Kasu gehienetan, bereziki orain arte, estropadak itsaso irekian jokatu izan dira. Kirolean oinarrizko arauetako bat parte-hartzaile guztiei aukera berdinak eskaintzea denez, ahalik eta eremurik orekatuena aurkitzen saiatu beharra dago; hau da, kaleen artean alderik ez dadila egon. Ondorioz, itsasertzetan, babesgune naturalak dituzten inguruak bilatzen saiatu ohi dira, estropada-eremuak eratzeko garaian. Dena den, aintzat hartu beharreko beste irizpide bat izan ohi da ikusleentzat aukera onak eskaintzen dituen kokapena aurkitzea, hau da, lehorretik estropada hurbiletik ondo ikusteko eta jende ugarirentzat lekua duen alderdia. Maiz ez da erraza izaten bi baldintza horiek uztartzen dituzten eremuak lortzea.
Topografo tituludunek egindako estropada-eremuaren planoa federaziora bidali beharra dago, horrek onespena eman diezaion, betiere estropada jokatu baino askoz lehenago, zuzenketak beharrezkoak badira horretarako denbora egon dadin.
Ahalik eta egoerarik parekatuena aurkitzen saiatu arren, itsasoan jokatzen direnez, kaleen artean aldeak egon daitezke. Alde horiek areagotu egin daitezke itsasoaren egoeraren, haizearen abiaduraren edo marearen egoeraren arabera.
Erabaki horietan guztietan patroiaren eskarmentuak, jakinduriak eta trebetasunak zeresan handia dute. Izan ere, araudia kontuan izanik, beste ontziak oztopatu gabe bere kaletik ateratzeko hainbat aukera ditu. Horren ildotik, garbi utzi nahi dugu: “Biderik azkarrena beti ez dela biderik motzena (laburrena)”.
Batelaren kasuan, kontuan izanik puntal edo altuera txikia duela brankan, estropada gutxi jokatzen dira itsaso zabalean, baldintza oso onak behar baitira estropada amaitzeko. Portu aldean, ibaietan eta urtegietan ezarri ohi dira estropada-eremuak. Zenbait kasutan, leku nahikoa berezitan jokatu izan dira, gero ikusiko dugun bezala; marinel-kutsu gutxiko eremu geografikoetan, alegia.
Ohiko estropada-eremuak itsasoan egoten direla azaldu badugu ere, barrualdean
ere hainbat estropada jokatu dira, bereziki ontzi laburrenak (batelenak, gehienbat):
Oria ibaian, Tolosan eta Andoainen; Urumea ibaian, Loiola auzoan; Bidasoa ibaian,
Behobian; Oiartzun ibaian, Errenterian; eta Deba ibaian, Soraluzen.
Urtegietan: Urkulun (Aretxabaleta), Ariolan (Ermua), Barrendiolan (Legazpia),
Legutianon (Araba), Uribarri Ganboan (Araba), Esan (Nafarroa).
Euskal Herritik kanpo ere, atzerrian, hainbat traineruk parte hartu dute hainbat
kirol-estropadatan edo ontzi tradizionalen bileretan: Spree ibaian (Berlin),
Venezian (Italia), El Retiro parkean (Madril, Espainia), Ebro ibaian (Zaragoza,
Espainia), Guadalquivir ibaian (Sevilla, Espainia), Ortigosa-ko urtegian (Errioxa),
Bartzelonako portuan (Herrialde Katalanak).