Tostako Arrauna

7.2. Teknika-akatsen deskribapena

OROKORRAK

  • Tosta gainean esertzea.
    Jende askok uste duenaren aurka, lehiaketako arraunlaria ez doa tosta gainean eserita. Zangoetako eta bizkarreko masa muskular handien indarra erabiltzeko, garrantzitsua da ipurdia lekuz ez aldatzea. Horretarako zertxobait aurrerago eta beherago kokatu ohi da arraunlaria, bizkarrezurreko kokzix parean bermatuz. Esan daiteke arraunlaria sartuta edo “txertatuta” doala. Zangoekin indar egiten duenean, are gehiago estutuko da.
  • Tostan behar den lekuan ez bermatzea: barruregi/kanporegi.
    Ontzi osoaren orekari begira, garrantzitsua da pisuak ondo banatuta egotea, bi alboei dagokienez (ababor-istribor). Horretan eragin handia dauka non eserita dauden albo bateko zein besteko arraunlariak. Baina, bestalde, norberaren bulkada soilik kontuan harturik, jakinda toleta palankaren euste-puntua dela eta tibortak berarekiko arkua eratzen duela, kareletik zer distantziatara kokatzen garen baldintzatuko du mugimenduaren egokitasuna. Atal honetan aipatutako zenbait akatsek (arraunari ihes egiteak, kontrako aldera etzateak, beso bakarraren indarra baliatzeak, kanpoko eskumuturra erabat biratzeak, uretan ibilbide laburregia egiteak...) lotura daukate kareletik urrunegi edo urrutiegi bermatzearekin, toletarekiko distantzia desegokiak (eta arraunean eragingo duen palankak) sorraraziko baititu arazo horiek.
  • Hankalekuan hankak elkarrengandik hurbilegi bermatzea.
    Arraun olinpiarreko ontzien egiturari jarraituz, zenbaitek hankak ia elkartuta bermatzeko ohitura dute. Errekuperazio-faseari begira, bereziki ontziaren egonkortasuna kontuan izanik, ontziaren bi karelak altuera berean mantentzeko lagungarri da bermatzeko era hori. Gorputzari behar bezala eusten lagunduko digu, eta ontziaren orekarako mesedegarri da, bereziki itsaso txarreko egoeretan.
  • Gorputz osoa etengabe gehiegizko tentsioan izatea.
    Edozein kiroletan, baina bereziki erresistentziako kirol ziklikoetan, garrantzitsua da keinu tekniko eroso eta ekonomikoa lortzea; hau da, ahalik eta gutxien nekatzeko trebetasuna izatea. Egia bada ere lehiaketan arraunkadaren une batzuetan gure intentsitate gorena erabili beharko dugula, era berean garrantzitsua da errekuperazio-fasean gure muskuluak erlaxatzeko gai izatea, bai eta arraunean lasai ari garenean ere (beroketa, entrenamendua...). Bada jenderik gai ez dena arraunean lasai egiteko, eta nahiz eta arraunketa-erritmo lasaia izan gorputz oso gogortuta, uzkurtuta eta tentsio handian duena.
  • Tiborta eskumuturrekin gogorregi estutzea.
    Aurrekoaren bidetik, arraunlari ugarik (bereziki hasiberriek) eskumuturrekin estuegi heltzen diote arraunari, eta, ondorioz, alferrik nekatzeaz gain, larruazalean babak ateratzen zaizkie. Ezagun dira horien ondorioak: mina, uretako entrenamenduak egiteko oztopoak, anemia eta ahuldadea (flakezia)...
  • Arraun-palari ez begiratzea.
    Arraun olinpiarrean burua tente eta atzerantz zuzenduta eramatea aholkatu ohi da. Gure kasuan, ordea, hastapenean (bereziki keinu teknikoa oraindik ondo-ondo egiten ez denean) eta itsasoa harrotuta dagoenean, arraunlariak bere palari begiratu behar dio nahitaez. Akats horrek arraunkadaren fase guztietan du eragina: palari inklinazio egokia emateko garaian, ibilbide osoan tapatuta eramatean, errepaleatu gabe garbi ateratzean, ura ukitu gabe inklinazio eta altuera egokian ekartzean.
  • Arraunkadan etenak edo geldialdiak egitea.
    Mugimendu zikliko edo jarraitua etenik gabe egiten ez badugu, ontziaren nabigaziorako eta inertziarako kaltegarri izango da. Unerik larriena arrauna uretan sartzea denez, atal propioa eskaini diogu, baina irizpide orokor eta garrantzitsu gisa orain aipatu nahi izan dugu.
  • Azpimugimenduak behar bezala koordinatzea.
    Ikusi dugunez, arraunkada burutzeko azpimugimendu ugari lotu behar ditugu. Horien guztien angeluak zuzen marraztea bezain garrantzitsua da haien arteko sekuentziaketak hurrenkera logikoa errespetatzea, ez hastea azpimugimendu bat bestearekiko dagokion erlazioa baino lehenago edo alderantziz.
  • Arnasketa-mugimendua alderantziz egitea (arnasa hartu behar denean bota, eta alderantziz)
    Ezaguna da arnasketak bi mugimendu dituela: arnasgora eta arnasbehera, hain zuzen. Indar eginda muskuluak uzkurtzean, airea kanporatu egin behar da, eta erlaxatzean birikak bete. Gimnasioan abdominalak entrenatzean landu daiteke prozesu hori. Ikasten ari direnen artean batzuetan agertu ohi da akats hori.

SARRERAko faseari dagozkionak

  • Goizegi iristea eta itxaroten gelditzea.
    Aipatu dugunez, garrantzitsua da arraunlari guztien artean koordinatzea eta batera jardutea; bestela, indar negatiboak areagotu egiten dira. Zehazki popa aldera makurtzeko mugimendua noranzkoaren aurkakoa da. Beraz, ez dugu galdu behar geldoago egiteko aukera. Hurrengo arraunkadan saiatu behar dugu geldiro jaikitzen, besteekin batera iristeko eta itxaron behar ez izateko. Mugimendu harmoniko eta jarraitu horretan, etenak eta geldiak egitea guztiz kaltegarria dugu, ontziak korritzen jarraitzeko duen joerari kalte egiten baitiogu.
  • Sarrera bortitzegi egitea.
    Sarrerako unea ontzia motelen doan unea dugu. Beraz, uretan jasotako erresistentzia izan daitekeen handiena da (ura inoiz baino gogorrago dago). Errentagarriago litzateke, ontzia gero eta azkarrago doanez (arraunkada aurrera doan heinean), palaren abiadura ere progresioan azkartuz joatea; beraz, ez agortu indar guztia hasieran kolpe bat emanda.
  • Garai batean (uste okerretan oinarrituta), esan ohi zen sarrerako unean zenbat eta zipriztin gehiago atera, ura harrotuz eta zarata sortuz, indar eta bulkada handiagoa eragiten zitzaiola ontziari. Sortutako azaburuaren arabera (uretan utzitako aztarnaren arabera) balioetsi ohi zen bulkada.
  • Gaur egun, ordea, ustea besterik da: erabateko bateratasunik ez badago (alegia, arraunlari guztien palak batera sartzen ez badira), guztiz kaltegarria da pala batzuk oraindik airean diren bitartean (sartu aurretik) besteei hain indartsu eragitea. Horrek balantza handia eragiten dio ontziari, eta orekari eta nabigarritasunari kalte nabarmena egin.
  • Pala uretan sartu aurretik indar egiten hastea.
    Arraun-palak uretan erresistentzia aurkitu baino lehentxoago tiratzen hasten bagara, hankalekuan (ontzian) indar negatiboa egingo dugu, ontziaren noranzkoaren aurkakoa, alegia.
  • Fisikako akzio-erreakzio legean oinarrituta, une horretan bizkarrak oraindik ondo finkatu gabe baditugu, erreakzioa toletera transmititu beharrean, palari berari atzerantz salto eragin dakioke uretan, edo ondo heldu gabeko tibortari. Ondorioz, energia ugari alferrikako noranzko batean galduko da inolako etekinik gabe.
  • Bestalde, pala airean dela bultzatzeari ekiteak aurreko akatsa ere eragin dezake; alegia, urrutitik erasotzen hasteagatik (pala altuegi edukitzeagatik) ura kolpatzea.
  • Behar baino atzerago sartu pala.
    Urrutirago iristeko asmoz-edo, jarrera behartuta gehiegi makurtzen gara aurrerantz, eta, azkenean, eskumuturren altuera jaisten dugu. Ondorioz, pala uretara sartu aurretik neurriz kanpo igotzen da gorantz. Behin jaisten hasita, ez da komeni uretatik hain urruti izatea pala; izan ere, oso zaila da guztiz bertikalean (zuzen jaistea) eta bere parean sartu beharrean (iritsi ginen lekurik urrunean), atzerago sartzen dugu pala uretan, popa alderago, tarte oso baliagarri bat erabili gabe. Hau da, arraunkadaren zabaltasuna laburtzen dugu, bultzatzeko ibilbide osoa baliatu gabe.
  • Gorputza popa aldera erabat makurtzean eskumuturrak jaistea izan daiteke, hain zuzen ere, aipatutako hiru akats horien jatorria. Eskuen altuera mantenduz, aipatutako ondorio kaltegarriak saihets daitezke.
  • Bila urrutiegi joatea.
    Beste arraunkada baten bila, sarreran, gehiegi makurtzen bagara, popa aldera pisu gehiegi eramaten dugu (marruskadura areagotzen da), ontziari jauzi bertikalak eragiten dizkiogu, neke fisikoa handitzen da, eta indar egiteko jarrera desegokian gaude.
  • Bestalde, kontuan izan, indar horren deskonposaketa bektoriala bi ardatzetan egiten badugu, ontziaren noranzkoarekin bat datorren osagaia zenbat eta aurrerago sartu (branka aldera) orduan eta urriago izango dela.
  • Akats hori zenbait kasutan azkarregi jaikitzearekin lotuta egon daiteke. Hau da, zu besteak baino lehenago iristen bazara sarrerako unera, jakinda geldirik egotea ez dela komeni, motel bada ere oraindik ere aurrerago jarraitzeko tentazioa izango duzu.
  • Pala uretan inklinazio desegokiz sartu:
    • Azpiz aurrera gehiegi inklinatuta.
      Ura ukitzean gorantz irteteko arriskua du, errebotatu egingo balu bezala. Bestalde, erresistentzia-eremua txikiagoa da, eta eragiten duen bulkada ere bai, beraz.
      Arraun olinpiarrean arraun-palari eman beharreko inklinazioaz kezkatu beharrik ez dugu, toleterak berak ezartzen baitu aldagai hori. Tostako arraunean, ordea, eskumuturrarekin (arraunaren barruko aldekoarekin) zaindu behar dugu. Praktikaren bidez ikasi eta bereganatu beharreko abilezia dugu, beraz.
    • Azpiz atzera inklinatuta:
      Arraun hori hondora joango da; ez du behar bezala bultzatuko, eta ateratzeko garaian, bereziki, izugarrizko balantza eragingo du. Ondorioz, indar negatiboak handituko dira; oreka galaraziko du; marruskadura handituko, eta nabigazioa eragotziko.
      Hondoratutako arrauna libratzeko (gora ateratzeko) garrantzitsua da inklinazio egokia lortzea ur-azalera erraz ateratzeko. Ez du zentzurik indar handia egiteak, kanpora ateratzeko zailtasunak badaude, eskumuturra biratzeko une egokia aurkitu eta bere kabuz erraz ateratzen dela somatu arte.

PASALDIAri lotutakoak:

  • Bizkarraren indarra ez baliatzea.
    Akats hori eta ondorengo biak erabat lotuta daude. Abian doan ontzi batean, toletan estropuz lotuta dagoen arrauna bere gisa utziko bagenu, uraren korrontearen eraginez poparantz egingo luke, noski. Gure bulkadak eragina izan dezan, urak ontziarekiko duen abiadura baino biziagoa, azelerazio handiagokoa, izan behar du, erresistentzia aurki dezan. Ikasten ari direnen artean gertatu ohi da: segurantziarik ez dutenez, kokotez atzera erortzeko beldurra du, eta arrauna poliki pasatzen dute, bizkarraren pisua atzerantz behar bezain bizi bota gabe. Oraindik palaren inklinazioa edo eskumuturren altuera ondo ez kontrolatzeak ziurtasun falta eragiten die. Talde muskular handienen bultzada erabiltzeko ezintasuna izugarrizko muga litzateke errentagarritasunerako.
  • Besoak goizegi tolestea.
    Esan bezala, aurreko akatsarekin harreman estua du honek ere. Gorputz osoaren pisua eta talde muskular handienen bulkada transmititzeko eginkizun garrantzitsua betetzen dute besoek: tinkatuta edukitzen dira, gero, azken unean, euste-lana amaitu, eta uzkurtu egiten dira. Hasiera batetik, uzkurtze-faseari helduko baliote, aipatutako muskulu handi horien bulkada bideratzeko lana ezingo lukete behar bezala bete. Ikasprozesuko lehenengo urratsetan ohikoa izan ohi da arraunkada beso-lanean oinarritzea, gorputz osoko gaitasunen jarduera koordinatuaz baliatu gabe.
  • Indar egitean bizkarra uzkurtuta izatea.
    Jarrera horretan ezin daiteke behar bezala indar egin, muskuluen gaitasuna ez baita osorik baliatzen. Bestalde, bizkarrezurrean osasun-arazoak ager daitezke. Ergonomiako eta prebentzioko aholkuetan, hasiera-hasieratik nabarmendu ohi da indar egitean bizkarra zuzen izatearen garrantzia.
  • Gorputza beste aldera etzatea edo okertzea (arraunari ihes egitea).
    Arraunean bultzada emateko prozesua palanka bakunaren mekanismoan oinarritzen da. Euste-puntuaren funtzioa toletak betetzen du. Elementu hori arraunlariaren albo batean dagoenez (saihets aldera), arraunkadaren amaieran tibortaren arkua urrundu egiten da arraunlariak osatzen duen ardatzetik albo batera. Indar gehiago aplikatuko da, eta bere gaitasunak hobeto aprobetxatuko ditu arraunlariak, albo horretarantz etzaten bada, bizkarra karel horretarantz okertzen badu etzatean (ababor edo istribor aldera). Kontua da, ordea, mugimendu horrek tiborta libratzeko aukerak zaildu egiten dituela (eta kateatzekoak handitu). Beraz, teknika ondo egiten ez dakitenek, arazoak saiheste aldera, gorputzarekin beste albora ihes egin ohi dute; ondorioz, bultzadan eraginkortasuna galtzen da. Zenbait kasutan arraunlaria tostan barruregi eserita egoteak eragiten du akats hori (karel alderago esertzera behartu). Prozesu horretan oso garrantzitsua da ur geldotan ikastea, olatuek eta ur-mugimenduek tiborta kateatzeko aukerak nabarmen areagotzen baitituzte.
  • Eskumuturrak besoaren luzapen gisa ez eramatea.
    Indar egiteko garaian eskumuturrek ez dute egon behar ez gorantz ez beherantz tolestuta. Besoaren luzapen gisa, haren jarraipena irudikatu behar dute. Bestela, behartuta, jarrera ez-natural eta deserosoan daude, eta ez dute transmititzen besoen indarra. Blokeatutako eskumutur horiek, ondorioz, katea oztopatuko dute, eta bizkarraren bulkada eragotziko.
  • Bi besoen indarraz behar bezala ez baliatzea (tibortako bermatze-puntuak...).
    Esan bezala, arraunkadaren bultzatze-sistema palanka bakunaren printzipioan oinarritzen da. Arraunaren kanpoaldean dagoen besoak garrantzi handiagoa izango du, beraz; baina bien lana osagarria eta lagungarria izango da. Bai beste talde muskularren indarra transmititzean, bai haien uzkurdura erabiltzean, bi besoen indarra baliatzea funtsezkoa izango da errentagarritasunerako.

    *Zenbait kasutan, bi eskumuturrak tibortan elkarrengandik urrunegi bermatuta dauzkate; hau da, arraunari dagokionez barruko eskumuturra barruregi dago (ontziari dagokionez kanpokoa). Esate baterako, ababorreko arraunlarien kasuan, eskuineko eskua toletetik hurbilegi bermatuz gero, palanka-besoa txikiegia geratzen zaizu indarra behar bezala egiteko.

    *Zenbait kasutan, arraunlariek arraunari dagokionez kanpoko besoa (ontziari dagokionez barrukoa) ez dute tibortaren muturrean bermatzen, palanka-besoa osorik baliatu gabe. Alferrik galdutako zentimetro horiek eragin nabarmena dute arraunkadaren eraginkortasunean, begi-bistakoa denez.

    • Arraunkadaren amaiera aldera arraun-pala erabat tapatuta ez eramatea (uretan pixkanaka gorantz ateratzea).

    Zenbait arraunlarik, etzan ahala, ez dute eskumuturren altuera behar bezala mantentzen. Amaieran, tiborta, bular parean geratu ordez, sabelean (zilbor parean) geratzen da. Ondorioz, arraun-pala ez du tapatuta eramaten ibilbide osoan zehar. Horren eraginez, lortutako erresistentzia txikiagoa da, bai eta toletean lortutako indarra edo bulkada ere.

    Dena den, beti kontuan izan arraunlariak neurriak egokitu behar dituela bere egoerara: karelarekiko tostaren altuerara, toletaren distantziara, arraunaren palankara...

    • Arraunkadaren amaiera hila izatea.
      Aipatu dugun eran, arraunkada bakoitza amaitu eta berehala lortzen du ontziak abiadurarik handiena. Arraunkada bakoitzarekin ontzia gero eta azkarrago doa. Ondorioz, arrauna gero eta biziago pasatu beharko dugu. Amaierako fasea sarrerakoa baino biziagoa da, alegia.
    • Kanpoko eskua alboraino pasatzea.
      Arraunkadaren amaieran, arraun-tiborta karel ingurura hurbiltzen da. Arraunkada luzea egiten den kasuetan, zenbaitek arraunaren kanpoko eskumuturra alboraino biratzeko joera izaten dute, hatzak arraunarekiko perpendikularrean barik paraleloan ipintzeraino. Jarrera horretan ezin daiteke behar bezala bultza. Beraz, erabaki beharko da non amaitu arraunkadaren ibilbidea, baina, ordura arte, behintzat, bulkada izan dezala.
    • Arraunkada luzeegia egitea (saihetsera sartzea).
      Arraun-pala guztiak uretara batera sartzea garrantzitsua den neurrian, pala guztiak ateratzeko unea ere koordinatua izatea guztiz garrantzitsua da; bestela, orekari kalte egiten zaio, sortzen diren balantzen eraginez. Pala batzuk airean diren bitartean beste batzuk uretan izateak ontziko bi karelak altuera berean mantentzea galaraziko du. Baina sinkronizazioaren eta denboraren ikuspegi hori gaindituz, uretako ibilbideari buruz ere ezaugarriak bateratzea garrantzitsua da. Zenbait arraunlariren ustez, zenbat eta arraunkada luzeago egin, orduan eta gehiago bultzatuko da. Arraunkadak toletean eragiten duen indarra bi ardatzetan deskonposatzen badugu, ohartuko gara ibilbidearen amaieran egindako bulkadak ez diola askorik aurrera eragiten ontziari. Beraz, eraginkortasunean oinarrituta, errentagarriagoa da arraunkada bakoitza kalitatez (bizi) dagokion lekuan amaitzea eta hurrengoaren bila joatea, ahalik eta luzeen amaitu beharrean.

IRTENALDIA, ATERATZEA

  • Motelegi egitea.
    Pala uretatik ateratzeko unean garrantzitsua da, azken azelerazioa eman eta gero, garbi ateratzea urarekin ez trabatzeko. Dakigunez, une horretan arraun-pala uraren aurkako noranzkoan doa, eta inertziari aurre egin behar diogu. Besoen (eta bereziki eskumuturren) mugimendu bizia behar da, beraz. Gogoratu arraunkadaren azken unean besoen indar gehigarria erantsi behar diogula, inkatekoa. Zenbaitek azelerazio hori ez du baliatzen; ondorioz, zipriztinak ateratzen ditu, arrastan, eta ontzia galgatzen du, ura harrotzen baitu. Palaren atzean ur-zuloa sortu behar dugu, gero erraz (garbi) libratzeko.
  • Eskumuturren altuera desegokia (aldaketa apalegia).
    Arestian aipatu bezala, uretatik pala garbi ateratzeko tibortaren altuera arraunkada amaieran bizi egiteaz gain, bertikalean zuzen jaitsi behar da, eskumuturrekin ibilbide bertikala eginez. Modu horretan pala osorik tapatuta amaituko dugu, eta, gero, urarekin ez kateatzea eta galgatzea saihestuko dugu. Zenbait kasutan, eskumuturren altuera-aldaketa hori (gora-behera-aurrera) ez dute behar bezain nabarmen egiten (hau da, angelu zuzenean, ondo markatuta). Horretarako aldez aurreko baldintza izango da tiborta sabelean dela ez amaitzea (bularrean baizik).
  • Uretan goizegi errepaleatzea (eta ez airean behin zuzen atera eta gero).
    Pala uretatik bertikalean atera behar da (horizontalarekiko 90º inguruan), eta, gero, behin airean dagoela errepaleatu beharko dugu, errekuperazio-garaian airearekin ahalik eta marruskadurarik txikiena eragiteko (eta olatuekin kateatzeko arriskua ere txikitzeko). Zenbaitek arraunkadaren amaieran pixkanaka errepaleatzen dute, hain zuzen ere bulkadarik biziena eman behar zaion unean, palaren azalera osoa aprobetxatu beharrean erresistentzia-eremua gutxituz. Gainera, horrela, ontzia arindu beharrean, beheraka sakatzen da, zama handiturik.
  • Bi eskumuturrekin errepaleatzea.
    Arraunaren kanpoaldeko besoa da indar gehiena egiten duena (palanka-besoa luzeagoa denez), eta jaitsi bezain laster kanpoaldera bultzatzen hasi behar du. Errentagarriago da, ekarri-bultza mugimenduez gain, biratzeko mugimenduaz beste eskumuturra arduratzea.
  • Kontrako eskumuturrekin errepaleatzea.
    Esan bezala, tibortaren kanpoaldeko eskumuturrak arduratu behar luke tiratzeaz eta bultzatzeaz. Arraunaren barrualdeko eskumuturra biratzea da ergonomikoena, erosoena eta energiaren ikuspegitik errentagarriena.
  • Arraunkada amaitu aurretik pala ateratzea (denboran eta espazioan).
    Aipatu dugu arraun-pala uretan batera sartzea eta ateratzea zein garrantzitsua den, bai eta arraunkadaren ibilbidea oso-osorik baliatzea (bultzada handiagoa da). Zenbat eta arraunkada luzeago egin, handiagoa da arrauna kateatzeko arriskua. Hasi berritan (batzuetan konturatu gabe) arraunkada goizegi amaitzen da, aipatutako arriskua saihesteko (pala ez kateatzeko, alegia).

ERREKUPERAZIOA, PRESTAKETA

  • Besoak uzkurtuta, gorputza altxatzen hastea (arraunkada amaitu aurretik hurrengoaren bila joatea).
    Tostako arrauneko lehiaketa-ontziek lehiarako berariaz asmatu eta diseinatutako ontzien aldean ezaugarri nabarmen bat dute: luzera txikiagoa dutela. Arraun olinpiarreko ontziek tarte handia izaten dute arraunlarien kokalekutik brankaren amaieraraino (eta beste hainbeste popa aldera). Horren ondorioz, tostako arrauneko ontziek arraunkada bakoitzean muturra asko sartzeko arriskua dute, eta gorabehera handiak izateko joera dute (gaztelaniaz, cabeceo).
    Gauzak horrela, arraunlariek beren mugimenduekin indar negatibo handiak eragin ditzakete (pentsa 13 mutilen pisuak duen proportzioa 200 kiloko ontzi batean). Behin etzateko mugimendua amaituta, ez da komeni popara bat-batean eta bizi hasterik, ontziaren ibilbidearen aurkakoa baita. Bestalde, behin muskuluak uzkurtzeko eta indar egiteko fasea amaituta, erlaxazioan, komeni da besoak luzatuta izatea, arnasa ondo hartzeko.
  • Azkarregi jaikitzea.
    Aurretik aipatu dugunez, kaltegarri da goizegi iristea eta geldirik zain egotea, indar negatiboak eragiten baitira (ontziaren noranzkoaren aurkako mugimenduen eragina). Horregatik, mugimendu hori tentu handiz egin beharrekoa da, ontzia azkar joan dadin asko bultzatzea bezain garrantzitsua baita ontziari korritzen uztea.
    Arraunlari guztiak beste arraunkada baten bila joatean, ontziaren grabitatearen erdigunea poparantz mugitzen da, eta marruskadura areagotzen da.
    Muskuluen lanean garrantzitsua da erlaxatzeko fasea, nekea eta akidura ahal den neurrian ez metatzeko.
  • Bizkarra behar bezala ez tentetzea.
    Garrantzitsua da une oro bizkarra zuzen eta luzatuta izatea. Biriken lana errazte aldera, arnasa sakon hartzeko jarrera erosoak bermatu behar dira. Era berean, ergonomia-irizpideak aintzat hartuta, bizkarrezurrean epe luzera izan ditzaketen ondorioak direla eta, ez dira gomendagarriak horrelako jarrerak.
  • Arraun-pala altuegi eramatea airean.
    Lehen aipatutako akats batzuekin lotura du: “biradera” fenomenoarekin (ibilbide biribila egitearekin, zapala egin beharrean), uretan sartu aurretik altxatzearekin... Garbi izan behar dugu ez dela zuzena pentsatzea: “zenbat eta gorago hobeto”. Inklinazio egokiz eta beharrezko altueran eramatea nahikoa da. Eraginkortasunaren aldetik, energia gehiegi galduko litzateke. Palak gehiago altxatzeak areagotzen ditu arazoak oreka mantentzeko eta batera aritzeko, eta nekea eta airearen marruskadura handitzen ditu.
  • Pala airean inklinazio desegokiz eramatea.
    • Gehiegi errepaleatzea. Ontziak balantza egiten badu, olaturen batekin kateatzeko arriskua dago, eta pala ur azpira joatekoa (ontziarako oztopo izugarria litzateke). Eskumuturra gehiago nekatzen da, eta sarrerarako inklinazioa zehaztea zaildu egiten du. Arraun olinpiarrean toleterak angelu handiagoko errepaleoa ahalbidetzen du, baina estropuak funtzio hori bete behar duenean zailtasunak handiak dira.
    • Gutxiegi errepaleatzea. Arraun-pala uretan trabatzeko arriskua izango genuke (nahiz eta hondoratu ez), eta kateatu egingo litzateke. Haizearen marruskadura ez litzateke saihestuko; besoak gehiago nekatuko lirateke, eta ontziari aurkako noranzkoan eragingo litzaioke.
  • Belaunak zabaltzea.
    Hurrengo arraunkadaren bila goazenean, zenbaitek, tiborta belaunekin ez kateatzeko, belaunak alboetara zabaldu ohi dituzte. Belaunak plano bertikalean tolestu behar lirateke (luzatu indar egitean, uzkurtu jaikitzean), baina plano horizontalean ez lukete mugimendurik egin behar. Jaikitzeko unean tentsioari eutsi behar diote, hankalekuan bermatu, eta abdominalei lagundu gorputza altxatzeko.
Gora