4. Traineruaren osagaiak eta hainbat material
Branka:
Ontziaren aurreko aldea. Karela altuago dagoenez, aurrekoak arraun luzeagoa darama.
Ziabogetan (trinkatzeko edo espaldeatzeko) arraun motza han eraman ohi dute. Ontzia
gero eta estuago da pare horretan, eta itsaso txarrean gehien mugitzen den partea
da. Beraz, teknika handiko arraunlariak kokatu ohi dira hor. (Proa gaztelaniaz).
Popa:
Ontziaren atzekoa aldea. Garai batean atzeko bi tostetan hankakoak banaka joan
ohi ziren. Zenbait kasutan olatuak hobeto hartzeko, patroiak bagera gainera
igo ohi dira. Ontzigile batzuek gila markatuago eraman ohi dute amaieraraino.
Olatuen alde ontzia hobeto gogortzen laguntzen du, baina ziabogan eragozpen
bihurtzen da. (Popa gaztelaniaz).
Ababorra:
Popatik branka aldera begiratuta, ezkerreko aldea. Kolore gorriz adierazten
da. Maiz traineruko aurrekoa ababorretik joan ohi da, baina beste albotik ere
joan daiteke, bai eta luze bakoitzean txandakatu ere.
Istriborra:
Popatik branka aldera begiratuta, eskuineko aldea. Kolore berdez adierazten
da. Ziabogetan balizak istriborreko aldetik hartu behar dira. Edozein eratara
jar badaiteke ere, gehienetan trainerilletako hankakoa istriborretik jarri ohi
da.
Toleta:
Karelean dauden 20 cm inguruko makila edo ziri zilindriko bertikalak. Tosta
bakoitzaren parean bat dago (bai ababor, bai istribor aldetik). Arraunlari bakoitzak
berea du: aurrekoak 2 ditu (albo bakoitzetik bat), eta patroiak ere badu berea.
Arraunaren bulkada toletaren bidez igortzen zaio traineruari. Estropuaren bidez
arraunlari bakoitzak toletan kateatzen du arrauna (bakoitzak berean). Toletaren
eta tostaren arteko distantziak baldintzatuko du arraun egiteko era, bai eta
arraunlariaren indarraren deskonposizio bektoriala desplazamendu-noranzkoarekiko.
Atzerriko beste kultura batzuetan, transmisio hori lortzeko hainbat sistema
erabili ohi dira: toletera kulunkaria (arrauna biratzen den urkila batean sartuta);
toletera bikoitza (estropurik gabe, topea dauka noranzko batean zein bestean);
arrauna zati batean zabalago da eta han zulotxoa dauka toleta sartzeko...
Estropua:
Espartzuzko lakainaz edo kalamuz egindako uztai estu moduko horrek arrauna toletari
lotzen dio, aipatutako bulkada lortzeko. Denborarekin zabaldu, eta aldatu behar
izaten dira. Nylonezkoa eginez gero gehiago irauten du, baina ez da hain goxoa
lanerako. Mistoak edo tartekatuak erabili ohi dira. Estuegiak badira, eskumuturrak
neurriz kanpo nekarazten ditu. Denborarekin, toleta higatu egin daiteke. Arraunak
toletaren aurrealdean joan behar du (branka edo arraunlari aldera). Sortzen duen
hotsak arraunlari guztiak koordinatzen laguntzen du.
Tosta:
Arraunlarien eserlekua. Ontzia gogortzeko bagera batetik bestera (ababorretik
istriborrera) doan ohola. Egun, tostartea (hankalekutik tostarako distantzia)
arraunlarien neurri eta ezaugarri antropometrikoetara egokitu daiteke saioa
hasi aurretik. Traineruaren egituraren albo banatara, erregleta moduan, zulo-lerro
bat dago, tostak, tximeleten bidez estutuz, arraunlari bakoitzari dagokion lekuan
finkatzeko.
Ukitze-azalera gozatze aldera, gomaz edo belakiz babestuta egon ohi dira.
Toletarekiko distantzia mantentzeko asmoz, tostartea aldatu aurretik, ahal dela,
hankalekua mugitzen saiatu beharra dago lehenengo aukera gisa. Egoerak hala
eskatzen duenean, arraunlariaren altuera edo karelarena takoak sartuta goratu
egin daiteke.
Hankalekua:
Arraunlariak hankak bermatzeko erabiltzen duen tosta (ointokia). Antzina tosta
bakarra eta zabala erabiltzen zen. Mutur batean arraunlaria esertzen zen, eta
bestean atzeko arraunlariak hankak bermatzen zituen. Gaur egun, tostartea arraunlari
bakoitzaren neurrietara egokitzen denez, bakoitzak bere hankalekua behar du, eta
horregatik tosta zatitu (bikoiztu) egin da. Esan bezala, pieza bat ipurdia bermatzeko
da, eta bestea, hankek bultzatzeko lekua izan dezaten.
Komeni da tostartea estu samarra izatea, zangoen indarra hobeto baliatzeko. Estuegia
izanez gero, ordea, arraunarekin belaunak libratzeko arazoak izaten dira; hau
da, hurrengo arraunkadaren bila goazenean belaunekin trabatzeko arriskua dago.
Horregatik, itsaso txarreko egoeretan lagungarri gertatu ohi da tostartea zerbait
luzatzea.
Palka:
Itsaso zakarra dagoenean urik ez sartzeko ontziaren brankan pieza gehigarri bat
eransten (itsasten) da, altuera handitzeko. Altuera handiagoa izanda, olatuei
gehiago kostatuko zaie barrura sartzea. Itsasoaren egoeraren arabera, palka handiagoak
edo txikiagoak erabili ohi dira aukeran.
Haizearekiko marruskadura handitu egiten da, bai eta pisua ere (gainera pisua
aurrean kokatzen denez, ontzia gobernatzea zailtzen du); ziabogan espaldeatzeko
eragozpena da... baina beharrezkoa denean, erabaki hori hartu beharra egoten
da. Ontzira ura sartzea kaltegarria da, pisua handitzen duelako, baina batez
ere pisu horiek, batera eta bestera, mugitzean eragiten duen inertzia negatiboagatik.
Badira brankan kokatzen diren xafla horizontal batzuk ere, tarteko olatuak
daudenerako. Ontzia muturra sartzen hasiz gero, branka altxatzen laguntzen dute,
eta ura sartzea saihesten dute. Olatuak amulatik edo albotik jotzen duenerako,
badira beste babes batzuk karel gainean ezartzen direnak, traineruaren albo
osoan, toleten inguruan arrauna libratzeko besteko tartea uzten dutenak.
Karelak dituen zulotxoetan tximeleten bidez lotzen dira, erraz kentzeko eta
ipintzeko, ontziari kalterik egin gabe.
Arraunak:
Arraunak garai batean pagozko egur trinkoz egiten ziren, eta kontrapisu gisa beruna
sartzen zieten tiborta parean. Topearen eta tibortaren arteko distantzia topetik
palara bitartekoa baino askoz ere motzagoa da. Arraunak hain astunak zirenez,
gobernatzeko lanak izaten ziren eta oso nekagarria zen. Kontrapisu horiei esker,
lana erraztu egiten zen. Gerora, barnealdea hutsik zuten arraunak sortu zituzten,
egurrezko estrabeak kolatuz. Hainbat piezatako arraun horiei arraun kolatu deitzen
zaie.
Azkenaldian, karbono-zuntzezkoak egiten dira. Arinak izateaz gain, hainbat
malgutasun-mailatakoak daude: hasierako kolpean okertu (eskuak jasaten duen
kolpea leuntzeko) eta energia hori uretara transmititzen dutenak jatorrizko
egoerara itzultzean. Horietako arraun batzuk hemen egiten dira, baina zenbait
kasutan Lituaniatik inportatzen dira.
Aipagarria da, ontzien materialari dagokionez, moldaketak onartzeko garaian
irizpide nagusia errendimendua izan bada ere, ez dela horrelakorik gertatu arraunen
diseinuari dagokionez. Gauzak horrela, aulki mugikorreko arraunetik egokituta
koilara erako palak eta aizkora itxurakoak debekatuak izan dira, araudian zirrikitu
bat lortzen saiatu ondoren.
Ez da erraza ulertzea zergatik kasu batzuetan ohiko materialen aldeko apustua
egiten den; eta besteetan, aldiz, balizko errentagarritasunaren aldekoa.
Entrenatzailearen ustea eta arraunlarien gaitasunen arabera alda badaitezke
ere, azken urteotan traineruko arraunak 3’55 m luze izan ohi dira.
Arraunean hainbat atal bereizi ohi dira: pala, lepoa, zangoa edo enborra (caña),
estropu-lekua edo topea, palanka edo tibortatik toletara bitartekoa, tiborta.