Tostako Arrauna

2. Historia. Jatorria

2.3. Historia. Kronologia

Lehia hauen jatorria eta sustraiak alde batera utzita, atzera begiratuta kirol honen kronologian esanguratsuak diren zenbait aipamen nabarmendu nahi ditugu orain.

1547. urtea


Arrantzaleen arteko estropadak antzinatik jokatzen zirela jakin badakigun arren, dokumentaturik dugun zaharrena 1547. urtekoa da. Dokumentu horretan ageri da nola Elantxobeko eta Bermeoko marinelak liskarretan zeuden balea baten jabegoa zela eta. Hori argitze aldera, estropada bat jokatzea erabaki zuten, garaileak balea sari gisa eskuratu zezan. Dena den, gerora Elizako agintariek zalantzan ipini omen zuten aipatutako akordioa.
_

1662. urtea


Felipe IV.ak gortera eraman zituen Pasaiako 12 emakume, bateletan arraunlari-lanean aritzen zirenak.

1719. urtea


Antzinako estropada ospetsuen artean, ordea, ezin ahatz dezakegu 1719ko bat. Han, Bermeoko eta Mundakako herriek Izaro uhartearen jabegoa jokatu zuten estropadan. Geroztik, garaipen hori gogoratzeko, urtero Bermeon, herriko jaietan (uztailaren 22an), prozesioan joan ohi dira txalupaz, eta itsasora teila bat botatzen dute (mugarri gisa), uhartea udalarena dela aldarrikatzeko.

1854. urtea


XIX. mendeko erdialdean, bai Bizkaian, bai Gipuzkoan, hainbat herriren arteko estropadak (apustuak) izan zirela badakigu. Oso-oso luzeak izaten ziren: Ondarroa-Getaria (1854), Hondarribia-Donostia (1871). Horietako zenbaiten berri jasotzen du Azkuek Euskal Kantutegian.

1879. urtea.


Kontxan irailean jokatzen diren estropadak urte horretan hasi ziren antolatzen. Hasiera batean, traineruan parte hartzeko ezinbestekoa zen portu horretako lanposturen batean lanean aritzea gutxienez 6 hilabete lehenagotik, diru truke kanpokoak fitxatzea galarazteko asmoz. Lan-kontratu hori itsas komandantziak egiaztatu behar zuen.
_

1910. urtea.


Donostiako estropadaren luzera 3 itsas miliara ekarri zen, ordura arte 4 miliakoa izana baitzen.

1910. urtetik aurrera


XX. mendeko lehenengo bi hamarkadetan helizearen bulkadak arraunena ordeztu zuen. Beraz, arraunezko traineruak pixkanaka galtzen hasi ziren, lanerako ordezko erosoago eta errentagarriago bat sortu baizen: ontzi motorduna. Gauzak horrela, eguneroko arrantza-lanerako izan beharrean, berariaz lehiarako ziren traineruak egiten hasi ziren.

1916. urtea.


Estropadetarako eguneroko arrantza-lanetan erabilitako ontziez baliatu ziren ordura arte. Urte horretan lehenengo aldiz lehiaketarako berariaz diseinatutako ontzia agindu zion Getariako arrantzaleen kofradiak ontzigileari. Horrela, Golondrina izeneko trainerua egin zuen Mutrikuko Olazabal ontzigileak. Ontzi horrek 400 kg zuen, ordura artekoen erdia eta egungoen bikoitza.
Estropadak Zarautzen 1918

1919. urtea.


Bilakaera horren eraginez, Bilboko estropaden araudian (1919) eta Donostiakoenean (1922), ontziei buruzko oharrak txertatu ziren. Neurri horien bidez, kirolariek erabiliko zituzten traineruen arteko aldeak murriztu nahi ziren, kirolaren oinarri den berdinen arteko lehia ez haustearren, ahal zen heinean.

1945. urtea


Arraunlarien urritasuna ikusirik, trainerilla asmatu zuten Bizkaian. Lehenengoa Lamiakoko Alsa ontzigileak egin zuen.

1947. urtea.


Arrauneko kirol-federazioa sortu zen, eta arautegi ofizial estandarra orokortu zen. Estropadetan parte hartzeko, arraunlari guztiek federazioaren lizentzia izan behar zuten. Dena den, kirol-elkartearen izaera ez zetorren guztiz bat egun dugun ikuspegiarekin. Arrantzaleen kofradiei eta antzeko antolakundeei onartzen zitzaien izaera juridiko hori.

1951. urtea


Traineruen artean zeuden desberdintasunei aurre egiteko asmoz, esate baterako, Donostiako Turismo Elkarteak erabaki zuen bere estropadarako traineruak berak eraikitzea. Orioko Ikatzeta ontzigileak egin zituen 324 kiloko 8 traineru beltz haiek. Horrenbestez, 1970eko hamarkada arte zozketaz egokitutako antolatzaileen ontzia erabiltzen zuten elkarteek, desberdina bi igandeetan, izan litezkeen aldeak orekatzeko asmoz.

1955-1957


Kontxako estropadak 3 ziaboga eta 4 luzetara jokatu ziren. Hurrengo urtetik aurrera, berriz ere, 2 luze eta ziaboga bakarrera itzuli zen, eta ohitura horrek orain arte iraun du.

1960. urtea


Aulki mugikorreko outriggerretan parte hartzen zuten arraunlariei debekatzen zitzaien tostako arrauneko eta yoleneko estropadetan parte hartzea. Aurreiritzi ugari zeuden tostako arraunaren eta arraun olinpiarraren artean. Azken hori «andereño»en kirola zela esaten zen, ipurdia eta eskuak urratzen ez zirelako eta estropadak laburragoak zirelako. Hamarkada bat geroago onartu zen bateragarriak zirela eta arraun olinpiarreko prestaketa tostako arraunerako oinarria izan daitekeela.

1960. urtea


Tradizioari eutsiz, traineru bakoitzak bere herritartasuna gordetze aldera, 1960ko hamarkada arte traineru batean parte hartzeko herri horretan erroldatuta egotea ezinbestekoa izan zen.

1968. urtea


Estatuko azken yolen txapelketa antolatu zen. Behin arraunketa mota hori galduta, tostako arraunak eta arraun olinpiarrak bakarrik iraun dute.

1970. urtea.


Ibai-arroen araudia sortu zuten. Gipuzkoako lurralde historikoa 5 ibai-arroren arabera banatu zuten, eta traineru bakoitzak ezin zezakeen mutilik har bere eremutik kanpo. Diruaren bidez selekzioak eta nahasteak sortzea galarazi nahi zuen. Asmoa zen traineru bakoitzak bere ordezkaritza naturala izaten jarraitzea. Ibai-arroen zatiketa honela gelditu zen:
  1. Oria ibaia: Orio, Aia, Lasarte, Zarautz.
  2. Donostia, Hernani.
  3. Pasaia, Errenteria, Lezo, Oiartzun.
  4. Hondarribia, Irun, Oiartzun, Lezo.
  5. Zumaia, Mutriku.

1972. urtea


Kontxako estropadetan, aurreko zenbait garaitan, nahikoa koadrila elkartzeko (osatzeko) arazo latzak izan bazituzten ere, egoera erabat aldatu zen. Izena eman nahi zuten guztiek parte hartzea ezinezkoa zela ikusita, 8 koadrila onenak aukeratzeko aurretik sailkapen-estropada bat egiten hasi ziren lehenengo aldiz urte honetan.

1990eko hamarkada


Zuntzezko traineruak zabaltzen hasi ziren. 2005eko denboraldian, Urdaibaiko egurrezko traineruak garaipen ugari erdietsi zituen. Hura izan zen goi-mailan egurrezko ontzia erabili zuen azken taldea.

2004. urtea


TKE Traineru Kluben Elkartea sortu zen. Hainbat autonomia-erkidegotako (Galiziako, Kantabriako, EAEko) gobernuek diruz lagundurik, goi-mailako traineruen liga eratu zuten.

2005. urtea


Arraun elkarte bakoitzak senior mailan bere bertako harrobian hasitako zenbat arraunlari izan behar dituen gutxienez zehaztu (finkatu) egiten da lehenengo aldiz. Neurri honekin elkarte aberatsek besteek sortutako arraunlari onak etengabe erostea saihestu nahi da.

2006. urtea


Beste arraun-talde bateko arraunlari bat fitxatzean, beste elkarteari diruzko ordaina eman beharra ezarri zen, “prestakuntza-eskubideak” zirela eta.
Gora