Keinu teknikoaren irakaskuntza-prozesuan hainbat ezaugarri aintzat hartzea lagungarri izango da:
Eskuratu nahi den eredua argi eta garbi azaldu. Ahozko mezuez gain, irudizkoak ere erabili: bideoa, horma-irudiak (argazkiak), grafikoak, norberak (irakasle edo entrenatzaileak) egindako adibideak, teknika egokia duen kideren batek egindakoak...
Maila kognitiboan eredua ulertu dutela baieztatu. Ezaugarri teorikoak eta buru-irudia barneratu dutela egiaztatu. Horretarako galderak egin.
Praktikatu, esperimentatu, bizi. Ulertzetik ekiterako urratsa egin. Saiatu eta huts egin metodologiaz baliatu.
Keinu bat barneratzeko, keinua egoera berdinean askotan errepikatzea lagungarri izango dugu. Baina estimulu horiek tartekatuak izan beharko dute, jarraian luzeegi errepikatu ez, eta denboran zehar aldiro gogoratu beharko ditugu, erabat finkatu direla bermatzeko.
Testuinguruak aldatuz eta aldagai berriak gehituz aritzeak moldagarritasuna, malgutasuna eta egokitzeko gaitasuna handituko lituzke. Hala ere, lehendabizi eredu motor arrunta finkatu, eta gero landu dibertsifikazioa. Zentzuzkoa dirudi keinu estandarra ondo barneratu arte kanpoko aldagaietatik babestutako egoeran aritzeak, hau da: olatu, korronte eta haizerik gabe, esate baterako, gure kasuan.
Ikasprozesurako arraunaren eta materialen neurriak egokitu. Lehiaketa-garaiko neurriek eta ikaskuntza-arokoek ez dute zertan bat etorri (palanka gogorrak, bizkarraren indarra baliatzen ikasteko; toleta hurbil, sarrera garbia egiten ikasteko; beharbada, txantela ipini, toletaren altuera hobeto egokitzeko; hanka-tartea luzatu, errazago libratzeko...).
Ikasprozesuaren hasierako uneetan arraunkadaren beraren mugimendua molda daiteke, helburu didaktikoak lortzeko: palaren ibilbidea uretan luzeago egitea, prestaketa-fasea motelagoa izatea... Lehiaketako estilorik eraginkorrenak eta ikasteko arokoak ez dute zertan bat etorri erabat.
Ibilbide luzeko arraunkadaz eta erritmo lasaiaz baliatu hasieran.
Progresioaren irizpidea garbi izan beti: sinpletik konplexura, errazetik zailera. Haien gaitasunen araberako helburuak ezarri: erronka izan daitezela, baina lorgarriak (eskuragarriak).
Lehentasunak erabaki, ezaugarri batzuk finkatu edo beste batzuekin hasi. Hau da, gaitasun batzuk menperatu arte itxaron beste batzuk eskuratzen hasi aurretik; izan ere, ezin ditzakegu aldi berean eta batera ohar (mezu) asko eman. Arreta-gaitasuna mugatua da. Adibidez, bizkarraren indarra erabili (ez besoena hasieratik); palari inklinazio egokia eman (hondora ez joateko), eskumuturrak altuera egokian atxiki (ibilbide luzea palak tapatuta eta garbi gainean)...
Zuzentze-ariketak lantzean, ez nahasi aldi bakoitzean era horretako ariketa asko. Eraginkorra izateko, lehentasunezko helburuak definitu eta mugatu.
Zuzentze-ariketa bat egiten ari zaren bitartean, aldi bakoitzean bereziki landu hobetu nahi den ezaugarria. Haiek ezagutu dezatela jarduera horren helburua, zertan fokalizatu arreta.
Gertatu ohi diren akatsak azaldu aurretik, haiek jakinaren gainean ipini (ohartarazi).
Ariketa bereziak egitean, hobetu nahi den ezaugarria azpimarratu.
Akats bat automatizatu edo barneratu aurretik neurriak hartu hura zuzentzeko.
Akatsa gertatu bezain laster bidali zuzenketa. Bestela, automatizatzeko arriskua dago.
Akatsen aurrean, saiatu haien jatorria aurkitzen eta esku hartzen gainditzeko: neurriak aldatu, malgutasuna landu, atsedena eman, akatsez jabetzen lagundu, eredu egokiak dituen abantailen bidez motibatu... kasuan-kasuan.
Ariketa analitikoak eginez gero —hau da, arraunkadaren atalak edo zatiak entrenatuz gero (aurreko atalean proposatutako zuzentze-ariketa didaktikoak)— jarraian berehala arraunkada-ziklo osoa eginez aritu, arraunketa arrunta, transferentzia eta aplikazio eraginkorra lortzeko.
Aspertuta, nekatuta edo arretarako gaitasuna agortuta daudela sumatzen dugunean, entrenamendu-saioa eten eta jardueraz aldatu (prestaketa fisikoa edo).
Aldi bakoitzean saioaren une edo zati labur bat eskaini teknika hobetzeko jarduera bereziei (aurreko atalekoak).
Ez egin ariketa hauek behin nekatu eta gero. Saio edo entrenamendu hasierako beroketa-unea egokia izan daiteke.
Ez errepikatu egunero protokolo bera, monotonia saihestu, ez dadila aspergarria bihur.
Jarduera horiek egitean arreta- eta kontzentrazio-maila handia eskatu.
Ondo aukeratu noiz eman oharrak eta zuzenketak. Beharbada, nahikoa lan (eta zailtasun) badu arraunarekin, eta ez da gai une horretan gure hitzak entzuteko. Horrelakoetan gelditu arte itxaron beharko dugu.
Mezu argiak eman, eta baieztatu ulertu dizula. Hasieran ez erabili hitz tekniko gehiegi. Mezuak laburrak eta gutxi badira, hobe.
Ezaugarri komunak eta denentzako baliagarriak diren mezuak eta zuzenketak azaldu ozenki guztientzat.
Kontuz besteen aurrean esandako zuzenketa eta mezuekin.
Ahal bada, Eguzkia atzean ez duzula hitz egin.
Aldaketa horren hobekuntzaz motibatu arraunlariak. Jabetu daitezela akats hori gainditzeak zer-nolako abantailak ekarriko dizkien.
Etengabe feedback positiboaz eta indartze-neurriez baliatu.
Jarrera eta jarduera positiboak saritu.
Pertsona bakoitza mundu bat da: denek ez dute laguntza bera behar; denei ezin zaie berdina eskatu.
Enpatia izan: beren lekuan zeure burua jarri.
Haurrak suma dezala interesa duzula berak egiten duenaren inguruan.
Saio bakoitzaren amaieran lortutako hobekuntzaz eta aurrerapenaz jabetzen lagundu.