Administrazioko eta Zuzenbideko euskara: ikuspegi jurilinguistikoa

Egileak

Joseba Ezeiza Ramos. Donostiako Zuzenbide Fakultateko irakaslea (jurilinguistika, erakunde-komunikazioa eta hizkera administratibo-juridikoa). Euskal Filologia Saila. Helbide elektronikoa: joseba.ezeiza@ehu.es. Telefonoa: 943015120

Helburuak

Testuliburu honen helburua da hainbat argibide eta ariketa praktiko eskaintzea administrazioko eta arlo juridikoko euskara lantzeko, betiere, Hizkuntzalaritzak, Zuzenbideak eta Administrazio Zientziek bat egiten duten bidegurutzean zabaltzen den talaiatik begiratuta. Izan ere, lan honetan hiru diziplina horien ikuspegiak baliatuko dira hizkuntza aztertzeko eta langai praktikoak proposatzeko. Beste hitz batzuetan, lan honek Hizkuntzalaritza Aplikatuan du sorburua, baina Zientzia Juridikoak eta Administrazioko Zientziak ditu jomugan. Horrenbestez, hiru diziplinei atxikitzen zaie neurri bertsuan.

Alabaina, lan honetan euskara izango dugu langai. Jakina denez, azken 30 urteotan euskarak garapen nabarmena izan du Zuzenbidearen eta Administrazioaren alorretan, eta denbora tarte horretan lotura estu eta ezinbestekoak sortu dira diziplina juridiko-administratiboen eta diziplina linguistikoen artean. Izan ere, euskararen normalizazio prozesuak agerian utzi du hizkuntzaren eta jarduera juridiko eta administratiboen ezinbesteko lotura, eta bistaratu egin du zer premiazkoa den hizkuntzari begiratzea Zuzenbideari eta Administrazioari egozten zaizkion eginkizunak behar bezala betetzeko. Gaur egun, profesional gehienak jabetu dira hizkuntza-ezagutza jasoak ezinbesteko direla dagozkien eginkizunak behar bezala betetzeko. Euskararen kasuan, testuinguru soziolinguistikoak baldintza eta muga erantsi batzuk ezartzen ditu; hori dela eta, jurista eta administrazioko langile euskaldunak are arreta handiagoa jarri behar izaten die hizkuntza-gaiei.

Arlo honetan dauden premiei erantzuteko gero eta ohikoagoak dira hizkuntzarekin lotutako prestakuntza-programak: prosa juridikoari buruzkoak, oratoriari buruzkoak, administrazioko hizkerari buruzkoak, estilo- eta terminologia-gaien ingurukoak... Euskal Herriko Unibertsitatean bertan hainbat irakasgai ditugu tankera honetakoak. Batzuk euskaraz bakarrik eskaintzen dira (Euskararen arauak eta erabilerak arlo juridiko eta administratiboan, Komunikazioa euskaraz arlo juridiko eta administratiboan, eta abar) eta beste batzuk, aldiz, euskaraz ez ezik, beste hizkuntza batzuetan ere lantzen dira: Lege arloko dokumentuak prestatzeko teknikak, Argudiatze eta Oratoria juridikoa, eta abar. Ez dugu ahaztu behar, bestalde, hizkuntza-gai hauek zeharka ere landu behar izaten direla ikasketa-planetan; ez bakarrik Zientzia Juridikoetako titulazioetan, baita Enpresa Zientzien, Lan Harremanen, Zientzia Politikoen eta Administrazioko Zientzien alorretako beste batzuetan ere.

Horrela bada, lan berri honekin beste urrats bat eman nahi izan da administrazioko eta arlo juridikoko euskara lantzeko baliabideen garapenean. Izan ere, ahalegin bat egin da UPV/EHUko ikasleen premiei erantzuteko, betiere, titulazio berrien ikasketa-planek dituzten asmoak eta UPV/EHUren Euskararen Plan Gidariak aurreikusten dituen helburuak gogoan hartuta.

Norentzat

Ikasmaterial hauek hainbat titulaziotan izan daitezke erabilgarri: Zuzenbidean, Kriminologian, Lan Harremanetako ikasketetan, Enpresen eta Administrazio Zuzendaritzakoetan, Politika Zientzietan eta Kudeaketa Publikoko graduan... baita, adibidez, itzulpengintzako titulazioan ere. Oro har, material hauek baliagarriak izan daitezke administrazioko hizkera eta hizkera juridikoa landu nahi dituen edonorentzat.

Edukia

1. Euskara komunikazio juridikoan eta administrazioaren jardunean

1.1. Euskara juridiko-administratiboa: eremuak, eginkizunak eta oinarriak
1.2. Mugarri batzuk euskara juridiko-administratiboaa normalizatzeko eta garatzeko bidean
1.3. Euskara juridiko-administratiboa testuinguru elebidunean

2. Testuak komunikazio juridiko eta administratiboan

2.1. Administrazioko eta arlo juridikoko testuak: ezaugarriak, generoak eta erregistroak
2.2. Administrazioko eta arlo juridikoko testuak: testugintza, testualtasuna eta testu-baliabideak
2.3. Administrazioko eta arlo juridikoko testuak: hizkuntza-kalitatea jomugan

3. Euskararen arauak eta erabilerak arlo juridiko-administratiboan: gida-lerro nagusiak

3.1. Kontsultarako baliabideak interneten: ikusmira orokorra
3.2. Testuen zuzentasuna langai: euskararen gramatikaren eta eredu estandarraren arauak
3.3. Testuen egokitasuna langai: euskara zaindu orokorrerako irizpideak

4. Komunikazio eraginkorra arlo juridikoan eta administrazioaren jardunean

4.1. Komunikazio-gaitasunak eta hizkuntza-eskakizunak arlo juridikoan eta administrazioan
4.2. Komunikazioa arlo juridikoan eta administrazioan: diskurtsoak, generoak eta hizkerak
4.3. Eleaniztasuna arlo juridiko-administratiboan: itzulpengintza, interpretazioa, korredakzioa

5. Zuzenbidearen eta administrazio-jardunaren testu-generoak

5.1. Administrazioaren alorreko testuak eta dokumentuak
5.2. Lege-testuak euskaraz: lege-corpusa, ezaugarri formalak eta hizkuntza-irizpideak
5.3. Epaitegietako testuak euskaraz: sailkapena, ezaugarriak eta balio juridikoa

6. Administrazioko eta arlo juridikoko estiloa, lexiko espezializatua eta terminologia

6.1. Komunikazio espezializaturako hizkuntza-baliabideak interneten
6.2. Administrazioko hizkera langai: estiloa, lexiko espezializatua eta terminologia
6.3. Hizkera juridikoa langai: estiloa, lexiko espezializatua eta terminologia

Urtea

2012

Gaia

Zuzenbidea

ISBN

978-84-9860-685-0

Deskargatu

OHARRA: dokumentu guztiak PDF formatuan. PDF irakurgailu bat beharko duzu dokumentuak ikusteko.