Tostako Arrauna

3. Lehiaketetan erabiltzen diren ontziak

Arraun olinpiarrean erabiltzen diren ontziak laborategian asmatu eta diseinatutako ingeniaritzazko produktuak ditugu. Azken teknologiez eta zientzia guztietan pilatutako jakinduriaz baliatuta (fisikaz, hidrodinamikaz, materialez, erresistentzia-koefizienteez...), ur gainean ahalik eta azkarren ibiltzeko tresna sofistikatuak sortzen dituzte. Muga bakarra flotatzea, ez hondoratzea, izanik, benetan tramankulu bereziak sortzen dituzte: arinak, oso luzeak, axalak, estuak... Dena dago abiaduraren alde.

Arraun olinpiarrean erabiltzen diren ontziak _

Egoera aldeko dutenean, abiadura benetan ikusgarriak lortzen dituzte diseinu bitxiko asmakizun horiek, baina nabigatzeko baldintza egokiak behar dituzte. Nahikoa da ura apur bat harrotzea, haize pittin bat ateratzea, ur gainean irauteko zailtasunak izateko. Ez dira gai itsaso zabalean ibiltzeko, Bizkaiko golkoan bereziki.

Tostako arraunean erabiltzen diren ontziek, berriz, lehen esan bezala, arrantzan dute jatorria; betidanik itsaso honetan erabili izan diren ontzietan, hain zuzen ere. Arrantzan harrapatu beharreko arrain motaren arabera, trainerua edo batela erabiltzen zuten behiala. Lehiaketa arautu ahala, ontzien ezaugarriak ere estandarizatu eta instituzionalizatu beharra izan zuten, ordura arte neurri guztiak bateratu gabe baitzeuden. Bestalde, kirol-beharrei erantzuteko asmoz (jende gutxi koadrila asko osatzeko, besteak beste), ontzi berri bat asmatu beharrean egon ziren: trainerilla, hain zuzen ere. Horrela, traineru bateko tripulazioaren erdiarekin uretaratu zitekeen ontzia.

Tostako arrauna

Kirol-irizpideetan oinarrituz, ontzi horiek nolabaiteko bilakaera izan zuten, errendimendua eta lehiakortasuna hobetze aldera. Federazioak sumatu zuen garapen hori arautzearen beharra: batetik, jatorrizko ontzietatik askorik urrundu ez zitezen; bestetik, guztiek lehiatzeko berdintasunezko egoera izan zezaten.

Izan ere, Pedreñako ordezkariek Cantabria izeneko trainerua egin zuten 1944. urtean, baskulan 165 kg soilik markatzen zuena. Gineako egurrez egin zuten, eta kaskoak 4 mm-ko lodiera zuen. Estuago zen, eta ez zuen gilarik. Itsaso barean harrapaezina bazen ere, itsasoa harrotzen zenean arazo ugari ematen zituen gobernatzeko eta berehala hondoratzen zen. Esan bezala, horrelako egoerei aurre egiteko asmoz finkatu eta mugatu zituzten ontzien ezaugarriak.

Honako taula honetan azaltzen ditugu lehiaketan modu ofizialean erabiltzen diren 3 ontzi motak:

  BATELA TRAINERILLA TRAINERUA
ARRAUNLARI KOPURUA 4 + patroia 6 + patroia 13 + patroia
eslora 7 m 9,5 m 12 m
puntala (brankan) 0,56 m 0,61 m 0,95 m
erruna 0,975 m 1,10 m 1,72 m
pisua 70 kg 100 kg 200 kg
argazkiak Batela

Batela
Trainerilla

Trainerilla
Trainerua

Trainerua

Azken urteetan ontzigileek hainbat aurrerapen sartu dituzte traineruetan: zuntza, tostartean egokitzeko zuloak, toleterak mugitzeko aukera, palka ipintzeko zirrindolak, ura xukatzeko bonba...

Batelari dagokionez, ikusi dugunez, 7 m dira araudiak ezartzen duen luzera. Dena den, 7,5 m-ko batelak erabili izan dira Tolosan eta beste zenbait lekutan. Aulki mugikorraren eraginez, ikusi zen ontziaren luzera handitzeak nabigatzeko gaitasuna hobetzen duela eta azkarrago joaten dela, nahiz eta gero ziaboga egiteko garaian egokitzapen hori kaltegarri suertatu. Dena den, bere garaian, jatorrizko ontzien izaera mantentzearren luzera horri eustea erabaki zen.

Gauzak horrela, ordea, urteak aurrera joan ahala, irizpide hori bera ez da erabili beste zenbait egokitzapenen aurrean. Izan ere, materialei dagokienez, egurrezko ontziak iraganeko kontuak direla esan daiteke, zuntzezkoek merkatua beren egin baitute. Aldaketa horiek guztiak kirolaren errendimendu-irizpidearen ondorio dira. Kronometroaren legea ezarri da. Horren ondorioz, Orioko Ikatzetak, Pasaiako Fontanek eta beste zenbait ontziolak ateak itxi behar izan dituzte. Era tradizionalean, duela hainbat mende bezala, ontziak egurrez egiten zituzten eskulangile horiek baztertu egin ditugu, aurrerabidearen izenean. Bestalde, zuntza lantzen duten ontzigile berrien artean aipatzekoak dira Orioko Amilibia, Hondarribiako Olaziregi eta Garin, Galiziako Cuesta, Donostiako Olabe, eta beste hainbat.

Tostako arrauna

Ontzi motaz hitz egitean, aipatu beharra dago 1980ko hamarkadan izan zela saiakera bat berriz ere bakarkako batelak sustatzeko. Orduko hartan, zuntzezko ontziak egin ziren teknologia eta diseinu berriez baliatuz eta moldaketarako irizpidetzat kirol-lehiakortasuna hartuz. Hainbat ontzigilek beren ereduak sortu eta merkaturatu zituzten. Mugimendu hori agertu zenean, gizartean talde handiak osatzeko krisia handia zegoen, kontuan izandaentrenamendu bateratuak eskatzen zuen diziplinak zekartzan zailtasunak. Baina, hala ere, azkenean proposamenak ez zuen arrakasta handirik izan, eta zenbait estropada egin ondoren ekimena bertan behera gelditu zen.

Gora