren kapituluan, erretiro-prozesuan eraginkorrak izan daitezkeen faktore psikosozialak (osasun fisikoa, psikologikoa eta soziala) aztertzen dira; azkenik, bosgarren kapituluan, aurreko kapituluak abiapuntutzat hartuta, erretiratuen soslai berriaren ezaugarri soziodemografikoak zein psikosozialak deskribatzen dira, gure proposamenaren arabera.

Eremu teorikoa aurkeztu ondoren, bigarren atala hasten da. Atal hori enpirikoa da eta horren lehenengo kapituluan, sarrera bat egiten da; ondoren, hipotesiak planteatzen dira; horrez gain, ikerlanean erabili den diseinu mota adierazten da; gainera, ikerlanaren helburuak azaltzen dira; ere, ikerlana garatzeko erabili den metodoa da hizpide; azkenik, emaitzak aurkezten dira.

Hirugarren atala eztabaidari dagokio. Hipotesiak abiapuntutzat hartuz, emaitzen eztabaida da mintzagai. Hala, lehenengo kapituluan, erretiratuen soslai berriaren ezaugarri soziodemografiko eta psikosozialak deskribatzen dira; ondoren, erretiratuen soslai berriaren ezaugarrien arteko erlazioari buruzko hausnarketa egiten da; horren ostean, erretiratuen soslai berria konstruktu teoriko gisa aurkezten da; horrez gain, ikerlanaren mugak dira hizpide; gainera, erabilgarritasun soziala da mintzagai, eta, azkenik, zenbait gomendio aipatuko dira etorkizuneko ikerketei begira.

Urtea

2007

Gaia

Psikologia

ISBN

978-84-690-3957-1

Deskargatu

OHARRA: dokumentu guztiak PDF formatuan. PDF irakurgailu bat beharko duzu dokumentuak ikusteko.