Estatuko Zuzenbide Eliztarra. Atal Orokorra

Egileak

Ana Leturia Navaroa, doktorea, Euskal Herriko Unibertsitatean Zuzenbide Fakultateko irakaslea da. Estatuko Zuzenbide Eliztarreko jakintza eremuan jarduten du.

e-mail: ana.leturia@ehu.es

tf: 943 01 5243

Helburuak

Material didaktiko hauen helburua da Estatuko Zuzenbide Eliztarra deritzon irakasgaian, atal orokorraren parte diren kontzeptuak lantzeko oinarrizko material izatea. Irakasgaiaren oinarrizko kontzeptuak eskaraz eta modu ulergarrian landu nahi dira, dauden ohizko manualekin batera diziplinaren lanketa bideratzeko.

Norentzat

Lehenik eta behin Zuzenbide lizentziaturan Estatuko Zuzenbide Eliztarra landu behar dutenei zuzendua dago. Zuzenbideko ikasketak irakaskuntza plan zaharrari nahiz berriari jarraituz egiten ari den ikaslearengan pentsatuz sortua da, lizentziaturako irakaskuntza programari erantzuten baitio nagusiki.

Bide batez, baliagarri izan daiteke, ikuspuntu juridiko batetik, estatuak faktore erlijiosoari edo pertsonen konbikzioei ematen dien tratamendua aztertu nahi duen edonorentzat, hala nola, gizabanakoaren kontzientzia-askatasuna aztergai duenarentzat.

Edukia

Estatuko Zuzenbide Eliztarraren atal orokorrean, lantzen diren gaien artean lehenengoa izan ohi da, Estatuko Zuzenbide Eliztarra deritzon diziplinaren kontzeptuaren azterketa; bere kontzeptua, garapen historikoa, doktrinaren jarrerak eta konstituzioan dituen oinarri juridikoak.

Ondoren aztergai dira estatu-eredu ezberdinak, kontutan hartuta estatuek zer nolako jarrera duten faktore erlijiosoaren aurrean; dagozkion adibide historikoak landuko dira. Eredu horien harira, aztertuko da ere gizabanakoen kontzientzia-askatasunak zer nolako trataera juridikoa izan duen, kontuan izanda kontzientzia-askatasunak dituen manifestazio desberdinak.

Eredu historikoekin batera, bereziki aztertuko da indarrean dagoen estatu-eredua, alegia, estatua eta konfesio erlijiosoen arteko indarreko erlazio-eredua, eta honek izan dituen aurrekariak.

Diziplinaren iturriak eta printzipio informatzaileak dira material hauen gai nagusi ere. Azpimarratzeko kontzeptuak dira kontzientzia-askatasunarena, pertsonalismoarena, laikotasunarena, lankidetzarena besterik beste.

Egiturari dagokionez, material hauek ikasgaietan banatuta daude. Ikasgai bakoitzaren hasieran eskema bat agertzen da landuko diren ideia nagusiak azpimarratuz, dagozkien garapen-puntuekin. Ondoren, testu moduan, eskemako puntuak garatuko dira. Azkenik, ikasgaiari dagokion bibliografia, oinarrizkoa eta osagarria, hala nola legeria eta jurisprudentzia jasotzen dira. Adierazi den bezala, material hauetan diziplinaren funtsezko kontzeptuak lantzeko oinarrizko materialak dira; beti ere, bertako edukia proposatutako bibliografiarekin sakondu eta aberastu daiteke. Euskaraz egotean, zuzenbideari dagokion hizkera teknikoa ere langai izango da.

Urtea

2007

Gaia

Zuzenbidea

ISBN

978-84-690-3959-5

Deskargatu

OHARRA: dokumentu guztiak PDF formatuan. PDF irakurgailu bat beharko duzu dokumentuak ikusteko.