Zuzenbide Zibilaren Sarrera. Eskubide subjektiboa. Pertsonaren zuzenbidea
Egileak
Leire Imaz Zubiaur, Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Zuzenbide zibileko irakaslea, Bizkaiko atalean. E-posta: leire.imaz@ehu.es Tf: 94 601 32 10
Helburuak
Material didaktiko honek Zuzenbide zibilaren sarrerari, eskubide subjektiboari eta pertsonaren zuzenbideari dagozkion oinarrizko edukiak modu ulergarrian azaltzea du funtsezko helburu. Problemetan oinarritutako ikaskuntza metodologia aktiboaren paradigman kokatuak, euskarri honek ikasleei euren lanak egiten lagunduko die, bai klase barruan jorratu beharreko testu eta ariketak lantzeko orduan, baita klasetik kanpo taldeka burutu behar diren unitate didaktikoak egiten ere. Era argian azalduta daude Zuzenbide zibila I irakasgaiaren programa osatzen duten hamabi gaiak. Modu pedagogikoan, azalpen teorikoak adibide praktikoekin argituz eta uztartuz. Gai bakoitzaren bukaeran garrantzi handiko aipamen bibliografiakoak jasotzen dira, ikasleen kontsultarako oso baliagarriak, alegia.
Norentzat
Zuzenbide zibila lehenengoz ikasten duten ikasleei zuzenduta dagoen ikasmateriala dugu hau, alor juridiko honekin ikasleek izango duten lehenengo kontaktua xamurra baina esanguratsua izateko apropos pentsatua, hain zuzen ere. Eskubide subjektiboa eta Pertsonaren zuzenbidea landu nahi dituen edonorentzat da baliagarria euskarri didaktiko hau, gaur egun pertsona orori eragiten dioten hainbat eta hainbat esparru ondo ezagutzearren (nortasunaren eskubideak, erregistro zibila, auzotasun zibila, transexualitatea, gaitasun juridikoa, jarduteko gaitasuna, emantzipazioa, guraso ahala, tutoretza, legezko absentzia, pertsona juridikoa...). Azkeneko lege erreformak barneratzen ditu materialak, hau da, eguneratua dago. Zuzenbideko ikasketak irakaskuntza plan zaharrari nahiz berriari jarraituz egiten ari den ikaslearengan pentsatuz sortu da euskarria.
Edukia
Hamabi irakasgaiek osatzen dute Zuzenbide zibilaren sarrerari, eskubide subjektiboari eta Pertsonaren zuzenbideari buruz aurkezten den euskarri didaktiko hau. Hiru bloketan banatua dago irakasgaia, baita materiala ere. Lehenengoan Zuzenbide zibila zer den azaltzeaz gain, bere iturriak, arauen eraginkortasuna eta hauen aplikazioa jorratzen dira. Bigarren zatian, eskubide subjektiboaren alderdi estatikoa eta dinamikoa lantzen dira, nortasunaren eskubideak banaka aztertuz. Bukatzeko, hirugarren partean Pertsonaren zuzenbidea aurreikusten da, euskarriaren gai nuklearrak bertan jasoz (gaitasuna, adina, Erregistro Zibila, transexualitatea, babes-erakundeak eta pertsona juridikoa).
Irakasgai guztien egitura bera da. Hasteko, lehenengo atalean, gai horretan jorratuko diren arau juridikoak zeintzuk diren aipatzen da. Segidan, irakasgaiaren programari jarraiki, atalka gaiaren kontzeptu eta ideia nagusiak azaltzen dira, maiz doktrinak eta jurisprudentziak beroiei buruz luzatzen dituen interpretazioak gaineratuz. Irakasgaiak oinarrizko aipamen bibliografiko batzuekin bukatzen dira beti, baita komentagarriak suerta daitezkeen hainbat testurekin ere.
Urtea
Gaia
ISBN
Deskargatu
OHARRA: dokumentu guztiak PDF formatuan. PDF irakurgailu bat beharko duzu dokumentuak ikusteko.
Zuzenbide Zibilaren Sarrera
pdf, 1 MB