Tostako Arrauna

2. Historia. Jatorria

2.1. Historia. Arrantza eta itsasontziak Bizkaiko golkoan

Euskal Herria betidanik itsasoari begira bizi izan den herria dugu. Haren kokapen geografikoa, itsasoak eskaintzen dituen aukerak eta euskaldunak berez duen kemena kontuan hartzen baditugu, erraz uler dezakegu euskaldunaren eta itsasoaren arteko harreman estua.

Erdi Aroaren amaiera aldera (XI. mende inguruan), aldaketa nabarmena gertatu zen. Hainbat mendetan pirata-lanetan etengabe aritu eta gero, euskaldunen joera aldatu egin zen. Euskal kostaldeko hainbat babesgune naturaletan elkartzen hasitako biziguneak sendotuz joan ziren. Biztanle horiek arrantza, itsas garraioa, ontzigintza, merkataritza... zituzten ogibide.

Piraten erasoak XVII. mendera arte iraun bazuten ere, Erdi Aroaren amaieraz gero ontziei soilik erasotzen zieten, eta ez itsasertzeko herriei, lehen bezala.

Zarauzko molla XX mende hasieran. Ojanguren bilduma

Lekeitioko arrantzaleen kofradiako sorreraren akta, esaterako, 1381. urtekoa da. Esan beharra dago inguruko portu eta herrietan ere garai bertsuan sortu zituztela halako kofradiak.

Zenbait artxibotan jasotako datuen arabera, XVI. mendean erabiltzen ziren ontziak (arrantza motaren arabera) egungo traineruen parekoak izan zitezkeen (10-14 edo 4-5 marinel). Alturako arrantzan erabiltzen ziren ontziek 34 oineko gila zuten, 36ko eslora, 8,5eko erruna eta 3,5eko puntala. Arraunez eta belaz ibiltzen ziren.

XIX. mendean arrantzarako hiru ontzi mota bereizten ziren: kalerak, alturako ontzi handiak, legatzen, bisiguen edo atunen kaletan ibiltzen zirenak; antxoa eta sardina sareekin harrapatzeko erabiltzen ziren traineruak; eta batel txikiak, 1, 2 edo 3 lagunez osatuak, amuak baliatuz itsasbazterreko arrantzan aritzen zirenak.

Arrain txikien arrantzarako XIX. mendean hainbeste erabiltzen ziren batel horiek neurri hauek zituzten: esloran 7 m; errunean 1,60 m; puntalean 0,60 m. Esan beharra dago egungo lehiaketako batelen neurri estandarrak finkatzeko eredu horretan oinarritu zirela, moldaketa txiki batzuk eginik.

Arrantzako traineruak ontzi txoroak ziren (egonkortasun gutxikoak, alegia). Arraina zegoen lekura azkar iristeko eta sarea lehenbailehen ixteko gobernatzen errazak izan behar zuten. Hori dela eta, bazituzten branka zorrotza, errun estua, pisu arina (bolumena kontuan izanda), gila txikia, bela handia. Ondorioz, iraultzeko arrisku handia izaten zuten. Istripu ugari gertatu dira historian zehar, eta marinel askok eta askok galdu dute bizia Bizkaiko golkoan, etxekoen ogia irabazi nahian.

Traineruak mollan 1926. Ramon Serrasen artxiboa

Denborak aurrera egin ahala, ontzi horien itxura aldatuz joan da, enpirikoki jasotako informazio eta ondorioen arabera diseinua moldaturik. Parisko Artxibo Nazionalean jasotako zigilu batean (1297) ikus daiteke Euskal Herriko ontzi baten irudia. Mediterraneoko eta Atlantikoko ontziek belari garrantzi handia ematen zioten, baina hemengoek erreparo handia zioten, Bizkaiko golkoan ohikoak izaten ziren ekaitzek oso arriskutsuak baitziren masta eta bela izanez gero. Horietako itsasontzi asko irauli ondoren, hondoratu egiten ziren.

Hondoratutako itsasontzi horiek hainbat eta hainbat marinel eraman dituzte berekin batera. Horregatik da hain ezaguna gure arrantzale-herrietako emakume alargunen kopuru handia. Ekaitza horien artetik, ospetsua izan zen 1892. urtean gertaturikoa. Bat-batean sortutako enbataren eta ondorengo ekaitzaren eraginez, ontzi asko ez ziren gehiago itzuli portura, ez eta horietako itsasgizonak ere. Horien artean dugu Luis Karril Donostiako patroi ospetsua. Egun hartan, masta eta bela zituzten traineruetako bat bera ere ez zen onik atera. Data hori ezarri ohi da mugarri gisa, bela gure traineruetatik noiz desagertu zen finkatzeko.

Horrela, ordura arte belaz eta arraunez mugitutako ontziek lekua egin zieten arraun hutsezkoei. Begi-bistakoa denez, Bizkaiko golkoaren ezaugarriek behartu zituzten traineruak masta eta belarik gabe ibiltzera.

Gora