Tostako Arrauna

11. Araudia (sintesia)

  • OHARRA*
    Kontuan izanik lan honen izaera eta oinarrizko maila, ez dugu askorik sakonduko honelako atal nahasi batean. Hainbat erakunde ditugu, eta bakoitzak araudi luzeak argitaratu ditu: Arraunketako Euskal Federakuntzak, 29 orrialdekoa; TKEk, 23 orrialdekoa; lehiaketa bakoitzak bere araudia dauka...

    Zenbait kasutan xehetasun propioak dituzte. Laburpen honetan, irizpide komunak jasotzen saiatu gara, irakurleak ikuspegi orokor bat izan dezan (garbi izan hemen aipatutako oharrek izaera hori dutela). Zalantzazko kasuetan jatorrizko iturrietara jo beharko litzateke —erakunde bakoitzak argitaratutako araudietara, alegia—.

    Esate baterako, TKEk epailearentzako koloretako bandera gehiago ditu; irteeretarako ohartarazte-sistema desberdina du; balizen arteko tarte desberdina du (45-50 m, eta ez 40-45 m); arraunlarien fitxetan bereizketak egiten ditu elkarte bertan hasitakoen eta kanpotik ekarritakoen artean... Xehetasun horiek guztiak aipatzeak lan honen helburuak gainditzen dituela uste dugu. Esan bezala, beraz, ezaugarri komunen inguruko argibideak azaltzen ahalegindu gara, sintesi moduan.

ESTROPADA EREMUA:

Itsaso irekian, ibaian, urtegian edozein motatako ingurutan antola daitezke. Estropada ofizialetarako gutxienez 4 kale izan beharko dituzte. Irteerako buiek luzera bereko estatxa bana izan beharko dute.

Topografoek egindako planoak aldez aurretik onartu beharko dira. Lehorrean erreferentzia nabarmenak izan beharko dituzte. Ontziak uretaratzeko irteera egokiak izan beharko dituzte (arranpalak, pantalanak...) atoien aparkalekutik gertu.

Lehen kalea (zuria) lehorreko epaileengandik hurbilenekoa izango da. Gutxienez 4 kale izango ditu (gero salbuespenak onartu ohi dira), erlojupekoetan izan ezik. Traineruetako estropadaren luzera guztira: 3 itsas mila= 5556 m. Lau luze eta 3 ziabogatara jokatzen dira (1389 m luze bakoitza, beraz).
Bateletako estropaden luzerak: infantil-mailan, 1000 m (2 luze); kadete-mailan, 1500 m (3 luze); jubenil- eta senior-mailetan, 2000 m (4 luze).

Ziabogak bere balizaren istriborretik hartu behar ditu ontzi bakoitzak. Ontzi bakoitzak bere kaletik joan beharko du, azken luzean izan ezik, non, kaleko ontziari oztoporik egiten ez bazaio (epailearen arabera), edozein kaletatik joan baitaiteke.

Balizak lotzeko erabilitako sokek ez dute eragotzi behar ontzien maniobra. Horregatik, kanpoaldeko sokak kontrapisua eraman ohi du, tentsioa aingura aldera diagonalean joan beharrean, zuzenean beherantz joan dadin. Balizen koloreak: zuria (1), gorria (2), berdea (3), horia (4). Traineruetan, balizen arteko tartea 45 m-koa izango da. (AEF, 40-45 m; TKE, 45-50 m).

ONTZIAK:

Neurriak eta pisuak: testuan azaldu ditugu.
Gogoratu trainerua 12 m luze dela eta 200 kg dituela gehienez.
Palkak gehienez 45 cm-ko altuera izan dezake, eta brankatik 30 cm irten daiteke gehienez ere (helmugarako erreferentzia branka izango da betiere).
Lasta hartzera behartuz gero (ontziak edo patroiak pisu minimoa ematen ez dutela eta), ondo atxikirik eta popan, patroiaren ondoan, eramango da.

ARRAUNAK

Edozein material eta pisutakoak izan daitezke, baina koilara eta aizkora antzekoak ez dira onartzen (“bisectriz y aristas rectas” dio araudiak). Ontzi barruan nahi adina arraun eraman daitezke, baina aldi berean bakarra erabil dezake arraunlari bakoitzak.

EPAILEAK

Lehorrekoa, uretakoa, epaileburua... Lehorreko epailea denbora neurtzeaz arduratuko da; uretakoak zainduko du irteeran, helmugan eta ziabogetan araudia zorrotz betetzen dela, bai eta ibilbidean zehar ontziek elkar oztopatzen ez dutela.
Estropada hasi aurretik eremua ondo dagoela egiaztatu behar dute epaileek: estropada-eremu barnean ontzirik traban ez dagoela eta balizak egoki jarri dituztela, alegia (kateatzeko moduko sokarik ez dagoela eta kale guztiek luzera berdina dutela).
Amaitutakoan, dena araudiarekin bat egin bada, eta erreklamaziorik ez badago, bandera zuria jasoko du uretakoak, eta gero lehorrekoak. Hortik aurrerako erreklamazioak Lehiaketa Batzordeari aurkeztu beharko zaizkio. Irregulartasunen bat egon bada, bandera gorria jasoko du.

Ordezkarien bilerara elkarte bakoitzak pertsona bat bidaltzen du (estropada hasi baino ordubete lehenago). Kaleen zozketa orduan egiten da, eta ordezkari horrek jakinarazi beharko die emaitza uretan dauden bere taldeko kirolariei. Itsaso txarragatik estropada bertan behera uztea edo ez ere haien eskumena da.

Ordezkarien bileran, arduradun horrek arraunlarien fitxak aurkeztuko ditu, akta egiteko. Tostan duten postuaren arabera zerrendatuko dira aktan, diziplina-neurririk hartu behar izanez gero identifikatuak egon daitezen. Brankatik popa aldera zenbatzen dira arraunlariak, ababorrekoak lehendabizi eta istriborrekoak gero: 1, aurrekoa; 13, istriborreko hankakoa; 14, patroia (ondoren ordezkoak). Estropada hasi baino 5 minutu lehenago arte aldaketak egin daitezke taldean, baina betiere ordezkoen zerrenda erabiliz.

Uretako epaileak hainbat koloretako banderak eramango ditu: zuria (oharrak eta abisuak emateko) eta gorria (irteera eta amaiera adierazteko, edo estropada eten dela ohartarazteko), besteak beste. Era berean, megafonoa ere izango du. TKEren kasuan, bandera horia baliatzen da, 3 segundoko zigorra adierazteko eta berdea, kanporatua izan dela azaltzeko.

ARRAUNLARIAK

Denboraldi baten barruan, arraunlari bat laga egin dakioke beste elkarte bati, baina behin bakarrik egin daiteke aldaketa hori. Alegia, denboraldia amaitu arte ezingo du parte hartu ez jatorrizkoan, ez beste inongo klubetan (soilik laga dioten taldean). Denboraldi berean, gehienez bi elkartetan ari daiteke, beraz. Urtero urriaren 1a jotzen da denboraldien arteko mugatzat.

Kategoriak: urte horretan adin hauek beteko dituztenak: infantil-maila (13-14 urte), kadeteak (15-16), jubenilak (17-18), eta senior-maila (19tik aurrera).

Infantil-mailako arraunlari guztiek igeri-jaka jantzi beharko dute nahitaez, bai eta kadete-maila arteko patroiek ere.

Janzkeran bateratasuna eskatzen du araudiak; baldintza hori bete ezean, epaileak ez du irteerarik emango.

PATROIAK

Patroiak gutxienez 55 kg izan behar ditu gizonezkoen senior-mailan (bestela, 10 kilora arteko lasta eraman beharko du traineruak). Emakumezkoen mailan, gazteentzakoetan eta ontzi motzetan 50 kg izan beharko ditu. Gazte-mailetan patroia ezin daiteke izan dagokion mailakoak baino zaharragoa. Senior-mailan edozein adinetako patroia erabil daiteke. Patroirik gabe helmugaratzen den ontzia kanporatua izango da. Patroiak ezin dezake lagundu hankakoaren edo beste inoren arrauna bultzatzen.

IRTEERA:

Ontziek 5 minutu lehenago irteeran egon beharko dute. Hortik aurrera epailearen esanetara egongo dira. Garaiz azaltzen ez badira, ohartarazpena jaso dezakete, bai eta kanporatuak izan ere. Epaileak abisuak eman arren, jarreraz aldatzen ez badira, 3 segundoko zigorra ezarriko die, eta kanporatu, hala jarraituz gero (TKE).

Uretako epaileak, zodiakean duen megafonoaren bidez, onespena eskatuko die banan-banan patroiei; bandera gorria jasoko du, eta, jaistearekin batera, ozenki “Ba!” esango du. Bigarrenez irteera faltsua egiten duen ontzia kanporatua izango da (behar baino lehen irten edo estatxa askatu). Irteera eman eta lehenengo 20 segundoetan tresnaren bat (ontzia, hankalekua, toleta, estropua, arrauna) hausten bada, estropada bertan behera gelditzen da, eta berriz ematen da irteera. Irteera bat faltsutzat joz gero, epaileak berehalakoan abisatuko du, ozenki megafonoz esanda eta bandera gorria jasota. Bi irteera faltsu egiten duen ontzia kanporatu egiten dute.

Erlojupeko estropadetan, 5 minutu lehenago irteeran egon beharko du ontziak, epaileak abisatuko du 30 segundo eta 20 segundo falta direnean. Azken 5 segundoak banan-banan ahoskatuko ditu, atzerantz kontatuz. Behar baino lehen irteten denak 10 segundoko zigorra jasoko du (ontziak geldirik egon behar du, eta patroiak estatxa eskuan eduki, irteera eman ahal izateko). Ontziren bat berandu iritsiko balitz irteerara, kronometroak abian jarraituko du zegokion unetik. Ontzia gelditu, patroiak estatxa hartu, eta abiatu beharko du. Aurreratua izango den ontziak pasatzen lagundu behar dio atzetik datorrenari, istribor aldera baztertuz.

ESTROPADAREN GARAPENA

Bi ontzik elkar joko balute edo arraun-palak trabatuko balira, eta horrek, epailearen iritziz, emaitzan eraginik baleuka, erantzukizuna duen ontzia kanporatua izango litzateke. Besteen kalean sartu ondoren, epailearen 2. abisuari jaramonik egiten ez dion ontziak 3 segundoko zigorra jasoko du (TKE). Hala eta guztiz ere, ibilbidea mantentzen duena kanporatua izango da.
Erlojupeko saioetan, aurreratua izango den ontzia, besteari oztoporik egin gabe, bidea uztera behartuta dago.

Kanporatua den ontziari azken sailkatuaren denbora eta 15 segundo gehiago ezarriko zaizkio.

Estropada-unean debekatuta dago traineruen ibilbideari jarraitzea (epaileen ontziak edo sorospenekoak soilik egin dezakete).

Tostako arraunean estropadan zehar komunikazioa egon daiteke entrenatzailearen eta lehiatzen ari den ontziaren artean; aulki mugikorrean ez (berariaz debekatuta daude komunikazio-tresna elektronikoak).

Kronometroak geldituko dira, ontziaren brankak barruko 4 balizen arteko irudizko lerroa zeharkatzen duenean. TKEren kasuan, bazter banatan buia bat gehiago ezarriko da (0 eta 5 kalea balira bezala), eta ontziek horien barrualdetik sartu beharko dute nahitaez.

ERREKLAMAZIOAK

Uretan patroiak soilik erreklama diezaioke epaileari. Lehorrean, elkarteko ordezkariak. Azken txanda amaitzen den unetik ordubeteko epea du erreklamazioa idatziz aurkezteko. TKEren kasuan, 70 €-ko fidantza jarri beharko du.

DOPINGA

Debekatuta dago Nazioarteko Olinpiar Batzordeak argitaratutako zerrendako produktuak —hau da, artifizialki kirolarien errendimendua hobetzeko erabiliak— hartzea. Kanporatua izango da legez kanpoko substantziaren bat hartzen duena, hura hartzera bultzatzen duena, hartzen laguntzen duena edo horrelako ekintzaren bat estaltzen duena (eta azken finean tripulazio osoa).

Gora