Tostako Arrauna

12. Hiztegi iruzkindua

Ababor*:


Popatik branka aldera begiratuta, ezkerreko aldea (nazioarteko araudian kolore gorriz adierazten da).

Aurrekalari (aurreko):


Ontzian branka aldetik muturrean doan arraunlaria. Gehienetan, txikia eta trebea. Ziabogetan, arraun motzarekin ontzia biratzen laguntzen du, trinkatuz edo espaldeatuz (proel gaztelaniaz).
Aurrekalari (aurreko) Aurrekalari (aurreko)

Baliza:


Kalea mugatzeko eta bira egiteko puntua finkatzeko erabiltzen den tresna. Balizak ezartzean, aingura bat aurrealdera eta beste bat atzealdera botatzen dira, zehaztasunez nahi den lekuan kokatzeko (gerora korapiloa aldatuz parekatu baitaiteke). Kanpoaldeko sokak (traineruak pasatzen diren aldean) kontrapisu bat eraman ohi du, soka hasieran bertikalago jaisteko trainerua katiga ez dadin.
Garai batean baliza gisa arrantzan erabiltzen ziren egurrezko batelak erabili ohi ziren. Gerora buiak erabili ohi dira, bai eta estropadetarako berariaz sortutako tresnak ere. Egun materiala biguna izatea eskatzen da, traineruekin talkarik eginez gero ahalik eta kalterik txikiena eragin dezan. Estropada-eremua ibaian denean, ibaiaren ertz batetik bestera altuera handian kable bat ipini ohi da, eta kabletik zintzilik kable bat luzatu, dagokion baliza ezartzeko.
Baliza Baliza

Balizak era askotakoak izan daitezke: buiak, txalupak, flotagailuak, batel tradizionalak, 
zuntzezkoak, plastikozkoak, metalezkoak, egurrezkoak, ainguraz hondoari itsatsiak, 
kontrapisu edo pisu hila dutenak, goitik doan kable bati lotuak…

Batel:


Gaur egun kirol-lehiarako erabiltzen den ontzia, 4 arraunlarik eta patroiak osatua. Luzeran 7 m izaten du, eta gutxienez 70 kg pisatu.
Batel

Brankaz joan:


Olatuei aurre eginez, itsasoaren kanpoaldera joan (ir de proa gaztelaniaz).
Brankaz joan Brankaz joan
Brankaz joan

Enbor (arraun-zango):


Arraunak pala eta tibortaren artean duen zati luze eta mehea. Garai batean trinkoa izan ohi zen (pago-egurrez egiten zenean). Gero, agertu ziren estrabe edo pieza kolatuzkoak, barrua hutsik izan ohi zutenak. Egun zuntzezkoak egin ohi dira. Arrauna zenbat eta beherago, orduan eta meheago da. Beraz, estropu estuak sartzean arazoak izanez gero, arrauna altxatu ohi da, eta palaren aldea toleterantz hurbildu, han errazago sartu eta gero bere lekura eramateko (arraunaren topera, tolet parera, alegia) (caña gaztelaniaz).
Enbor (arraun-zango)

Errepaleatu:

Arraunkada amaitzean, ur gainetik (airean) pala hurrengo arraunkadaren bila daramagunean (popatik brankara) egindako inklinazio-aldaketa (biraketa). Modu horretan, airearen marruskadura txikitzen dugu, bai eta ura ukituz gero kateatzeko aukerak ere. Arraunaren barruko aldeko eskumuturra arduratuko da lan horretaz (repalear gaztelaniaz).
Errepaleatu Errepaleatu
Errepaleatu Errepaleatu

Estatxa:


Estropadako irteeran ontzi guztiak parean lerrokatuta kokatzeko, kale bakoitzeko barruko balizak izan ohi duen soka. Patroiak helduko dio esku batekin eta tenkatuko, ontzia zuzentzeko irteerarako (rabiza edo estacha gaztelaniaz).

Estropu*:


Lakainaz, kalamuz edo nylonez egindako eraztun modukoa (uztaia), arrauna toletari lotzeko eta arraunaren bultzada ontziari transmititzeko erabilia (estrobo gaztelaniaz).
Estatxa

Hankako:


Ontzian lehenengo kokatuta dagoen arraunlaria, atzean, popan, patroiaren aldamenean. Traineruan, bi dira (ababorrekoa eta istriborrekoa). Esperientziako mutilak aukeratu ohi dira, erritmoa berek ezartzen baitute, eta gainerakoek haiei jarraitzen diete (marca edo popel gaztelaniaz).
Hankako Hankako

Istribor*:


Popatik branka aldera begiratuta, eskuineko aldea (nazioarteko araudian kolore berdez adierazten da).

Karel:


Ontzi guztia inguratzen duen gainaldeko ertza. Han toletak kokatzen dira (regala, carel edo borda gaztelaniaz).
Karel Karel
Karel

Kale:


Ontzi bakoitzari zozketan egokitutako ibilbidea. Parean dauden kanpoko eta barruko balizak elkartuz gero osatutako irudizko lerroa. Eskuarki 4 izan ohi dira: zuria, gorria, berdea eta horia. Balizak istriborretik hartu behar dira. Ontzi bakoitzak bere kalea errespetatu behar du, azken luzean izan ezik. Itsasoaren egoeraren arabera eta marearen arabera alde nabarmena egon daiteke haien artean.

Keinada:


Popa parean gatozela, ontziaren ibilbidea desbideratzea (zenbait kasutan erabat trabeska jartzeraino). Izan ere, olatu gainean gatozela, muturra (aurrea edo branka) sartu eta ontziaren atzea apur bat altxatzen denean, oso zaila gertatzen da ontzia zuzen gobernatzea. Itsasoa bera, horizontal egon beharrean, aldapa behera gelditzen denean (olatuagatik), ontziaren grabitate-erdigunea branka aldera higitzen da, eta patroiaren arrauna bermatzen den alderdia (popa) oso ezegonkor bihurtzen da. Itsaso zakarrean patroien lana eta eragina nabarmendu egiten da, besteak beste, haien aurre hartzeko gaitasuna, ontzia okertzen hasiz gero zuzentzea izugarri zaila baita (guiñada gaztelaniaz).

Lantza hartu:


Olatuen bulkada harrapatuz, haien gainean ibilbide luze samarra eta abiadura handian egitea. Entrenatzaile bakoitzak bere ohiturak baditu ere, asmo horrekin, oro har, pisua branka aldera higitzeko, arraunkaden eta gorputzen jarduera aldatu egin ohi da: sarreran bila gutxiago joanaz, pala parean sartuz, gorputzen etzana nabarmenduz, astiro altxatuz, erritmoa bizituz, olatua iritsi baino lehenago erritmoa igoz (olatua iristerako ontziak azelerazioa izan dezan).

Ordezko arraun:


Estropadaren unean ontzi barruan, erdian luzetara, tosten gainean, eraman ohi den arraun gehigarria (estropu eta guztikoa), norbaitek arrauna hautsiz gero hura hartzeko eta erabiltzeko.

Pala:


Arraunak muturrean duen atal zabala. Uretan sartzen da erresistentzia lortzeko. Zenbat eta bertikalago sartu, orduan eta azalera handiagoa lortuko du. Eskumuturren bidez, haren inklinazioa ondo zaindu behar da. Hainbat zabaleratakoak egiten dira.
Pala Pala

Palka*:


Itsaso txarra dagoenean urik ez sartzeko ontziaren brankan, karelaren gainean, babes modura ipintzen den pieza. Alboetarako ere badira beste batzuk (botaaguas gaztelaniaz).
Palka Palka

Patroi:


Ontzia popatik gidatzen duena. Eginkizunak: ontzia ibilbide egokienetik eramatea (gehienetan zuzenena), erritmoa markatzea (hankakoekin batera), adore ematea eta ziabogak egitea (arraunlarien laguntzaz). Ontziaren arabera gutxieneko pisua izan behar du (bestela lasta eraman beharko du). Itsaso txarrean haren zeregina gehiago nabarmentzen da (bai olatuak hartzen, bai ontzia gogortzen).
Patroi Patroi
Patroi Patroi

Poparean joan:


Olatuen alde arraunean egin, barrualdera.
Itsasoaren egoera bereziagatik popa parean olatuak hartzeko aukera eskaintzen 
  duten estropadak ikusgarriak izaten dira, azken emaitza etengabe aldatzeko zorian 
  izaten baitira.


Trainerilla:


Kirol-lehiarako sortutako ontzia, 6 arraunlarik eta patroiak osatua. Luzeran 9 m luze da, eta gutxienez 100 kg pisatzen du.
Trainerilla Trainerilla

Traineru:


Gaur egun kirol-lehiarako erabiltzen den ontzia, 13 arraunlarik eta patroiak osatua. Luzeran 12 m da eta gutxienez 200 kg pisatzen du.
Traineru Traineru
Traineru

Txanpa:


Estropadaren amaieran (zein irteerako unean) egin ohi den erritmo-aldaketa azkarrago joateko.

Txantel:


Arrauna karelean bermatzen den lekuan (tolet aurrean) babesteko jartzen den pieza gogorra. Denborarekin arraunaren marruskaduraren eraginez higatzen da. Itsaso txarra dagoenean arrauna errazago libratzeko gainean beste bat jarri ohi da.
Txantel

Tolet*:


Karelean dauden 20 cm inguruko makila edo ziri zilindriko bertikalak. Arraunaren bultzada ontziari transmititzeko erabiltzen dira. Estropuen bidez arrauna bertan kateatzen da, tope parean.
Tolet Tolet

Tope:


Arraunak toletarekin zein paretan egon behar duen mugatzen duen koska, beherago ihes egin ez dezan.
Tope

Tosta*:


Arraunlariaren eserlekua, ontzia gogortzeko zeharka batetik bestera doazen egiturak (bancada, gaztelaniaz).
Tosta Tosta

Ubera:


Ontziak bere atzean uretan uzten duen arrastoa. Erreferentzia baliagarria izan ohi da arraunkada bakoitzean, ea hankakoak aurrekalariak utzitako aztarna harrapatzen (gainditzen) duen behatzeko (estela, gaztelaniaz).
Ubera Ubera

Xukatu:


Ontzi barruko ura atera. Gutxi denean belakiz, asko denean balde baten laguntzaz, gehiago denean arrapalara joanda ontzia pixkanaka albo baten gainean jiratuz (achicar, gaztelaniaz).

Ziatu (zia egin):


Alderantziz arraunean egitea, ontzia poparantz (atzeraka) higitzeko. Ziabogan (hortik datorkio izena) istriborrekoek arraunean egiten dute, eta ababorrekoek ziatu (atzekoek, behintzat). Horren bidez, ontziak bira egiten du (ciar, gaztelaniaz).
Gora