Tostako Arrauna

7.3. Teknika akatsen jatorria

OROKORRAK

Arrauneko keinu teknikoa irakasten ari garenean, arraunlarigaiak hainbat hutsune eta errakuntza izango ditu eredu motor hori bereganatzeko prozesuan zehar. Kasu bakoitzean aztertu beharko litzateke akats horren jatorria non dagoen, neurri egokiak hartzeko. Akatsen arrazoiari dagokionez, zerrenda hau osa dezakegu:

  • praktika falta;
  • eredua edo mugimendu teorikoa ondo ez ulertzea (barneratu gabe);
  • berak eginiko mugimenduarekiko pertzepzio desitxuratua (okerra);
  • neurri desegokiak arraunean egiteko tresnerian;
  • antzeko mugimenduen transferentzia negatiboa;
  • gaitasun fisikoek eragindako mugak;
  • beldurra, ziurtasunik eza;
  • nekea, saio luzeegia.
  • Praktika falta.
    Keinu tekniko guztiak ikasteko ezinbesteko da horiek “bizitzea” eta esperimentatzea. Ekinez eta arituz, denborarekin barneratzera iritsiko gara. Errakuntza ez da porrotarekin lotu behar; ikasprozesuko beharrezko elementu gisa ulertu behar da. Hanka sartuz ikasten da, nola ez den egin behar ikusiz. Saiatzearen eta porrotaren bidez, proba eginez, pixkanaka exekuzio teknikoa hobetuko da, eta eredura hurbilduko. Maila teknikoa sartutako denboraren eta lan-bolumenaren araberakoa izango da. Ikasprozesuko fasearen arabera, mugimendu txukunagoa edo baldarragoa izango du. Jakin behar dugu progresiboki zehaztasun-maila handitzen, eta ez eskatzen haren mailari dagokion baino gehiago. Eredua edo mugimendu teorikoa ondo ez ulertzea (barneratu gabe).
    Keinu tekniko bat bereganatzeko prozesuan urrats aitzindaria dugu maila teorikoan, behintzat, jarduera horren ezaugarriak ulertzea; alegia, buruz irudikatzea. Lehenik eta behin, buruan bada ere, eredu motor horren xehetasunak ezagutu behar ditugu, eta, gero, gorputzarekin horiek errepikatzen saiatu. Posible da gorputzarekin egin nahi dugun mugimendu hori zehaztasunez errepikatzeko zailtasunak izatea, baina ulertu ere ez badugu egin, ziur ez zaigula txukun aterako.
    Zenbait uste okerri aurre egin beharko diegu, esate baterako: zenbat eta indar gehiago egin, arraunkadak zenbat eta erritmo azkarragoa izan, sarreran zenbat eta kolpe bortitzago jo... ontzia azkarrago joaten dela.
  • Berak eginiko mugimenduarekiko pertzepzio desitxuratua (okerra).
    Pertzepzio- eta hautemate-prozesu guztiak subjektiboak dira, eta errealitatetik urruntzeko arriskua dute. Ziurtatu behar dugu ikasleak jaso duen pertzepzioa zuzena dela, eredu motor hori bereganatuz joan dadin. Maiz gertatu ohi da eztabaidatu behar izatea ikasle batekin, zuzenketa bat proposatzen zaionean hark onartzen ez duelako jarduera horretan aldatu behar duenik, ereduari jarraituz egiten duelakoan. Pertzepzio desitxuratuari aurre egin beharko diogu. Arraun-fosoan lan egitean ispiluek asko laguntzen digute, eta, aurrerago, uretako entrenamenduan bideoan grabatutako irudiek.
  • Neurri desegokiak arraunean egiteko tresnerian.
    Arraunean behar bezala egiteko (eta ikasteko, jakina) ezinbestekoa da arraunlariak erabiliko dituen lanabesak bere ezaugarrietara egokituta egotea. Kasu askotan, ikasprozesuan haur/gazte asko aritzen direlako, ez da behar adina denbora hartzen banan-banan moldatzeko tresneria hori. Gaiak garrantzi nabarmena duenez, atal osoa eskainiko diogu geroago.
  • Antzeko mugimenduen transferentzia negatiboa.
    Mugimendu berri bat ikasten hasten garenean, ez gara hutsetik abiatzen. Ordura arte egindako lanak eta esperientziak eragina dute ikasteko ahalmenean. Antzeko jarduerak aldez aurretik landu baditugu, haietatik nolabaiteko transferentzia jaso dezakegu, eta lehen ikasitako hura, egoera berriari aplikatuz gero, lagungarri gertatuko zaigu. Oro har, transferentzia positiboa izan ohi da ezaugarri gehienetan; lagundu egiten du azkarrago ikasten eta bereganatzen keinu tekniko berria. Dena den, zenbait egoeratan kaltegarri izan daiteke, eta barneratutako joera batzuk kentzea kosta egiten da: bizkarraren indarra noiz aplikatu, besoen bulkada nola erabili, tibortari non heldu, palaren inklinazio egokia zein den... Baina berriz diogu: ekarpen lagungarriak eta abantailak ugariagoak dira negatiboak baino.
  • Gaitasun fisikoek eragindako mugak.
    Zenbait kasutan, gaitasun fisiko apalak edo hainbat ataletan gabeziak izateak keinu teknikoa txukun egitea baldintzatu lezakete: malgutasun falta eragin dezakete arraun-pala behar den lekuan sartzeko erasoan; abdominalak gutxi landuak izateak besoak atera arte etzanda egotera behartu dezake arraunkadaren amaieran; nahiko indarrik ez izatea palada amaieran pala behar bezala amaitzeko (erabat tapatuta eta bertikalki). (Izan ere, horrela erresistentzia gehiago hartzen baitu).
  • Beldurra, ziurtasunik eza.
    Ez dugu ahaztu behar arrauna uretan egiten dela, hau da, gizakiarentzat berez arrotza den ingurune batean. Zenbait ez daude batere ohituta ingurune horretara; ez dute ondo igeri egiten, eta urari errespetu handia diote (zenbait kasutan errespetua baino zerbait gehiago). Aldagai horrek asko blokeatzen ditu; pertzepzio-prozesatze-exekutatze urratsen arteko komunikazio-kanalak oztopatzen ditu, eta, ondorioz, pertsona horiek ez dira gai exekuzio tekniko egokia egiteko. Mugimendu eroso eta lasaia barneratzeko ezinbesteko da lasaitasuna eta konfiantza izatea, kanpoko aldagai arrotzak ahaztea, eta kezkarik ez izatea. Lasaitzen ez garen arte, ezinezko izango zaigu ikaskuntza-jarduerei ekitea. Bizkarra behar bezala ez mugitzea (etzatea), ontziak balantza egin orduko tiborta askatzea eta karelari heltzea... beldur horren adierazle eta ondorio izan daitezke.
  • Nekea, saio luzeegia.
    Edozein jarduera ikasteko arreta eta kontzentrazioa ezinbesteko dira, bai eta ikaskuntza motorrean ere. Adi egoteko gai ez badira, jai daukagu. Barneratutako mugimendu bat errepika dezakegu arreta askorik gabe, baina, hura hobetu nahi badugu, ikasteko, erne egon beharko dugu nahitaez, bestela akats eta bizioak indartzea besterik ez dugu lortuko. Ikaskuntzari eskaini nahi diogun denbora ondo banatu behar dugu, eraginkortasunaren ikuspegitik, kalitateko saioak lortzeko, behar adina bider birgogoratzeko eta indartzeko estimuluak eskainiz, kalitatezko mugimendua barneratu dezaten.
  • Neurri desegokiak arrauna egiteko tresnerian.
    Oharra:
    Aztertu beharko litzateke kasu bakoitzean akats horren jatorria non dagoen; izan ere, zenbait kasutan, arraunlariarentzat desegokiak diren neurriak ezarri izanak eragiten du mugimendu desegokia. Besteak beste, akats hauek aurki ditzakegu:

    • Arraunlaria altuegi dago. Arraunlariek ipurdia babesteko tosta material bigungarriz estali ohi dute (zenbait kasutan baita kulot barnea ere). Hastapenetarako erabili ohi diren ontziek tosta sendoak eta lodiak izan ohi dituzte (gehiago irauteko). Ikaskuntzarako erabili ohi den ohiko lehiaketa-ontzia batela da (karel baxuko ontzia, alegia).
      Arraunlaria altuegi badago, besoa arraunkadaren amaieran sabelaren parean geratzen da; errekuperazioan belaunak behar ez bezala libratzen badira (arraunari ihes eginda, belaunak zabalduta); palarekin behar bezala amaitzen ez bada, tapatzen bada...
    • Arraunlaria baxuegi dago.
      Itsasorako ontzi luzeek (traineruak, kasu) karelaren altueran gorabehera handia izaten dute popari, erdialdeari eta brankari dagokienez; nahiz eta tosta guztiak lerro berean izan. Hasiberrientzat berariaz egindako ontzi gutxi erabili ohi dira gure inguruan. Hainbat kasutan, beraz, pala ibilbide osoan tapatzeko, behar den lekuan amaitzeko eta errekuperazioa altuera egokian egiteko zailtasunek jatorri hori izan ohi dute.
    • Toleta hurbilegi dago.
      Arraunlariak azpian duen tostaren eta toletaren artean dagoen distantzia neurri garrantzitsua da. Motzegia bada, tibortak enbarazu egingo dio arraunlariari; arrauna libratzeko arazoak izango ditu; ez du ondo menperatuko arrauna; bizkarrarekin arraunari ihes egiteko joera har dezake; barrurago eseriko da tostan (eta ontziari balantza handiago eragin)...
    • Toleta urrutiegi dago.
      Egoera horretan, arrauna uretan sartzean gorputza gehiegi tolestu beharko da; indar egiteko jarrera behartua izango da (bizkarrezurrarentzat guztiz kaltegarria); pala uretan behar den lekuan sartzea zailagoa izango da; amaieran, pala ontziaren albora sartzeko arriskua areagotuko da...
    • Palanka luzeegia da.
      Aurreko kasuan bezala, mutil koskorrekin arraunlari helduentzat prestatutako materialak erabiltzen ditugunean, honelako egoerak gerta dakizkiguke. Tiborta menperatzeko zailtasunak izango dituzte, eta palan igarriko da. Gorputza zuzen ez etzateko eta tostan behar ez den lekuan bermatzeko bizio txarrak ere sor ditzake.
    • Neurriak gogorregiak dira.
      Dakigunez, arraunaren funtzionamendua fisikako 1. mailako palanka edo palanka soilen mekanikan oinarritzen da, 3 elementuz osaturik baitago: indarra, erresistentzia eta bermatze puntua. Palaren azalera (luzera edo zabalera) aldatuz, arraunaren tope edo bermatze puntua aldatuz… erlazio edo proportzia hori alda dezakegu. Hizkuntza desberdinetan lotura horri rapport deitzen zaio. Materialen rapport edo harreman gogorregia izateak tiratzerakoan erresistentzia handiegia sortuko du. Arazo hori gainditzeko arraunlariak (kontzienteki edo ez) zenbait irtenbide aurkituko ditu: pala erabat tapatu gabe eta bertikal eramatea; lehenago uretatik ateratzea; bukatu aurretik jaikitzea... Garbi izan behar dugu, betiere, lehiaketarako pentsatutako neurriek eta keinu teknikoa ikasteko prozesukoek ez dutela zertan bat etorri kasu guztietan.
Gora