Giza garapen psikologikoaren ereduak
Egileak
Izarne Lizaso Elgarresta, Psikologian doktorea eta EHUko Psikologia Fakultateko "Oinarrizko Prozesu Psikologikoen eta Beren Garapenaren" saileko irakaslea. izarne.lizaso@ehu.es 943 015650
Marije Apodaka Ostaikoetxea, Psikologian lizentziatua eta EHUko Psikologia Fakultateko "Oinarrizko Prozesu Psikologikoen eta Beren Garapenaren" saileko irakaslea. marije.apodaka@ehu.es 943 015650
Helburuak
Eskuliburu hau abian jarri den Europako Goi-mailako Hezkuntza Esparrua eraikitzeko prozesuaren baitan kokatzen da. Hori kontuan hartuta, lanaren helburu nagusiak dira: batetik, "Giza garapenaren ereduak" ikasgairako kreditu europarretara egokituta euskaraz ikasmateriala eskaintzea; bestetik, ikuspuntu psikologiko batetik giza garapenaren lehen hurbilketa orokorrerako baliabideak ematea. Helburu orokor hauetatik abiatuz, liburuak honako helburu zehatza du: irakasleak irakasgaiaren gaitasun zehatzak eskuratzea. Hala, eskuliburu honen beste berrikuntza inportantea zera da: atal guztiek, gaiarekin erlazionatutako alde teorikoaz gain, egitura bera duten alde praktikoa ere izatea. Hain zuzen ere, gaian sakontzeko jarduera edo jarduerak (bideo-praktika, ariketa praktikoa edota lantegia), gaia menderatzeko oinarrizko kontzeptuak, gaiari buruzko hainbat galdera auto-ebaluazio gisa eta, gaian sakondu ahal izateko irakurgai osagarriak.
Norentzat
Material teoriko-praktiko hau bereziki "Giza garapenaren ereduak" ikasgairako kreditu europarretara egokituta prestatu bada ere, beste ezagutza arlotako ikasleentzat (adibidez, Psikopedagogia, Pedagogia, Gizarte-hezkuntza,...), Psikologian eta gai honen inguruan interesa duen edonorentzat erabilgarria izan daiteke.
Edukia
Eskuliburu honek hiru atal nagusi ditu, eta hainbat azpiataletan banatua dago: lehenengo atalean, edukiei buruzko alde kontzeptuala biltzen da; ondoren, bigarren atalean, giza garapenaren psikologiako ikuspegi historikoa eta hainbat eredu aztertzen dira; azkenik, hirugarren atalean, garapenaren psikologiako ikerketa-metodoak dira mintzagai.
Lehenengo atalean eskuliburuarekin erlazionatuta dauden edukiak aurkezten dira, baita garapen psikologikoa hobeto ulertzea errazten duten kontzeptu eta zenbait ikuspegi ere. Atal horrek hiru kapitulu ditu: lehenengo kapituluan, garapenaren psikologia hartzen da gunetzat; ondoren, bigarren kapituluan, giza garapenaren oinarri antropologiko eta biologikoak izango dira aztergai; amaitzeko, hirugarren kapituluan, garapenaren psikologiako oinarrizko kontzeptuak eta arazoak izango dira hizpide, besteak beste, herentzia eta ingurunea, epealdi kritikoak, garapenaren aldakortasuna eta jarraitutasuna eta garapenaren sinkronia eta heterokronia.
Alde kontzeptuala aurkeztuta, giza garapen psikologikoako ikuspegi historikoa eta hainbat eredu izango dira aztergai esku-liburuaren bigarren atalean. Hala, laugarren kapituluak aztergai den diziplinaren ikuspegi historikoa lantzen du. Hain zuzen ere, garapenaren psikologia sortzean eragina izan zuten faktorerik garrantzitsuenak aztertzeaz gain, diziplina hori sortzean eta finkatzean eragina izan duten hainbat autorez hitz egingo da, besteak beste, Binet-ez, Freud-ez, Hall-ez eta Baldwin-ez; ondoren, bosgarren kapituluan, Psikoanalisiaren eredua izango da mintzagai. Horretarako, Freuden teoria psikosexualean eta Eriksonen teoria psikosozialean oinarrituko gara; horren ostean, seigarren kapituluan, Etologiak giza garapenean izan dituen ekarpen teorikoak ezagutaraziko dira. Batetik, Lorenz eta Tinbergen egileen ekarpenak eta bestetik, Bowlbyren ekarpenak; gainera, giza garapen-psikologiakoaren ikuspegi berri bat izango da hizpide, hain zuzen ere, Konduktismoarena edo ikaskuntzarena, zazpigarren kapituluan eta, hor, hiru teoria garrantzitsuenak izango dira mintzagai: baldintzapen klasikoa, baldintzapen operantea edo instrumentala eta, ikaskuntza soziala; nola ez, XX. mendean umeen psikologiaren inguruko egilerik garrantzitsuenetariko bat ezagutuko dugu zortzigarren gaian zehar, Jean Piaget psikologoa. Hala, Epistemologia Genetikoari buruzko ekarpenak izango dira aztergai; halaber, Henry Wallon egile frantziarraren psikologia genetikoaren eta ingurunearen psikologiari buruzko ekarpenak landuko dira bederatzigarren kapituluan. Ondoren, hamargarren gaian, Vigotski egile errusiarraren ekarpena izango da hizpide, eta, hor, garaiko testuinguru sozio-politikoak izan zuen eragina hartuko da kontuan. Berriagoak diren ereduak izango dira aztergai ondorengo gaietan. Adibidez, hamaikagarren gaian, ordenagailuaren metafora erabiltzen duen informazio-prozesatzearen eredua aurkeztuko da; metafora horrek ezagutza bidezko garapena azaltzen du. Horren ostean, hamabigarren gaian, bizi-zikloaren ikuspegia azalduko da; horrez gain, giza garapenaren egungo ikuspegia landuko da hamahirugarren gaian: ikuspegi sistemikoarena, ekologikoarena, testuinguruarena eta genetikoarena. Azkenik, hamalaugarren gaian, giza garapen-psikologikoaren hainbat ereduetan erabiltzen diren hiru paradigma zehaztuko dira: organizista, mekanizista eta testuinguruzkoa.
Giza garapen-psikologiakoaren ikuspegi historikoa eta hainbat eredu azaldu eta gero, eskuliburuaren hirugarren atalean ikusiko dugu garapenaren psikologian zein ikerketa-metodo dauden. Hain zuzen ere, hamabosgarren gaian, ikerketa eta diseinu motak deskribatuko dira.
Bukatzeko, esku-liburuan aipatzen diren erreferentziak, kontzeptuen aurkibidea eta autoreen aurkibidea aurkeztuko dira eta, halaber, ikasleak kreditu europarrean erabiltzeko prestatu diren material batzuk eranskinak izenburupean. Adibidez, bideo-praktikak egiteko, A eranskinetako fitxa didaktikoak prestatu dira, eta, horietan, gaiaren edukietara egokituta taulako hutsuneak osatu behar ditu ikasleak. C eranskinetan, berriz, egitura bera duten taulak osatu beharko ditu: gaiarekin erlazioa duten autoreak, azpiteoriak, ezaugarri nagusiak, kontzeptu garrantzitsuak eta erabilitako erreferentziak. Liburuaren gai guztietako eduki garrantzitsuenak laburbiltzeko xedearekin, D eranskinetan, hurrenez hurren gaiarekin erlazionatutako diapositibak aurkezten dira.
Urtea
Gaia
ISBN
Deskargatu
OHARRA: dokumentu guztiak PDF formatuan. PDF irakurgailu bat beharko duzu dokumentuak ikusteko.
Azala
pdf, 0 MB
Giza garapen psikologikoaren ereduak
pdf, 1 MB