Tostako Arrauna

2. Historia. Jatorria

2.2. Historia. Arraunaren kirol-eremua

Jakina denez, euskalduna lanerako bizi izan da mendeetan. Familiakoentzat ogia lortzeko kanpora irten behar izan dutenean ere, ziren lekuan zirela, langile kementsuen ospea izan dute beti. Era berean, denok norgehiagokarako eta jokorako dugun zaletasuna kontuan izanik, aise uler daiteke eguneroko lanetik erronka eta apustua sortu izana. Gauzak horrela, euskal herri-kirolek eguneroko lanbideetan dute jatorria, eta bilakaera baten ondoren joko eta, azkenik, kirol bihurtzen dira. Horren erakusgarri ditugu herri-kirol mota guztiak: aizkolariak, harrijasotzaileak, segalariak, trontzalariak, txingak... eta estropadak, besteak beste.

Estropadak Zarautzen XX mende hasiera. Ramon Serrasen artxiboa

Arraunaz ere —herri-kirolen artean zale gehien mugitzen duen espezialitatea da— beste hainbeste esan daiteke, alegia eguneroko jarduera ekonomikotik sortua dela. Dena den, lanaren munduari lotutako sustrai horrek baditu zenbait iturri:

  • Trainerua gehienbat sardinaren eta antxoaren arrantzan erabili ohi zuten. Arrantzaren arrakasta, neurri handi batean, lanean lortutako bizkortasunaren menpe zegoen. Beraz, berebiziko garrantzia zuen zenbat denbora erabiltzen zen arrain sarda ikusten zen unetik hara iristeko eta eginbeharrak burutzeko. Behin arraina harrapatu eta gero, portura zenbat eta lehenago iritsi, orduan eta salneurri hobea eskuratzen zuten salmentan. Arrain asko harrapatzeak adinako garrantzia zuen portura garaiz sartzeak, enkantean prezio ona eskuratzeko.

    Eguneroko lanean, ogia irabazteko egindako jarduera horietatik, behin baino gehiagotan sortzen zen koadrilen arteko dema eta norgehiagoka. Ez zeukaten beste aitzakia baten beharrik, beren artean lehian hasteko. Hala, herrian zurrumurrua zabaltzen zen: halako koadrila halako baino azkarragoa zela, eta abar. Erronka eta trabesa bat baino gehiago sortzen ziren horrelako kontuetatik.

  • Bestalde, gogoan izan behar dugu euskaldunek beti izan dutela balea-arrantzale handien ospea. Badirudi jarduera horretan traineruaz gain beste ontziren bat ere erabiltzen zutela, bereziki urrutira abiatzen zirenean. Dena den, itsasertzetik gertu harrapatzean, traineruak funtsezkoak izaten ziren. Jasotako toponimia dugu garrantzia horren lekuko: Talaimendi, Talaipe, Talaiberri... Euskal Herriko bazter guztietan aurki ditzakegu baleak begiztatzeko leku horiei buruzko aipamenak. Balearen jabegoari dagokionez, berealdiko garrantzia zuen bertara lehena iristeak eta arpoia sartzeak. Hortxe dugu, beraz, lehia horren balizko beste jatorrietako bat.

    _ _

    Lehorretik begiztatu ondoren harrapatutako azken baleen bi adibide aipatuko ditugu:
    Zarautz eta Getaria arteko uretan 1878. urtean balea bat ikusi zuten. Berehala mugitu zen jendea, herri batean zein bestean, koadrilak biltzeko eta traineruak uretaratzeko asmoz. Zarauztarrak izan ziren lehenak animalia arpoiz jotzen. Logistikako arrazoiak zirela medio, ostera, Getariako portura eramatea erabaki zuten azkenean. Zetazeoa norena ote zen argitzeko epaitegietara jo zuten, eta ebazpena iritsi zenerako ustelduta zegoen baleatzarra. Horren hezurrak ikusgai ditugu gaur egun Donostiako Aquariumean.

    Gure itsasertzean harrapatutako azken baleari buruzko kontakizuna (1901) egungo abeslari batek zabaldu du lau haizeetara. Abestiko bertsoek dioten bezala: “Mila bederatziehun eta lehenengo urtean, Orioko herriko barraren aurrean, balea agertu zen bederatziak aldean...” Dena den, kontuan izan behar dugu orduan erabilitako teknika ez zela bat etorri usadio zaharrek agindutakoarekin.

  • Arrantzaz gain, itsasontzi handiak portura hurbiltzeko ere erabiltzen ziren ontzi horiek. Gaur egun gertatzen den bezalaxe, antzina ere ontzi handiak ez dira beren propultsioaz baliatzen, portuaren barruan maniobratzeko; ontzi txikiagoek arrastatzen dituzte, atoian. Batetik, errazago gobernatzen dira, eta, bestetik, portuko sarrera, sakonera eta haitzak hobeto ezagutzen dituzte. Kontuan izan dezagun garai bateko ontzi beladun handiak zehaztasunez gidatzea ez zela lan samurra izango. Belak batu eta gero, laguntza behar izaten dute mugitzeko.

    Lan horietan, besteak beste, Pasaiako portukoek lortu zuten ospe handia. Ontzia ikusi eta hara lehendabizi iristen zen koadrilak lortzen zuen lan hori. Beraz, nahikoa motibo zen demarako. Gizonezko gehienak arrantzan kanpoan zirela kontuan izanik, batez ere emakumeak arduratzen ziren eginkizun horretaz. Ohitura horren lekuko gisa, Pasaiako festetan nesken arteko batelen estropadak jokatzen dira oraindik ere.

    _

Historian zehar parte-hartzeak gorabehera ugari izan ditu. Lanean arrantzaleak arraunez baliatzen ziren garaian, nahi adina koadrila elkartzen ziren estropada antolatzeko. Baina itsasoan arrantzaleen indarra motorren bulkadaz ordezkatu zenean, lehiaketarako hutsune handia egon zen, eta parte-hartzaileak elkartzeko arazoak izan ziren. 1940ko eta 1950eko hamarkadetan arrauna galtzeko zorian egon zela esan daiteke. Garai ilun haietan arraunketak irautea lortu zuen, zenbaiten ustez, aulki mugikorrari esker. Askok uste dute arraunketa olinpiarrak, lehia eta kaltea izan beharrean, irauteko eta garai modernoetara egokitzeko laguntza eskaini zuela.

1970eko hamarkadan berriz ere piztualdia izan zuen gure kirol honek. Azkenaldian, goi-mailako jarduerek komunikabideetako orrialde asko betetzen badituzte ere, egoera ez da islatzen duten bezain goxoa. Beheko mailei eta, oro har, lizentziei dagokienez, berriz, krisi-egoeraz hitz egin dezakegu: galdutako koadrilak; 13kotea osatzeko, bi talde elkartu beharra; gazte-mailetan jende faltagatik maila ofizialik gabeko lehiaketak... Denon esku dago egoera horri buelta emateko neurriak asmatzea.

Estropadak Zarautzen Elkanoren laugarren mendeurrena 1922

Sariei dagokienez, arrantzale-herri gehienek utzi dute beren arrastoa banderak eskuratzeko garaian; besteak beste, Oriok, Pasaiak, Hondarribiak, Donostiak, Getariak, Zumaiak, Ondarroak, Sestaok eta Santurtzik.

Gora