Zuzenbide Penaleko Ikasgaiak. Zati orokorra eta zati berezia.

Egileak

Material honen egilea Jon-Mirena LANDA GOROSTIZA doktorea da, Zuzenbide Penaleko unibertsitateko irakasle titularra, Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean (Leioako Atalean) jarduten duena (e-mail: ldplagoj@lg.ehu.es; tf: 94 601 3146).

Helburuak

(Sare)Liburu honek Zuzenbide Fakultatean eskaintzen den titulazioari dagozkion Zuzenbide Penala I (Zati Orokorra) eta Zuzenbide Penala II (Zati Berezia) ikasgaien oinarrizko materialak biltzen ditu. Bai teoriaren arloan bai kasu praktikoen arloan erabiltzekoak diren ezinbesteko edukiak eta eskemak ematen ditu eskuliburu honek. Aldi berean Zuzenbide penalerako sarrera eta sakontzeko materialak eskaintzen dira. Ikuspegi praktikotik zuzenbide penaleko benetako kasuei nola egin behar zaien aurre (metodologia) jorratzen da eta teknika juridiko-penala lantzeko kasu ugari ematen dira norbanakoak horien gainean bere kabuz lan egin dezan. Azkenik terminologia juridiko-penala sistematizatzeko eta normalizatzeko tresna ere dugu, liburuak bukaeran dakarren hiztegiaren bitartez.

Norentzat

Testua, lehenik eta behin, Zuzenbide Fakultatean Zuzenbide penala I edota II ikasi behar dutenentzat egina dago, bai klase teorikoak bai klase praktikoak errazagoak baita sakonagoak eta kalitate handiagokoak ere izan daitezen. Halaber, liburua oinarrizko kontzeptuak argitzera zuzentzen denez Zuzenbide penalean lehenengo urratsak egin nahi dituen edonorentzat baliagarria izango da. Aldi berean nor bere kabuz teknika juridiko-penala menperatzeko eta jorratzeko lan-tresna egokia ere izan daiteke.

Edukia

Zuzenbide Penaleko Ikasgaiak honek bai Zati orokorreko bai Zati bereziko eskema praktikoak, kasu praktikoak, eskema teorikoak eta oinarrizko bibliografia biltzen ditu eta bukaeran lan osoan zehar erabilitako terminologiaren bilketa (hiztegia) dakartza. Egiturak berak hasiera batetik argi uzten du lanak alderdi praktikoei lehentasuna ematen diela, alderdi teorikoa ere gutxietsi barik. Horregatik bai Zati orokorraren hasieran bai Zati bereziarenean lehenik eta behin. Eskema praktikoak azaltzen dira. Hauen bitartez zuzenbide penaleko kasu praktikoetan azaltzen diren arazorik funtsezkoentzako irtenbide-ereduak eskaintzen dira era sistematikoan. Zati orokorrari dagokionez delituaren teoriaren inguruko eskemak dira gehienbat, alegia, edozein delituren atzean egon beharreko ezaugarriak modu sistematikoan lantzen dituztenak. Zati bereziaren kasuan, ordea, kalifikazio-idazkia erdigunean dugu, hain zuzen ere jarduera deliktiboen aurreko tipifikazioa, partaidetza gradua, zigorra eta abar ezartzeari begira.

Eskema praktikoak landu ondoren, zenbait kasu praktiko, gehienetan gaztelaniazko epaietatik ateratakoak, zenbaitetan dotrina zientifikoak sorturikoak, sailkaturik ematen dira. Gaien araberako sailkapenak berak nabarmentzen du kasu praktiko bakoitzean zein den landu beharreko alderdi edo arazo juridiko-penalik garrantzitsuena.

Alderdi praktikoen ondotik Eskema teorikoak deituriko atala dator. Horren helburua zuzenbide penalaren inguruko jakintza teorikoa landu edota sakondu nahi duen orori euskarazko egituraketa sistematikoa eskura jartzea besterik ez da.

Bukatzeko Oinarrizko bibliografia - orokorra zein alderdi praktikoak bereziki lantzekoa - eskaintzen da, aurreko atalekin gertatzen zen bezalaxe Zati orokorrekoa eta Zati berezikoa bereizirik. Liburu honek azkenean Hiztegia deitutakoa dakar.

Urtea

2003

Gaia

Zuzenbidea

ISBN

84-8373-514-8