Dispositiboen Elektronika

Egileak

Federico Recart Barañano, Susana Uriarte del Río eta José Rubén Gutiérrez Serrano Bilboko Ingeniaritza Eskolako Elektronika eta Telekomunikazioak Saileko irakasleak dira eta beren ikerkuntza-lanak Teknologia Mikroelektronikoaren Institutuan egiten dituzte (ikus http://det.bi.ehu.es eta http://tim.ehu.es).

Helburuak

Liburu hau Telekomunikazio Ingeniaritza Titulazioan enborrezkoa den Dispositiboen Elektronika irakasgaian erabiltzen da. Ikasleek elektronikarekin duten lehenengo harremana hau izaten denez, irakasgaiaren helburu nagusia oinarrizko osagaien ezaugarriak eta funtzionamenduaren printzipioak ezagutaraztea da.

Norentzat

Testua Ingeniaritza Eskolako Lehenengo Ikasturteko ikasleentzat bereziki prestatu da, baina dispositiboen funtzionamendua eta anplikazio-sistema sinpleak azaltzen dituenez, oso baliagarria gerta daiteke, orobat, edozein maila eta titulazioko Elektronika-ikasleentzat -edota ikasle horiei irakatsi behar dietenentzat.

Edukia

Liburuaren ardatz nagusia transistorea da, zeren eta dispositibo hori baita elektronika analogikoaren eta digitalaren oinarrizko osagaia. Baina haren funtzionamendua eta oinarrizko aplikazioak ulertzeko, urrats batzuk egin behar dira lehenago. Hori dela eta, lau atal bereizi dira.

Lehenengo atalean, liburua erdieroaleen ezaugarrien analisiaz arduratzen da. Izan ere, material horiek hain ezaugarri bereziak dituztenez, gaur egungo dispositibo elektroniko gehienen lehengaia baitira -bereziki silizioa-.

Bigarren atalean, pn juntura analizatzen da. Egitura horren garrantzia bikoitza da: batetik, hain pisukoak diren diodoak eta zelula fotovoltaikoak pn juntura bakunak baitira; bestetik, transistore bipolarraren funtsa ulertzeko ezinbestekoa baita.

Hurrengo atalean, transistore bipolarra analizatzen da. Egitura fisikotik abiatuz, erregimen geldikorrean, transistore-efektua aurkezten da. Hau ikusita, erregimen dinamikoko analisia aztertzeak anplifikatzera eta anplifikatze-sistemetara garamatza.

Laugarren atalean, eremu-efektuko transistorea ikasten da, bipolarrean jarraitu den bide berdinetik abiatuz.

Atal bakoitzaren amaieran, ariketa multzo anitza dator, ikasitako kontzeptuak finkatze-lanak errazteko asmoz.

Urtea

2004

Gaia

Ingeniaritza

ISBN

84- 8373 - 647 - 0

Deskargatu

OHARRA: dokumentu guztiak PDF formatuan. PDF irakurgailu bat beharko duzu dokumentuak ikusteko.