1. Sarrera
Aurreko ataletan, zenbait ariketa, baliabide
eta proposamen aurkeztu dira arraunaren irakaskuntza-prozesua bideratzeko.
Kontuan izan behar dugu entrenamenduaren printzipio nagusietako bat
(bai eta irakaskuntzarena ere) indibidualizazioa dela. Ez litzateke
zuzena izango programazio estandar, itxi eta zurrun bera ikasle guztiei
ezartzea. Haur bakoitza era batekoa denez eta berezitasun propioak dituenez,
programazioek haren ezaugarrietara eta ikaskuntza-erritmora moldatzeko
malguak izan behar dute.
Era berean, kontuan izan behar dugu hainbat
testuinguru eta adinetan izan daitekeela lehen harremana arraunarekin.
Oro har, esan daiteke arraunean hasteko hiru aukera edo bide nagusi
daudela:
- Lehiaketako arraun-elkarte
baten eskutik. Errendimendua eta lehiaketa dira xedeak. Horrek, haurraren
adinarekin batera, baldintzatzen du programazioaren ikuspegia eta helburua.
Beren borondatez bide hau aukeratu duten haurrak dira, gehienetan gaitasun
egokiak dituztenak.
- Arrauna sustatzeko ikastaro
baten bidez. Foru-aldundien egitasmoei esker, eskolen eta arraun-elkarteen
arteko zubi-lana egiten da, eskolaren ordutegitik kanpo ahalik eta gazte
gehiengana iristeko. Haur horiek arrauna ezagutzea da asmoa, gerora
gustuko dutenek errazago segi dezaten.
- Derrigorrezko Hezkuntza Sistemaren
barnean, Gorputz Hezkuntza arloari eskainitako eskola-orduetan. Curriculumaren
barnean beste kirol batzuk lantzen diren bezalaxe jorratuko litzateke
hau ere. Oinarrizko maila bakarrik eskuratuko balitz ere, ezagutza minimo
hori haur guztien artean zabaltzea bermatuko luke. Ez litzateke mugatuko
motrizitatearen eremura; testuinguruan txertatuta eta sustraituta aurkeztuta,
gure kultura-ondarean duen garrantzia ere landuko bailitzateke. Unitate
didaktiko hau multzo honetan kokatuko litzateke.
Beste kirol batzuk onartuak daude Oinarrizko
Hezkuntzako curriculumaren barruan; zenbait kirol onartzeko garaian,
ordea, badirudi zailtasunak ditugula askotan. Kirol horiek motrizitatea
lantzeko besteak bezain egokia izateaz gain, kultura-ondarea jorratzen
ari garela kontuan izanik, balio erantsia ere badutela uste dugu. Egia
da honelako jarduerek zenbait zailtasun dituztela: antolaketa, baliabide
materialak, instalazioak, joan-etorriak eta denbora. Gutxieneko baldintzak
bete eta nahikoa borondate izanez gero, gauzak egin egin daitezke. Aurkezten
dugun programazio hau ez da hipotetikoa; izan ere, urtero gauzatzen
dute zenbait ikastetxeetan. Ez du eredu itxi bat izan nahi, proposamen
posible bat baizik. Bakoitzak ikusi beharko du bere egoeraren arabera
nola egokitu.
Oro har, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako
lehenengo zikloko ikasleekin lan egiten badugu ere, bakoitzak ikusiko
du zer adinetan erabili.
2. Helburuak
Ezer baino lehen, argitu behar dugu unitate
didaktiko hau kokatu behar dugula Oinarrizko Curriculum Diseinuaren
(OCDren), Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuaren (IHPren) eta Gorputz Hezkuntza
arloko Ikastetxeko Curriculum Proiektuaren (ICPren) barnean. Hau da,
eskolak berak lehendik ezarri duen Urteko Planarekin bateragarria behar
du izan. Testuinguru horretan txertatu behar dugu, aurretik onartutako
mugak errespetatuz betiere.
PROZEDURAZKO HELBURUAK (motorrak)
- Aberastasun motorra eta trebetasun
zehatzak baliatzeko gaitasuna hobetzea, eta eginkizun berrietara egokitzeko
duen ahalmena garatzea.
- Koordinazioa hobetzea, arraunketa-teknikako
mugimendu guztiak behar bezala lotuz.
- Naturako ingurune berrietan
oreka lantzea, eta gaitasun propiozeptiboak hobetzea.
- Ontzia uretan gobernatzean
oinarrizko autonomia-maila lortzea.
- Arraunlari zein patroiaren
eginkizunak probatzea.
- Arraunaren keinu teknikoa
ikasten hastea.
- Uretako ingurunean segurtasunez
eta autonomiaz moldatzen hastea.
EZAGUTZAZKO HELBURUAK
- Arraunaren inguruko gorabeheren
berri jasotzea.
- Arrauneko hainbat lehiaketa
motatan parte hartzen duten osagai eta tresnak ezagutzea.
- Bizkaiko itsasoan arraunak
kirol moduan izandako bilakaera eta historiaren inguruan zenbait ohar
biltzea.
- Kirol honek gure kulturaren
ondarean duen garrantziaz jabetzea.
- Sor daitezkeen arriskuez jabetzea,
eta segurtasun-neurriak ezagutzea.
JARRERAZKO HELBURUAK
- Arraunarekiko zaletasuna eta
interesa sustatzea.
- Kirol honek etorkizunean aisialdirako
nahiz lehiarako eskain ditzakeen aukerez gogoeta egitea.
- Arraunak norberaren garapen
soziopertsonalean izan dezakeen eragina aintzakotzat hartzea, autoerrealizazio-iturria
eta lagun taldean txertatzeko aukera dela kontuan izanda.
- Jarduera osasungarri bati
esker gozatzeko aukera baliatzea.
- Jarduera hau bizitzako beste
zenbait esparrutara balio positiboak zabaltzeko aukera gisa ulertzea:
ahaleginaren bidez hobetzeko grina; diziplina arrakastaren iturri gisa;
lankidetza eta talde-lana; aurkarienganako errespetua
- Naturaguneek duten
garrantziaz ohartzea, eta horiek babestearen aldeko jarrera areagotzea.
3. Edukiak
Egitasmo didaktiko honetan ezarritako
helburuak lortze aldera, eduki hauek lantzea proposatzen da. Kontuan
izan behar dugu zer baldintzatan eta zer mugarekin gauzatzen den programazio
hau. Eduki asko ditugu, eta denbora gutxi; beraz, ezinezkoa litzateke
eduki guztiak maila egokian eskuratzea. Berez, ikuspegi irrealista izanik
ere, horiek guztiak ikasleek probatzea eta esperimentatzea da asmoa,
kirol honen inguruan ideia bat osa dezaten, ea zaletasun edo interesik
piztea lortzen dugun, gero beren kabuz segi dezaten.
Ezagutza teorikoak:
- sarrera historiko laburra:
jardueraren jatorria (nola eratu zen) eta bilakaera
- lehiaketa-araudiari buruzko
apunteak
- bitxikeriak, arraunlari ospetsuak,
elkarte garrantzitsuenak
- herriko arraunaren egoera,
lehen eta orain
Tresnak eta osagaiak:
- tosta, tolete, estropu, palka,
txumazera
- arraunak: hainbat luzeratakoak
(ontziaren arabera), pala motak (koilara, aizkora
), eginkizunaren
araberakoak (espaldeatzekoa, patroiarena, aurrekalaria
)
- ontziaren osagaiak: branka,
popa, ababor, istribor, karela, gila, korasta
Ontzi motak:
- batela, trainerila, trainerua
(batekoa)
- yola, outriggera
Beroketa:
- garrantzia
- eginkizunak
- ezaugarriak (adibide praktikoak)
Arraun-teknika. Atal hauek dituen mugimendu
zikliko eta konstantea:
- erasoa (sarrera)
- pasaldia
- ateratzea
- errekuperazioa (bila joatea)
Keinu teknikoa, osagaiak eta garapena:
- oinarrizko jarrera
- ontzian bermatzeko modua
- atalen aurkezpena
- zango, sorbalda eta besoen
eginkizuna
- tibortari eskuz heltzeko modua
- errepaleatzea
Ontzia uretaratzeko prozedura
Arraunlariak nola banatu
Ontzia nola eta nondik eutsi
Bizkarrera igotzeko aholkuak
Ontziaren pisua denon artean nola banatu
Ontzia nola biratu (irauli)
Nola hasi ontzia uretan sartzen
Lehenengo arraunlariak ontzian sartzen
dira; besteek ontziari eusten diote
Lehorretik nola urrundu
Kaira (arranpalara) nola hurbildu.
- abiadura, norabidea eta norantza
- arraunen zeregina (eskuekin
zergatik heldu)
- hainbat eginkizun: aurrekalariarena,
hankakoena, lehorretik hurbilen dagoen arraunlari taldearena, besteena
Oreka:
- arraunkada, ibilbidea, koordinazioa,
uretan nola sartu/atera
- palak, inklinazioa, tiborten
altuera
- gorputza bera, tostan nola
bermatu, gorputz-ibilbidearen ardatza
Ziaboga:
- arraunlari multzo bakoitzak
orekan duen eginkizuna
- arraunlariek duten zeregina,
bulkadari dagokionez
- berezitasunak (aurrekoak,
hankakoak, patroia)
Lehiaketako irteera:
- arraunketaren egokitzapena
- ibilbidea pixkanaka luzatzea
- palada-maiztasunaren bilakaera
- hankakoen eginkizuna
OHARRAK:
- Ikasle guztiek patroi edo
lemazainaren lekua probatuko dute, horri dagozkion hainbat eginkizun
probatzeko aukera izan dezaten: oreka gabezia eta hartu beharreko erantzunak;
norabidea eta ibilbidea zuzentzeko arazoak; arraunlarien arteko koordinazioari
behatzea; leku horretan joateak arraunlarien aldera ekar dezakeen enpatiaz
jabetzea.
- Ontziaren birak bi alboetatik
egingo dira (ababorretik zein istriborretik), bai partzialak (45º,
90º...) bai ziaboga osoak (180º). Horren helburua ez da, inolaz ere,
zehatz-mehatz berehala lehiaketan erabiliko den mugimendu bat barneratzea,
baizik eta zenbait gaitasun garatzen hastea, hala nola, zentzumen propiozeptiboak,
orekaren zentzua, ontziaren gobernua
Gaitasun horiek guztiek gero
erraztuko dute arraunlariak keinu teknikoa ikasteko duen ahalmena, bai
eta ingurune ezegonkor eta ziurtasunik gabeetara egokitzeko gaitasuna.
- Hastapeneko garai hauetan,
helburu nagusia da ingurune honetara egokitzen hastea eta teknikari
loturiko lehen urratsak ezagutzen hastea; besterik ez. Hala, eduki berberak
landu beharko lituzkete guztiek, gerora aulki mugikorrean edo tostako
arraunean aritu nahi duten albo batera utzita. Gogoratu helburua ez
dela keinu tekniko zehatz bat barneratzea berehalako emaitza bati begira,
baizik eta trebetasun motor batzuen oinarriak finkatzea, horrek, gerora,
premia aldakorretara egokitzeko ahalmena bermatuko baitie. Esate baterako,
ziaboga mugimendua (bai eta ababorretik eginda ere) berez oso ariketa
itxia eta teknikoki zehatza bada ere, ikuspegi didaktikotik baliagarria
izan daiteke oreka edota ontziaren egonkortasuna, kontrola (gobernua)
eta antzeko trebetasunak lantzeko.
- Gure ustez, arrauneko bi jardueren
artean (aulki mugikorraren eta tostako arraunaren artean) laguntasun-harremana
dago. Biak bateragarriak dira, eta transferentzia positiboa gertatzen
da bien artean, bereziki hastapeneko maila hauetan. Izan ere, keinu
teknikoa irakasterakoan, hasierako urratsetan, aulkia geldirik delarik
ibilbide oso laburrak eginaz hasten da (gero, pixkanaka luzatuz joaten
da).
- Irizpide didaktikoen arabera,
ikasprozesua errazte aldera, uste dugu txumazeraren erabilera egokia
izan daitekeela. Izan ere, modu horretan, toletea eta estropuak erabiltzerakoan
eskumuturraren jarduera desegokiak sor ditzakeen akats eta bizioak mugatu
egiten baititu. Bietan batera hasi eta gero, bakoitzak aukera izango
du etorkizunean landu nahi duen arraunketa motaren berezitasunak eskuratzen
hasteko.
4. Metodologia
Eduki didaktikoak lantzeko garaian metodologia
bat edo bestea aukeratzeak abantaila batzuk ekartzeaz gain, aldi berean,
eragozpen batzuk ere izaten ditu. Hau da, metodologia bakoitzak onura
zehatz batzuk dakartza, baina, era berean, beste metodologia batzuk
baliatuz eskura litezkeen beste onura batzuei ateak ixten dizkie. Alde
horretatik, metodologiak elkarren osagarri eta aberasgarri izan daitezen,
ikuspegi eklektikoaren aldeko apustua egiten dugu; edo, hobeto esanda,
metodologia bat baino gehiago erabiltzearen aldekoa, bakarrera mugatu
gabe, une bakoitzean landu beharreko edukiaren izaeraren arabera.
Egitasmo honetan, indarren zati handi
bat bideratzen dugu arraunaren keinu teknikoa bereganatzen hastera.
Une horretan, erabili beharreko irakaskuntza estilo nagusia aginte
zuzena izango litzateke. Izan ere, kirolariek keinu tekniko zehatz
bat errepikatuaren errepikatuaz eskuratzen saiatuko dira; keinua aldez
aurretik aukeratuko da, eta, ustez, egokiena eta eraginkorrena izango
da. Irakasleak akatsak ahoz zuzenduko ditu, pixkanaka keinuak eredu
idealera hurbildu daitezen. Horrenbestez, irakasleak aurkeztutako eredua
imitatu eta errepikatu beharko dute. Zuzenketa horiek zodiac erako ontzi
batetik, ontzi beraren popatik edota lehorretik egingo ditu irakasleak
(egoeraren arabera).
Jarduera arraunketa-fosoan egiten denean,
gidatutako aurkikuntza estiloaren barnean koka gaitezke. Izan ere,
instalazio horretan bertan, alboetan zein aurrean dauden ispiluei esker,
arraunlaria bera jabetzen da bere mugimenduaz. Horretarako, bere mugimenduaren
irudiaz ohartu behar du; hura aztertu; buruan barneratuta duen irudi
estereotipatuarekin konparatu, eta bere keinu teknikoa hobetzen saiatu
(eredu horretara hurbildu dadin). Dena den, prozesua gauzatzeko moduaren
arabera, autoirakaskuntzaren mugetara hurbiltzen ariko ginateke,
ikasleak autonomia, ekimen eta protagonismo handia hartzera irits baitaiteke.
Beste zenbait egoeratan, arazoen ebazpena
izeneko irakaskuntza-estiloa ere erabil dezakegu. Izan ere, horrelakoetan
ikasleei zenbait arazo aurkeztuko dizkiegu, eta beren kabuz horiei irtenbideak
aurkitzen ahalegindu daitezela eskatuko diegu. Besteak beste, honako
arazo hauek aurkez diezazkiekegu, horiek ebazteko:
- Zure ustez, nola eragingo
diozu indar handiagoa arraunari, besoak tolestuta edo luzatuta? Besoekin
bakarrik indarra eginaz ala bizkarra eta besoak erabiliz? Palada motza
ala luzea eginaz (palak uretan egindako ibilbidea)?
- Zer gertatzen ote da denok
arrauna uretan batera sartzen ez badugu? Eta uretatik atera baino lehen
errepaleatzen badugu?
- Zer gertatzen da pala erabat
azpiz aurrera sartzen badu (inklinazio handiegiarekin)? Eta azpiz atzera
sartzen badugu (popa aldera okerturik)?
- Nola zaude eserita? Egin arraunean
egin ohi duzun mugimendua. Probatu gauza bera, baina tosta gainean eserita.
Zer alde dago? Nola baliatzen zara hobeto zangoen indarraz?
- Zure tostan, proba ezazu barrurago
eserita eta kanporago eserita arraunean egiten duzun mugimendua egiten.
Nola aprobetxatzen duzu hobeto zure indarra? Zure kokapenak ba al du
eraginik ontziaren egonkortasunean? Eskuak, tibortan izanik, bat-batean
jaisteak edo igotzeak ba al du eraginik ontziaren orekan?
- Eman ezazu palada bat eskuak
muturrean erabat bermatuta dituzula eta beste bat oso barruan dituzula.
Zer alde dago? Zer ondorio atera dezakezu?
-
Era berean, saiatuko ginateke, ahal den
neurrian, ikasleen esku uzten ahalik eta erabakirik gehienak, irakaskuntza-prozesua
oztopatzen ez dutenak: zein azpitalde egin, zein ontzi aukeratu, Ibaian
gora edo behera jo
Era berean, paladaren atal bakoitza hobeto
ikasteko asmoz, prozesua errazte aldera, mugimenduaren sekuentziak landuko
genituzke hasiera batean. Ondoren, berehala, mugimendu zikliko osoa
egingo genuke, landutako ariketaren transferentzia bermatze aldera.
Beraz, saio amaieran modu globalizatu batean landuko genuke bereziki,
keinu errealera ahalik eta gehien hurbiltzeko asmoz.
Amaitzeko, beraz, irakaskuntza-estilo
ugari erabiliko genituzke (landu beharreko ariketa zehatzaren arabera),
estilo bakoitzak dituen abantailez gozatzeko aukerarik ez galtzeko.
Baliabide materialak
Hemen aurkezten dugun egitasmo hau gauzatzeko
eta bertan ezarritako helburuak lortzeko, zenbait material eta tresna
beharrezkoak dira. Ondorengo lerroetan horiek azaltzen saiatuko gara.
Egoera hipotetiko idiliko batean, inolako muga edo baldintzarik izan
ezean, interesgarriak zein izango liratekeen azalduko dugu, baina betiere
garbi izanda horietako bat ez izatea ez dela aitzakia gisa erabili behar
ekimena bertan behera uzteko. Ahal denarekin aurrera jo behar da beti.
Beraz, hemengo zerrenda hau ez da ezinbesteko material edo tresnen bat.
- Ikasgela edo areto bat, arraunketaren
teknika lantzeko.
- Arbela edo panel didaktikoak,
grafikoak, eskemak edo antzekoak irudikatzeko, ikasleek barneratu beharreko
kontzeptuak errazago ikus eta beregana ditzaten.
- Ikus-entzunezko tresnak (besteak
beste, bideoa edo antzekoak), batetik, arraunketaren keinu teknikoa
hobeto azaltzeko eta, bestetik, arraunarekiko zaletasuna errazago sustatzeko.
- Arraun-elkarte bateko biltegia,
ontzi eta tresna mota guztiak zuzenean ikusteko.
- Arraunketa-fosoa, arraunketako
keinu teknikoa ikasteko guztiz erabilgarria: ez du hasteko gutxieneko
mailarik eskatzen; ur gaineko ezegonkortasun edo orekaren arazoa saihesten
du; aldi berean arraunlari ugarik erabil dezakete; irakaslea ikaslearen
ondoan egon daiteke; mugimendua edozein unetan geldi daiteke; segurtasun
handia dago, uretara irteten ez denez istripu-arriskua saihesten baita;
ikasle bakoitzak bere lana ikustea ahalbidetzen du
- Ikasteko egokitutako ala,
gabarra edo yoleta berezia. Arraunketa-fosoaren abantaila ugari ditu
elementu honek, eta, aldi berean, ekarpen batzuk eransten ditu, han
landu ezin zitezkeen gaitasun ugari jorratu baitaitezke: desplazamenduaren
sentipena; ontziak maniobratzea; pala eta uraren arteko harremana; palaren
inklinazioaren eragina esperimentatzeko aukera; egokiagoa da, arraunketa
edo mugimendu errealarekiko antzekotasunari, erakargarritasunari edo
motibazioari dagokienez
- Lehiaketako ontziak. Kontuan
izan behar dugu ontzi horiek abiadura handian ibiltzeko diseinatuak
izan direla. Ondorioz, marruskadura ahalik eta txikiena izateko, oso
estuak dira, eta egonkortasun txikia dute. Ezaugarri horrek zailtasun
ugari dakarkie hasberriei; keinu teknikoa behar bezala irakastea zaila
da, lehenengo oreka bermatu ezean. Ontzi horiek, alde horretatik, egokiak
izan daitezke oreka lantzeko, baina zuzenean keinu teknikoa lantzeko
ez, beraz. Ezaugarri horiek aintzakotzat hartuta, prozesuan neurri batean
aurrera egin arte itxarongo dugu, horiek erabiltzen hasi aurretik. Hala
ere, garbi izan behar dugu ontzi horien erabilera funtsezkoa dela ikasleen
motibazioa pizteko. Irakasleak alderdi hau kontuan izan beharko du estimulatzaile
gisa.
Irakaskuntzarako
gomendatutako ontzi mota:
Oro har, esan daiteke ontziaren orekak,
ikaskuntzarako feedback propiozeptiboak eta antzeko aldagaiek
ontziko arraunlari kopuruarekiko duten harremana zuzenki alderantzizkoa
dela. Hau da, zenbat eta lagun gutxiago egon ontzian, orduan eta estimulu
adierazgarri gehiago jasotzen dituzu; arraunlari askoko ontzi batean,
ordea, zailago zaizu ohartzea zeuk egindako akats batek zer-nolako eragina
izan duen ontziaren ibilbidean. Konduktismoak bultzatutako saiakera
eta porrotaren metodologian oinarrituz, beraz, esan daiteke, irakaskuntzari
begira, arraunlari kopuru txikiko ontziak direla egokienak.
Era berean, arrazoi berberagatik, pentsa
daiteke arraunketari buruzko ezagutza gutxieneko bat izan arte, segurtasun-arrazoiak
direla medio, arriskutsu izan daitekeela horrelako ontziak erabiltzea
hasiberriekin. Hori egia bada ere, aipatu beharra dago egun erabilera
didaktikoa duten ontzi bereziak asmatu dituztela arazo horri erantzuna
emateko. Merkatuan badira, esate baterako, bakarkako batelak flotagarritasun-maila
handia dutenak.
Ildo horretatik, lehiaketako ontziei
dagokienez, tostako arrauneko hiru ontzi motaren artean batela da baldintza
horiek betetzen dituen bakarra. Batelaren abantailen artean honako hauek
ditugu: arraunen luzera (besteak baino motzagoak dira; ez ahaztu gehienetan
gure ikasleak haurrak direla); eta batelaren neurri eta pisua (uretara
botatzea, jasotzea eta antzeko maniobrak asko errazten baitira).
Lehen esan den bezala, ikasteko berariaz
eraikitako ontziek desberdintasun batzuk dituzte lehiaketan erabilitakoen
aldean, helburu ezberdinetarako sortuak baitira. Kontuan izanik hastapeneko
urratsetan eta teknika ikasteko prozesu honetan oro har aritzen direnak
haurrak direla, zenbait egokitzapen egin beharko lirateke, haien ezaugarri
antropometriko eta anatomikoak aintzakotzat hartuta, besteak beste:
- Arraunen luzera. Arraun motzagoekin
(ikasleen altuerara egokitutakoekin) bultzada-angelu handiagoa lortzen
dugu uretan, ibilbide luzeagoa (eta gehiegizko flexioa) eskatu gabe.
Era berean, topetik tibortarako tartea erabilgarriagoa eta gobernagarriagoa
da haientzat.
- Ontziaren zabalerari eta egonkortasunari
dagokienez, aipatu dugu komenigarria litzatekeela ontzi zabalagoak eraikitzea,
oreka- eta segurtasun-arazoak murrizte aldera.
- Tostaren eta toletaren arteko
distantziari dagokionez, zenbait aldagai kontuan izan behar ditugu.
Arraun-pala uretan sartzeko unean, gorputza aurrerantz oso tolestuta
egotea ez dela komeni azaldu dute hainbat txosten medikok. Hazteko garaian
dauden haurrek oraindik ez dute erabat garatu eremu lunbarretako eta
abdominaletako muskulatura, eta behartutako jarrera horretan indar egitea
ez da gomendatzen, bizkarrezurra zaintzeko. Aipatzen dute ez dela komeni
bertikalaren eta enborraren arteko angelua oso handia izatea.
- Kontuan izanik kanpoko besoko
eskumuturra dela palak uretan izango duen inklinazioaren arduraduna,
bi eskuek funtzio hori lantzeko, egokia iruditzen zaigu bi arraunekin
batera aritzen ikastea (alegia, scull edo couple erara).
Ildo horretan, justifikatua dago tostako arrauneko ontzietan tosta berean
bi alboetan toletak ipintzea.
- Aintzakotzat harturik txumazeraren
egoerak arraunlariaren eskumuturraren angelua baldintzatzen duela, begi
onez ikusten dugu hastapenean ikasteko ontzietan (nahiz eta tostakoak
izan) txumazerak ipintzea hasierako urratsetan erabiltzeko. Ondorengo
urrats batean, toleta eta estropua beharko dituzte.
SEGURTASUN-NEURRIAK:
- Ikasle guztiek igeri egiten
badakitela egiaztatu.
- Ikasleei txalekoa jantzarazi.
- Istripuren bat gertatuz gero,
emergentzia-plana prestatuta eta probatuta izan.
- Irakaslea edo laguntzailea
ontzi motordunean joan beste ontzien parean.
- Iragarpen meteorologikoaren
berri izan, bai eta itsasoaren egoerarena ere.
- Itsasoko mareen ordutegiaren
berri izan.
- Lehenik eta behin, haurrei
itsasoratzeko eta lehorreratzeko maniobrak ondo irakatsi.
- Ontzi guztiak elkarrekin joatera
behartu.
6. Denboraren banaketa
Programazio guztietan edukiak denboraren
arabera nola banatu zehaztu behar izaten da. Garbi dago irakaskuntza-prozesuei
denbora gehiago eskainiz gero emaitza hobeak lortzen direla. Hala ere,
proposamen posibilista eta egingarri bat egiten saiatu gara. Egungo
testuinguru eta errealitatea ezagututa, betetzeko modukoa izango da.
Ez dugu ahaztu behar derrigorrezko curriculumak zer-nolako eduki kopurua
duen eta zein mugatua den denbora. Gauzak horrela, 8 saioko unitate
didaktiko bat proposatzea erabaki dugu, jakinda denbora horretan ezin
dela helburu handinahirik lortu; baina saio gehiago eskatzeak erabat
galaraziko luke proposamena praktikara eramatea. Saio horiek, gutxi
gorabehera, honela banatuko genituzke. (Maila aurreratuago batekin hasten
diren taldeak azkarrago pasatuko lirateke hurrengo urratsera. Epeak
orientazio moduan aipatzen dira).
SAIOA |
BALIABIDEA |
EDUKIAK |
1 |
Ikasgela |
Alderdi teorikoak (bideo
didaktikoa):
- arraunaren sorrera eta historia
- ontzi motak
- tresnak
- arraunkadaren atalak
|
2-3 |
Arraunketa-fosoa
|
|
4-5 |
Ala (gabarra) |
- arranpalatik irteteko eta
sartzeko maniobrak
- keinu teknikoa
|
6-8 |
Lehiaketa-ontzia
|
- ontzia orekatzeko eta kontrolatzeko
ariketak
- keinu teknikoa
- maniobrak: ziaboga eta estropaden
irteera
- estropadako abiadura-sentipena
esperimentatzeko saiakera laburrak.
|
Ebaluazio-irizpideak
Sarrera. Zenbait ohar, hasi aurretik:
- Ebaluazioko tresnek egokiak
izan behar dute egitasmoan ezarritako helburuak neurtzeko.
- Ez dugu bakarrik neurtuko
keinu teknikoa zer neurritan bereganatu duten, hori ez baitzen helburu
bakarra.
- Prestakuntzazko ebaluazioaren
irizpideetan oinarrituko gara, ikasprozesua hobetzeko baliagarria izan
dadin, amaitu arte itxaron gabe.
- Ebaluazioari ezinbesteko denbora
soilik eskainiko diogu, ezarritako helburuak lantzeko denbora gehiago
izan dezagun.
- Ez ditugu ezinbestekotzat
jotzen baliabide garesti eta bereziak: bateko batelak, bideo-finishak
- Lan hau ikasleen motibazioa
eta parte-hartzea areagotzeko erabiliko dugu, ez bestela.
Beraz, ezaugarri hauek balioztatuko dira:
- egunerokotasunean azaldutako
jarrera eta interesa
- lortutako hobekuntza
- norberaren autobalioztapena
- ezagutza teorikoa
Asmo horietarako neurketa-teknika hauetaz
baliatuko gara:
- behaketa eta jarraipena (saio
guztietan zehar)
- autobalioztapenak
- proba teoriko laburra
Egitasmoa
gauzatzeko urratsak
Unitate didaktiko hau, eta oro har egitasmo
zabal hau, gauzatzeko prozedura edo protokolo bati jarraitu beharko
genioke. Besteak beste, urrats hauek proposatzen ditugu:
1.-
Egitasmoa ezagutzera emateko euskarriak
sortu: txosten idatzia eta ikus-entzunezko aurkezpena. Kontuan izan
behar dugu hainbat arduradun, ordezkari eta kolektibo sentsibilizatu
beharko ditugula, bai eta onespena eta aldeko jarrera lortu ere. Horien
artean ditugu ikastetxeko zuzendaritza, Gorputz Hezkuntzako irakaslea,
Eskola Kontseilua, gurasoak, ikasleak, Berritzeguneko teknikaria, Hezkuntza
Saileko espezialista, udaleko teknikaria
Esan gabe doa aldez aurretik Arraun Federazioaren
onespena ere eskuratu beharko genukeela, haren ekarpen eta aholku teknikoak
eskertzekoak baitira.
2.-
Egitasmoa aurkeztu. Ikus-entzunezko baliabideak
erabiltzeaz gain, ahozko aurkezpena egin, eta behar adina bilera antolatu.
Amaitutakoan txosten idatzia eskura eman.
Arraun-elkarteko instalazioak ikusteko
data adostu, bertan erakustaldia egin, eta bisitariei erabiltzeko eta
esperimentatzeko aukera eman. Taldea osatuz gero, Gorputz Hezkuntzako
irakasleekin ikastarotxoa antolatu, gero haien laguntza eta inplikazioa
eragingarriagoa izan dadin.
3.-
Aurkezpena, lehenik eta behin, administrazioetako
ordezkariei zuzenduta dago (bai aldundietakoei bai udalekoei), diru-laguntza
ere lor daiteke eta.
4.-
Ordezkari pedagogikoekin bilera egin,
unitate didaktiko hau haien programazioetan sartzean sor daitezkeen
zailtasun eta egokitzapenak errazteko.
5.-
Egitasmoan parte hartzea erabakitzen
duen eskola bakoitzeko ordezkariekin bildu, logistika-kontuak antolatzeko:
ondoen datozkien ordutegia eta egutegia; joan-etorrietarako baliabideak
eta denbora; eskolako gela eta ikus-entzunezkoak erabiltzeko tresnak;
ikasleen igeriketa-maila; ondoren jarraitzeko aukerak
Egutegiari dagokionez, gogoan izan eguraldiak,
neurri handi batean, baldintzatu lezakeela arrakasta. Ikasturte hasiera
eta amaiera izango lirateke, klimatologiari dagokionez, unerik egokienak.
6.-
Aseguruen egoera argitu.
7.-
Unitate didaktikoa garatzen hasi, eta,
ikusitakoaren arabera, programazioa egokitu.
8.-
Ikasleen ebaluazioa egin.
9.-
Parte hartu duten alderdien iritziak
jaso (ikasleenak, irakasleenak, eskoletako ordezkarienak). Egitasmoaren
memoria egin, eta etorkizuneko ekimenetarako hobekuntza-iradokizunak
egin.
10.-
Parte hartu duten eskola eta ikasleei
arraunean jarraitzeko dituzten aukeren berri eskaini: ikastaroak, arraun-elkarteetako
jarduerak eta harremanetarako helbideak