Psikologia ikasteko estatistikako aurre-ezagutzak

Egileak

Izaskun Ibabe Erostarbe, Psikologian Doktorea eta EHUko Psikologia Fakultateko "Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia saileko irakasle titularra izaskun.ibabe@ehu.es Telefonoa: 943015691

Lorena Gil de Montes, Psikologian doktorea eta EHUko Psikologia Fakultateko "Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia" saileko irakasle titularra lorena.gildemontes@ehu.es Telefonoa: 943015690

Helburuak

Datu-azterketaren edo Estatistikaren arloan Euskaraz argitaratutako testuak gutxi direnez, material honek, alde batetik, Psikologia Fakultatean ematen diren irakasgaietara hurbiltzeko (bereziki Psikologia zientifikoaren oinarriak eta Psikologiaren Metodologia) eta oinarrizko ezagutzak eskuratzeko laguntza ematea du helburu. Bestalde, "datuen azterketa" alorreko ikasgaietan jarduteko motibazioa suspertzea da bigarren helburua. Horretarako, oinarrizko ezagupenak lortuz, ikasgaiei modu lasaiagoan jarraituko diete. Gainera, Metodologia-arloko irakasgai gehienetan erabil daiteke kontsulta-liburu gisa.

Norentzat

Bereziki, Psikologia Euskaraz lehenengo ikasturtea ikasten duten ikasleentzat. Ikasliburu hau praktikoa da, ikasleen errealitate eta behar matematikoetara egokituta dagoelako. Psikologia ikastera datozen ikasle batzuek "hutsuneak" dituzte arlo honetan. Liburu hau bi ikasle mota ezberdinetarako dago pentsatuta. Alde batetik, psikologia ikastera datozen ikasleen ehuneko handiak gizarte-zientzietako batxilergoa aukeratzen du. Ikasle talde horretako multzo batek ez ditu estatistikaren oinarrizko kontzeptuak ondo ikasi, eta arazo horrek ikaste-porrota ekarri ohi du. Bestalde, badago beste ikasle talde bat zientzietako batxilergoa aukeratu duena. Horiek zailtasun gutxiago izaten dute, baina, gehienetan, beren ezagupenak eguneratzeko beharrean daude. Askotan, ikasle horiek estatistikarekin lotutako matematika ikasturtearen azken saioetan ikasten dute, eta, denbora-presioa dela-eta, askotan, azaletik ikasten da. Horregatik, material hau lehenengo mailako ikasle guztientzat interesgarria delakoan gaude.

Testu honetan, Batxilergoko ikasketa-planetan agertzen diren kontzeptu batzuk errepasatzen dira, baina, kasu batzuetan, sakontasun gehiagorekin. Liburu honetan lantzen diren kontzeptuak oinarrizkoak direnez, Psikologiaren arloan ez ezik, Gizarte Zientzietako edozein arlotan ere izan daiteke baliagarria material hau.

Edukia

Material hau 8 ataletan antolatuta dago: I. atala, Estatistikarako behar diren Matematikako kontzeptuak aurkezten dira: batukariaren arauak, funtzioak eta matrizeak; II. atalean, aldagai bakarreko estatistika deskribatzailea hiru gaitan da banatuko: datuen antolaketa, adierazpide grafikoak eta joera zentraleko neurriak; III. atalean, probabilitatearen inguruko kontzeptuak landuko dira, zenbatzeko teknikekin batera; IV. atalean, estatistika inferentzialaren oinarrizko kontzeptuak azaltzen dira; V. atalean, datu-prozesua (matematika eta estatistikako oinarrizko eragiketak) kalkulagailua eta Excel programa erabiliz ikasten da; VI. atalean, Matematika-ezjakintasunaren ondorioak planteatzen dira. VII. atalean, hiru gai eranskin moduan azaltzen dira: termino estatistikoen esanahia, zenbaki errealen biribilketa, eta ekuazioak eta polinomioak. VIII. Gaian, Bibliografia eta Interneteko baliabide batzuk ditugu gai bakoitza gehiago sakontzeko.

Gai bakoitzean, teoria eta dagozkion burututako eta proposatutako ariketak ere aurkezten dira, azkeneko hiru ataletan izan ezik. Garapen teorikoa motza da, baina adibideekin justifikatuta aurkezten da. Adibide horiek xehetasun handiarekin eginda daude. Proposatutako ariketak ere badaude eta ikasle bakoitzak behar dituenak bakarrik egin ditzala gomendatzen da, seguru egon arte atal bakoitzeko kontzeptuak ondo menderatzen dituela..

Urtea

2011

Gaia

Psikologia

ISBN

978-84-694-0617-5

Deskargatu

OHARRA: dokumentu guztiak PDF formatuan. PDF irakurgailu bat beharko duzu dokumentuak ikusteko.