Helduaroaren eta zahartzaroaren garapena
Egileak
Luixa Reizabal Arruabarrena eta Izarne Lizaso Elgarresta, Psikologian doktoreak eta EHUko Psikologia Fakultateko Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta haien Garapena saileko irakasleak.
luixa.reizabal@ehu.eus 943015720
izarne.lizaso@ehu.eus 943015650
Helburuak
Garai batean, garapenaren psikologiak bizi-zikloaren lehen aroetan (haurtzaroan eta nerabezaroan, alegia) gertatzen den garapenean jartzen zuen arreta, nerabezarotik aurrera garapen ontogenetikoan aztertua izatea merezi duen ezer gertatuko ez balitz bezala. 1960ko hamarkadatik aurrera, ostera, egoera hori aldatzen hasi zen garapenaren psikologian funtsezko ekarpena egin duen «bizi-zikloa» delako ikuspegiari esker. Ikuspegi horren arabera, garapena bizi garen artean gertatzen da; dimentsio askotakoa da; norabide askotakoa da; haren ezaugarri nagusietako bat plastikotasuna da; testuinguru historikoaren araberakoa da eta kausa askoren ondorio. Hala, egun garapenaren psikologiak interes handia du helduaroan eta zahartzaroan gertatzen den garapenean. Horren adierazle izango lirateke, batetik, azken hamarkadetan giza garapenaz argitaratu diren eskuliburu asko, zeinek bizi-zikloaren ikuspegia hartu eta giza garapena sorkuntzatik heriotzara deskribatzen duten. Bestetik, helduaroaren eta zahartzaroaren garapenaz argitaratu diren liburuak. Zoritxarrez helduaroan eta zahartzaroan gertatzen den garapen tipikoaren inguruan argitaratutako materialak gaztelaniaz eta ingelesez idatzi izan dira eta orain arte ez zegoen euskaraz idatzitakorik. Pantailan duzun materiala hutsune hori betetzera dator. Izan ere, gure hizkuntzan helduaroan eta zahartzaroan arlo biologikoan, kognitiboan eta sozial eta afektiboan gertatzen diren aldaketak deskribatzea helburu duen lehen materiala da.
Norentzat
Materiala egokituta dago Euskal Herriko unibertsitateetan berriki ezarri den kreditu europarrera eta Psikologia Graduko ikasketa plan berrira (2010-2011 ikasturtetik indarrean dagoena). Bereziki Psikologia Fakultateko "Garapenaren Psikologia I" eta "Garapenaren Psikologia II" ikasgaietako ikasleentzat prestatu bada ere, erabilgarria izan daiteke ere "Familiaren psikologia", "Sexualitatearen psikologia" eta "Psikogerontologia" ikasgaietako ikasleentzat. Horrez gain, interesgarri izan dakieke beste ezagutza arlo batzuetako ikasleei (Psikopedagogia, Pedagogia, Irakasletza, Gizarte-hezkuntza eta abar) eta gaiaren inguruan interesa duen edonorentzat.
Edukia
Arestian aipatutako helburu orokorra lortzearren, materiala bost ataletan banatu dugu. Lehenengoan, Helduaroaren eta Zahartzaroaren Garapena delako ikerketa-eremuari dagozkion kontzeptuzko eta metodologiako oinarriak azaltzen dira. Hain zuzen ere, lehen atala osatzen duten bi kapituluetan honako gai hauek dira mintzagai: lehenengo kapituluan, aztertzen da helduaroa eta zahartzaroa zer diren eta zein diren bizitzaren bi aro horien barnean bereizi ohi diren azpiaroak. Bigarren kapituluan, ostera, helduaroaren eta zahartzaroaren garapenari buruzko teoriak eta helduaroaren eta zahartzaroaren garapena aztertzeko erabili ohi den ikerketa-metodologia azaltzen dira. Bigarren atalean helduaroko eta zahartzaroko aldaketa biologikoak dira hizpide eta bi kapitulutan banatu dugu. Lehenengoan (3. kapitulua), gaztaroko eta tarteko helduaroko aldaketa fisiko eta fisiologikoak dira mintzagai; hain zuzen ere, aztertzen dira itxura fisikoan, muskuluetan eta antzekoetan eta organismoaren funtzionamenduan gertatzen diren aldaketak. Laugarren kapituluan, berriz, zahartzaroko garapen biologikoa aztertzen da. Hirugarren atalean, helduaroan eta zahartzaroan gertatzen den garapen kognitiboa deskribatzen da. Hain zuzen ere, oinarrizko prozesu kognitiboak (5. kapitulua) eta ezagutzaren garapena (6. kapitulua). Laugarren atalean, garapen kognitiboa alde batera utzi eta helduaro eta zahartzaroko garapen sozial eta afektiboa aztertzen da. Hain zuzen ere, zazpigarren kapituluan nortasunaren garapena deskribatzen da.
Zortzigarrenean, berriz, adiskidetasun-harremanak. Bederatzigarrenean, atxikimendua, maitasuna, desleialtasuna eta sexualitatea dira hizpide. Hamargarren kapituluan, ostera, familia-harremanak. Hamaikagarren kapituluan aztertzen dira banantzea, alarguntza eta bigarren aldiz ezkontzea. Hamabigarrenean, lana, langabezia eta erretiroa eta, azkenik, hamahirugarren kapituluan, aisia. Materialaren azken atala bizitzaren amaierari dagokio. Hain zuzen ere, hamalaugarren kapituluan heriotza eta dolua dira hizpide. Kapitulu bakoitzaren amaieran, irakurleari zenbait ariketa eta galdera proposatzen zaizkio irakurritakoa hobeto ikasi eta horren inguruan hausnartu dezan. Funtsean, materiala idatzi dugu helduaroan eta zahartzaroan gertatzen den garapenari euskaraz hurbiltzeko tresna izan dadin. Orain irakurleak erabaki beharko du helburu hori lortu dugun ala ez.
Urtea
Gaia
ISBN
Deskargatu
OHARRA: dokumentu guztiak PDF formatuan. PDF irakurgailu bat beharko duzu dokumentuak ikusteko.
Helduaroaren eta zahartzaroaren garapena
pdf, 18 MB